05 SET. 2025 - 11:25h «Borrokak ematen du bizitzeko poza, brilloa begietan» Arantza Arruti militante abertzale eta feminista hil da. Umoretsua, errebeldea eta karisma berezikoa, kontalari aparta izan da. Haren bizitzaren eta pentsamenduaren testigantza moduan, Info7 Irratian (2016) eta Iratzar Fundazioari (2020) esandakoetatik pasarte batzuk aukeratu ditugu. Arantza Arruti 2015ean egindako elkarrizketa batean. (Andoni CANELLADA | FOKU) Iraitz Mateo eta Mikel Urdangarin Pertsona baten historia jakiteko, nik jakin nahi dut non jaioa den eta noiz, bere istorio pertsonala momentu historiko batean eta leku batean kokatzeko. Ni zarauztarra naiz, Zarautzen jaio nintzen, langile baten alaba naiz. Langileak ginen eta abertzaleak. Zoritxarrez, eskola asko ez zeuden eta mojetara joan nintzen. Mojek aberatsen alabak maite zituzten, euskaraz egiten genuenak eta pobreen alabak ez ginen batere preziatuak. Beraiek jakin gabe, hala ere, niri asko erakutsi zidaten, denok ez ginela berdinak: aberatsak zeudela, pobreak zeudela… Eta klase kontzientzia hartzeko balio zidan, nik adin horretan ez nion izenik jartzen, baina orain bai, eta asko lagundu zidaten euskara gehiago maitatzen, baita diferentziak ikusten ere. Ordutik nire errebeldia txertatuta zegoen nire bihotzean eta nire buruan, eta gaztetan beti ibili naiz eremu euskaldun eta abertzaleetan, antzerkiak egiten, mendiko irteerak… Zarautzen, eremu horretan mugitzen nintzen. Niri beti gustatu izan zait ikastea, mundua nolakoa den jakitea. Nik medikuntza ikasi nahi nuen, baina nire etxean ez zegoen dirurik eta orduan eskola bukatu nuenean au pair Parisera joan nintzen. Hamazazpi urterekin iritsi nintzen eta niretzat askatasuna izan zen, beste mundu bat: bretoiak ezagutu nituen, haiek ere abertzaleak ziren, eta gauza pila bat ikasi nuen. Mundu osoko ikasleak zeuden, kolore guztietakoak, beltzak, marroiak, horiak… eta ni denekin ibiltzen nintzen. Eta nik denei kontatzen nien euskalduna nintzela, zapalduta zegoen herri batekoa nintzela… Txapa hori denei kontatzen nien, gauzak bere tokian uzteko. Asko ikasi nuen Parisen, eta gero Londresera joan nintzen; au pair han ere bai. Londres askoz ere internazionalagoa zen, errefuxiatu politikoak ezagutu nituen eta han denbora asko pasatu nuen. Hor konturatu nintzen nire pertsonaren, nire buruaren ardura nirea zela, eta jada ezin niela nik egiten nuenaren errua besteei bota; nire bizitzaren ardura nik hartu behar nuen. Oso momentu zentrala izan zen nire bizitzan. Londresetik bueltan Parisen geratu nintzen beste lagun batekin eta hor ezagutu genuen ETAko batzordea, errefuxiatuta zeudenak. Jada gutxi zeuden, baina hiru edo lau bazeuden. Guk ETA zer zen arrastorik ere ez genuen, abertzaleak bai, baina… Bi edo hiru hilabete beraiekin pasatu genituen Parisen. ETAKO KIDE Nik 19-20 urte izango nituen eta ETArekin konprometituta etorri nintzen. Denak banatuta zeuden; batzuk Parisen, besteak ez dakit non… Horrela, ETAk ez zuen funtzionatzen, existitzen zen, baina ez zuen funtzionatzen. Ni Zarautzera etorri nintzenean, gurasoen etxera bueltatu nintzen eta nire konpromiso txikiak hartuak nituen. Burgesia ez zitzaidalako batere gustatzen sartu nintzen