GAUR8

Gaurko egunez hil zen Errose Bustintza idazle, kazetari eta etnografoa

Egun aproposa da gaurkoa Errose Bustintza Ozerin lehen lerrora ekartzeko (Mañaria, 1899-1953). Gaurko egunez hil zen duela 72 urte, minbiziaren ondorioz. Idazlea, kazetaria eta etnografoa. Ahozko tradizioaren bilketa garrantzitsua egin zuen.

Errose Bustintza (WIKIPEDIA)

Gaur bezalako egun batez pausatu zen Errose Bustintza Ozerin mañariarra, 1953. urtean. Euskal idazlea, kazetaria eta etnografoa izan zen. Eusko abertzale sutsua izan zen (Emakume Abertzale Batzako kide) eta euskaltzalea.

Erroseren gurasoak Felix Bustintza Lasuen, harrigilea, eta Marzelina Ozerin Arriaga izan ziren, biak mañariarrak. Etxanoa baserrikoa zen aita eta Arriaga Bekoa (Arrixa Bekue) ama. Gordetzen diren jaiotza-agirien arabera, 6 neba-arrebatan gaztena izan zen bera eta Arrueta auzoan jaio zen. Erroseren bizitzaz ez dago datu larregirik. Mañarian jaio, bizi eta hil zen. Ebaristo Bustintza, Kirikiño idazlearen iloba eta ezkonarreba izan zen (Erroseren Basile ahizpa honen emaztea zelako) eta bikotearekin familiarena izandako Zumelaga etxean bizi zen.

‘Euzkadi’ egunkarian hasi zen kolaboratzen, herriko gertakari xumeak jasoz, baina ez zituen bere kronikak sinatzen. 1929an sinatu zuen bere lehen idazlana, Kirikiño zendu zenean eta hain justu honen heriotzaren berri emateko. ‘Mañariko Errose’ edo ‘Mañariko’ hartu zituen izen-ordekotzat. Herrian baina Rosale bezala ezagutzen zuten, eta gogoratzen dute.

Anaien arteko 1936ko gerra baino lehenagoko abertzale mugimenduaren parte izan zen, eta Emakume Abertzale Batzako kide. Gerratean, hasieran ‘Eguna’ egunkariko kolaboratzailea zen eta ihes eginda Bartzelonan zela, ‘Euzkadi’ egunkarira bidaltzen zuen egunero bere kronika. Gerora ama Martzelina, eta Basile eta Irene ahizpekin erbesteratu egin zen, Donibane Lohitzun eta Baionara.

Gerra bukatuta Mañarira itzuli eta ahizpa biak Zumelagan bizi ziren elkarrekin. Basile olerkigintza generoan arituko zen ere, baina bere burua ez erakuste arren, olerkiok ez zituen sekula bere izenarekin agertzerik nahi izan.

Errose ezagutu zutenek pertsona zintzo eta elizkoi gogoratzen dute. Irakurriz eta idatziz, gustuko zuen horretara dedikatzeko aukera izan zuen emakume kultutzat duenik ere bada. Gazte jendearekin mendira joatea eta paseatzea gustatzen zitzaion, eta herriko nagusiekin ipuinak eta kontakizunak partekatzea. Berak idatzita laga zuen bezala, “…erriko atso-agura guztiakaz adiskide andi egin nintzan. Arekandik amaikatxo gauza on eta eder entzun neban”. Baserriz baserri ibiltzen zen, idazteko beharrezko tresnak hartuta, edadetuen ahotik jasoz elezahar, dantza-koplak, herri-otoitzak, esaera zahar eta baladak. Dantza-kopla sorta ugariena berak batutakoa da ezbairik gabe.

Errose leuzemiak jota hil zen, 1953ko abuztuaren 20an, Zumelaga etxean eta 54 urte egin aurretik Jaioterriko kanposantuan dago lurperatua.