17 AGO. 2025 - 00:00h Gaur urte bat hil zen Helen Fisher, maitasuna ikertu zuen biologoa Helen Fisher antropologo eta neurobiologo estatubatuarra gaur urtebete hil zen endometrioko minbizi baten ondorioz. Maitasunean, sexuan eta pertsonen arteko harremanetan aditua, hiru garun sistema antzeman zituen bikote harremanetan: maitasun erromantikoa, erakarpen sexuala eta kariñoa. Helen Fisher, 2008an. (WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga Zergatik maitemintzen gara? Zergatik erakartzen digu honek eta ez beste batek? Hiru hamarkadatan zehar, maitasuna zientziaren mikroskopiopean jarri zuen Helen Fisher (New York, 1945eko maiatzaren 31 - 2024ko abuztuaren 17a) neurobiologo eta antropologoak. «Historian zehar, gizakiok gai izan gara maitasunezko abestiak konposatzeko, maitasunagatik kantatzeko, maitasunagatik dantzatzeko. Maitasunagatik bizi eta hiltzeko», aipatu zuen. Zer gertatzen da, orduan, gure garunean? Bera da munduan hura aztertzen denbora gehien eman duen pertsona. 90eko hamarkadaren amaieran, 49 gizon-emakumeri garuneko eskanerrak egiten hasi zen. Ordutik, 80 gizartetan baino gehiagotan ezkontza eta dibortzioa, adulterioa 42 kulturatan baino gehiagotan eta monogamia-ereduak eta abandonu-ereduak ikertu ditu. Atera zituen ondorioen arabera, giza garunak hiru garun sistema garatu ditu bikote harremanetan: maitasun erromantikoa, erakarpen sexuala eta kariñoa, edo atxikimendua. «Maitasuna sentimendu horietako edozeinekin has daiteke, eta gure garuneko konexioen bidez azaldu daiteke», gehitu zuen. Bartzelonan eman zuen hiltzaldi batean maitasuna itsua ote den galdetu zitzaionean, hau erantzun zuen: «Maiteminduta gaudenean, desaktibatu egiten da beldurrarekin eta alertarekin lotzen den garunaren eremua. Erotuta egongo bagina bezala». Maitasunarekiko eszeptikoa ote zen orduan?: «Bai, zera, hain erromantikoa da!», erantzun du irribarre batekin. «Hiru sentipen horiek beharrezkoak dira: sexu desira garatu zen balizko lagun batzuen bila joan gintezen; maitasun erromantikoa sortu zen gure parekatze energia guztia pertsona bakar batengan kontzentratu ahal izan genezan garai zehatz batean; eta kariñoa agertu zen gai izan gintezen pertsona horrekin lotura sakon bat osatzeko, seme-alabak hazi eta talde bat osatzeko», aipatu zuen. Bere libururik ezagunenak ‘Why him? Why her?: How to find and keep lasting love’, eta ‘Why we love: the nature and chemistry of romantic love’ izan ziren. Zendu baino bost egun lehenago, gai izan zen bere azken liburu baten eskuidatzia osatzeko.