ETAn. Pobreak zapaltzea ez zitzaidan batere gustatzen, eta gutxiena, umeak gaizki tratatzea. Ikusi nuen ETA izena zuen jende horrek ideiak argi zeuzkala eta agian horiekin borroka eginda, lortuko genuela mundua aldatzea. Begira ze ametsak: mundua aldatzea! EMAKUMEEN EGOERA Gizartea oso matxista zen orduan ere, eta borrokan ikusten ziren borrokalariak, denak gizonak ziren. Orain dela 60 eta 70 urte emakumea ikusezina zen. Ez zeukan ez izenik, ez abizenik, ezta estatus sozialik ere. Ezkonduta egon behar zuen eta hori zen bere rola. Hortik dator neskazaharraren titulua. Gu, emakumeak, borrokan sartu ginenean hasi zen emakumea, gutxienez, izenak eta abizenak edukitzen. Niretzat gauza inportanteenetako bat hauxe zen: batzuk kritikatuak izango ginen, eta beste batzuk ez, baina borroka politikoan hasi ginenean, emakumeak ikusgarri egin ginen gizartean. ATXILOKETAK, TORTURA Lehenbiziko atxiloketa sekreten bidez izan zen eta gero, “la niña de la Guardia Civil” izan nintzen. Kristoren kariñoa zidaten: nire bizitzari buruz jarraipena egin dute... Nire garaian Guardia Zibileko kide haiek ez zekiten galderak egiten ere. Inor salatu gabe nahiko ondo defendatu ginen. Izan ere, egiten zuten galdera, eta ez bazuten erantzuten, kristoren letxea ematen zuten, baina ez zekiten psikologikoki zu nahasten. Pixka bat aguantatzen bazenituen hasierako kolpeak, orduan ez zekiten pertsona itotzen. Geroago, ikastaroekin, ikasi egin zuten. Gure garaian tortura oso primarioa zen. Itziar Aizpurua, Mertxe Agirre, Arantza Arruti eta Jone Dorronsoro, hurrenez hurren. (EUSKAL MEMORIA FUNTSA) Espetxeetan ibilbide luzea egin nuen. Tolosan atxilotu ninduten eta aurrena udaletxeko gelan egon nintzen, mozkorrak egoten ziren lekuan. Eta gero, aurpegia eta txukun neukala ikusi zenean, Martutenera pasatu ninduten. Martutenen mojak zeuden, eta gure zaintzailea torturatzaile bat zen. Niretzat, beti esan dut, heriotza baino askoz okerragoa da tortura. Nik nahiago dut nirekin tiro batekin bukatzea, torturatzea baino. Tortura da pertsona bati egin dakiokeen gauzarik txarrena. Urteak pasatu dira, eta mantendu egiten dut iritzi hori. LIBERAZIOA NAFARROARA Kartzelatik atera eta bi hilabetera nik ere hanka egin nuen, ezin bainuen aguantatu. Orduan Donostiako etxe batean ezkutatu nintzen, eta Txabi Etxebarrietak esan zidan: “Oye chata, ya tienes dos sumarios, el primero y éste. Entonces, ¿qué vas a hacer? ¿Te vas a ir a Paris a estudiar la revolución en 14 tomos distintos o te quedas con nosotros?”. Eta esan nion geratu egingo nintzela. Horrelaxe liberatu nintzen 20-21 urterekin, eta tokatu zitzaidan Nafarroara joatea. Horregatik dauzkat horrelako amodioak Nafarroarekin. Oso jende ona zen, ez zegoen ezer eta gauzak lortu ziren langile mugimenduarekin, abertzale munduarekin… Jada armatuta nengoen Iruñera joateko. Arma ez zen inor akabatzeko, baizik eta norbaitek eraso egiten bazidan, nire burua defendatzeko. Garai hartan ETAk arma hala erabiltzen zuen. Oso gustura nengoen ni Iruñean, baina “busca y captura”-n nengoen eta harrapatu egin ninduten. IHESALDI SAIAKERA Nire bikotekidea zena nirekin batera sartu zen. Bera legala zen, eta berak esaten zuen nirekin maiteminduta