09 SET. 2025 - 11:14h Gaixotasuna eta zahartze azeleratuaren zantzu goiztiarrak antzemateko erloju berri bat Gaixotasuna eta zahartze goiztiarra detektatzen lagundu dezakeen erloju metaboliko berri bat garatu du CIC bioGUNE zentroko ikerlari talde batek. Odol analisi baten bidez «paziente baten osasun egoeraren ikuspegi osoagoa» lor daitekeela azaldu dute. Hainbat gaixotasun detektatzeko tresna garatu du CIC bioGUNEko ikerlari talde batek. (CIC bioGUNE | EUROPA PRESS) GAUR8 BRTAko kide den CIC bioGUNE zentroko zientzialari talde batek zahartze metabolikoko erloju bat garatu du, odol-analisi baten bidez gaixotasunaren eta zahartze azeleratuaren zantzu goiztiarrak detektatzen lagundu ahal izateko.Jose M. Mato irakasleak, zentroko zuzendari nagusiak, eta Oscar Millet Doitasun eta Metabolismo Medikuntzako Laborategiko arduradunak gidatutako talde honen lana ‘Metabolic Health and Disease’ aldizkarian argitaratu berri da.Zahartze erloju metaboliko honek gaixotasun-zantzu goiztiarrak detektatzeko eta zahartze prozesuari jarraitzeko modu berri bat eskaintzen du, odol analisi ez-inbaditzaile baten bidez.Erresonantzia magnetiko nuklear bidezko metabolomikan oinarritzen da tresna, odolean dauden molekula txikiak aztertzen dituen teknologia. Ikasketa automatikoko algoritmoen laguntzarekin, taldeak pertsona baten adin biologikoa aurreikusten duen eredu bat sortu du, adin kronologikoa baino osasun egoeraren adierazle zehatzagoa. Azterketaren zati bat EAEnErlojua Akribea kohortean parte hartu duten 13.500 pertsona baino gehiagoren datuak erabiliz garatu da. Akribea eskala handiko osasun-azterlana EAEn egin da, Mondragon Korporazioarekin lankidetzan. Guztira, azken datuen multzoak 20.000 partaide inguru izan ditu, hainbat adin taldetakoak. «Gure helburua zen adinaren neurri independente bat lortzea, pasaporte baten informaziotik haratago», azaldu du Milletek. Adierazi duenez, ikerketa honen garrantzia honako honetan datza: espazio metabolikoaren barruan adin kronologikoaren eta adin metabolikoaren arteko desberdintasunek gaixotasunaren markatzaile goiztiarrak adieraz ditzakete. Ikertzaileek erlojua erabili zuten gaixotasun desberdinak zituzten pertsonen odol laginak aztertzeko, eta, adibidez, prostatako minbizia zuten pazienteen kasuan, batez besteko adin metabolikoa adin kronologikoa baino ia bost urte handiagoa zen, eta, disfuntzio metabolikoari (MASLD) lotutako gibel koipetsua zuten pertsonen kasuan, aldea are handiagoa zen, 14 urtetik gorakoa. Adin biologikoa iragartzeaz gain, lantaldeak garatutako plataformak 25 parametro kliniko estandar baino gehiago kalkula ditzake, hala nola hantura-mailak edo giltzurrun-funtzioa, odol-lagin bera erabiliz. Horrek, CIC bioGUNEren arabera, aukera eman liezaieke medikuei «proba bakarra eta ez-inbaditzailea duen paziente baten osasun egoeraren ikuspegi osoagoa» lortzeko.