07 AGO. 2025 - 12:56h Burdin Egunaren 17. edizioa hartuko du Urdaxek larunbatean Larunbatean (hilak 9) burdinaren inguruko tradizioak Urdazubiko kaleak beteko ditu, kultur jarduera ezberdinak eskainiz. Artisautza azoka egingo dute, baita forja erakustaldia eta mineralez kargatutako burdien antzinako ohituraren antzezpena ere. Zikiroa dute bazkaltzeko, eta dantzagarriak ondoren. Zikiroa, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GAUR8 Burdinaren inguruko tradizioak Urdazubi herriko kaleak hartuko ditu larunbatean, Burdin Egunaren 17. edizioan. Jarduera ugari dago baina burdin minerala idi gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidearen antzezpena izango da programazioaren plater nagusietako bat. Egitarau zabala iragarri dute. Artisautza azoka izango da herriko plazan, zikiroa, forja erakutaldia eta musikarien animazioa herriko kaleetan. Angel Elizalde soinujolearen eta Mariachi ‘Gavilanes’ taldearen esku etorriko da dantzaldia arratsaldean.Umeentzako puzgarriak, itsasontziak eta joko sorta zabal bat egongo dela aurreratu dute. Forja erakustaldia Brun anaiek eskainiko dute 10.00etatik aurrera, eta 11.30ean, burdin mineralaren segizioa egingo dute. Burdina idi gurdi batean garraiatuko dute Axularretik plazaraino.Eguerdi aldera, minerala Monasteriora heltzen denean, «olagizonek aztertuko dute eta abadeak Plentziako benakeroei ordainduko die».Antzezpenaren ostean, zikiroa dastatuko dute frontoian egingo duten herri bazkarian, eta 17.00etan, Mariachi ‘Los Gavilanes’ taldearen emanaldia izango da. Ordubete beranduago, dantzagarri gehiago izango dute Jose Angel Elizalde soinujolearekin. Nabarmendu dutenez, «egun osoan zehar animazioa eta musika edukiko ditugu, eta Monasterioa, kobazuloak, Trikuharry, natura interpretatzeko zentroa, Errota... bisitatzeko aukera ere izango dute ekitaldira bertaratzen direnek».