zegoela, baina ez zekiela nik ze bizimodu egiten nuen: “Ay, yo la quiero, la quiero”, baina ez zekiela ezertxo ere. Eta orduan periodikoak hasi ziren ateratzen: “Una terrorista de ETA ha conseguido medio-casarse con un intelectual de Bilbao, de buena familia”. Eta bera hilabetez eduki zuten barruan eta kanpora atera zen. Pentsatzen zuten Mata Harik hura konkista zuela, eta horretan geratu zen [barrez]. Baina hilabete horretan barrura begiratu eta ikusi zuen bazegoela kartzela saltatzea eta ni ateratzea. Eta orduan etortzen ziren Izko, txiki-txikia, eta nire bikotekidea, Goyo, handi-handia, larunbatetan nirekin komunikatzera. Anaiak bezala pasatzen ziren. Txikerrak esan zuen baldintzak bazeudela. Errege bezperan nik egin behar nuen moja bat lotu eta komunikazioko atetik irten. Mutilak guardiari gainera joan zitzaizkion, baina nire bikotekideak ez zuen asmatu. Gero tiroka hasi ziren, eta bi mutilak atxilotuta eta ni han barruan gelditu nintzen. Pertsonalki igual kartzelako garai gogorrenetakoa hura izan zen. Hainbeste tiro jo zuten, ez nekien bi mutilak hilda zeuden. Inork ez zidan esplikaziorik ematen... Gero Madrilen enteratu nintzen zer pasatu zen. Hori da “El asalto de Romeo y Julieta”. BURGOSKO PROZESUA “La gran caida” deitu zitzaion, ETAko zuzendaritzako ia guztiak erori zirenean. Ni hori baino lehenago atxilotu ninduten Iruñean. Iruñetik Madrilera pasatu ninduten eta gero hortik Alcala de Henaresera, eta han elkartu ginen hiru neskak, gero Burgosko prozesuan egongo ginen hirurak [Itziar Aizpurua, Arantza Arruti eta Jone Dorronsoro]. Gu konturatu ginen mutilak oso informatuak zeudela. Ez zen lehen aldia, matxismoa garai hartan ere praktikatzen zen. Abokatuak mutilak bisitatzera askoz gehiago joaten ziren neskengana etortzen zirena baino. Guregana etortzen ziren epaiketaren bat bagenuen, hura prestatzeko. Orduan abokatuek gurekin ez zuten ia batere prestatu Burgoskoa. Mutilekin prestatu zen, gurekin ez. Emakume bezala hori azpimarratu nahi nuke, orduan ere diferentzia zegoela. ... Hiru neskak gela txiki batean geunden kristoren hotzarekin, elkarrekin bi ohetan egiten genuen lo, eta alde batetik, ilusioarekin ginen eta bestetik, izugarrizko beldurrarekin. Arrazionalki ikusten genuen oso garrantzitsua zela, baina emozionalki izugarrizko beldurra genuen. Epaiketa-gelara oso harro joaten ginen denok, faxismoa menperatuko genuen itxaropenarekin, gurekin ez zutela ezer lortuko uste genuen. Ikusi genuen epaiketa zein ondo antolatuta zegoen eta nola abokatuak prest zeuden guk nahi genuena esateko. Nazioartean arrakasta izan genuen eta mundu guztia gure alde jarri zen. Eszitazioz beteriko egunak izan ziren, beldurra genuen alde batetik, baina bestetik, oso harro sentitzen ginen. Ni pribilegiatu sentitzen nintzen, ez nik ez nire bikotekideak ez genuelako “pena de muerte”. Jonek gizona eta anaia zituen, eta Itziarrek, gizona… Hirurok egiten genuen negar puska batean eta hantxe egoten ginen ea zer gertatuko. Abokatuak pasatzen ziren gu ikustera eta sententzia atera zenean munduko zoriontsuenak ginen. ... Guretzat Burgoskoa izugarrizko emaitza izan zen. Mundu guztiak jakin zuen Euskal Herria existitzen zela, gure borroka munduan zabaldu genuen. Gainera, Estatu espainolean ETAren borrokak asko murriztu zuen faxismoa, eta ez zen hala izango Burgosko epaiketatik ez balitz egon. Parametro asko aldatu zituen: identitate bat eman zion munduari, eta gauza asko gehiago. Sozialistak, internazionalistak... dena aldarrikatu genuen eta emakumeena ez genuen aipatu ere egin. Nik hori daukat hemen [bihotza seinalatu du] sartuta. Baina jakin egin behar da zein momentu historikotan zauden eta zergatik gertatzen diren gauzak. Ni joaten naizen leku guztietara aipatzen dut emakumeen askatasuna eta berdintasuna aldarrikatu behar dela, ez dadin berriz gertatu; ze iraultza feminista izango da edo ez da egongo iraultzarik. Arantza Arruti 2015ean, EHBilduk Zarautzen egindako ekitaldian. (Gorka RUBIO / FOKU) BORROKA FEMINISTAZ Ez naiz amargatu bat, kabreatutako emakume bat izan feminista naizelako, ze esaten zuten denak itsusiak ginela eta bibotea genuela. Biolentzia handia dago, mundua ez doa bide onetik, eta benetako iraultza bat egin nahi badugu, feminismoa aldarrikatu behar dugu izkina guztietan, eta militatu ere horretan egiten dut. ... Feminismoa estrategikoa da. Ez da taktikoa, ez transbertsala, ni letxes. Gizartea patriarkala da, eta gure borrokaren erdi-erdian ez badago gizarte antipatriarkala, ez baldin bagaitu denok berdintzen, gureak egin du. Nik ez dakit sozialismoa praktikan dagoen mundu honetan, baina bere buruari sozialista deitu dioten gizarteen artean ez dago emakumearen problematika planteatu eta konpondu duenik. Gu, Aizan!-ekoak, KASetik bidali gintuzten, kontraesan handi hori KASek ezin zuelako asumitu, gizartea ez zegoelako prestatuta. Kuban izan nintzen eta kubatarrek esaten zidaten: “Emakume bezala ez badituzue zuen eskubideak planteatzen eta borrokatzen, izorra hadi!”. Aljeriako Askapen Nazionaleko Frontean ere gauza bera esaten zidaten. “Borroka egin eta borroka hau gainditzen dugunean, zuek libre izango zarete pertsona bezala...”; hori ez da eman. Orain planteatu behar da praktikan. Baina ez Aizan!-ekin eta planteatzen genuen bezala, sistemaren barruan eta ea zuek [gizonak] hezten zareten. Ez, ez. Aldatu egin behar dira alderdien egiturak, gizartearenak, parte hartzea kalean... Gizonak erretiratu pixka bat eta guk sartu behar dugu. Bestela, ez dago ezer egiterik. BIZIPOZA, LAGUNAK Burgosko hiru neskak bizirik gaude, eta hirurok militatzen dugu ezker abertzalean, gu ez gara desbideratu. Hori harro esaten dut. Desilusioa ere asko dago. Nik, aldiz, sinetsi egiten dut, eta gainera, ilusioa ematen dit aktibo eta koherente izateak, niretzat gauza ederrak direnak denentzat zabaldu ahal izateak. Bizitzeko gogoa ematen dit horrek, gustura nago defendatzen ditudan gauzekin, niri bizitzeko eta indarra izateko poza ematen didate. Oso gustura bizi naiz nire bizitzatxoarekin, beste munduko gauzarik egin gabe, baina nire koherentziaz, nire lagunak, jendea eta idealak mantenduz… Ze ederra den hori! Guk jarraitu egingo dugu. … Ni baikorra naiz. Eta gainera, nire kideak nahiko katxondoak dira: ez dira jende tristea, ez gara “de esos muermos puristas”. Borrokak ematen du bizitzeko poza, brilloa begietan. Eta gainera, lagun onak dauzkagu. Denak merezi izan du.