11 SET. 2025 - 11:17h Gueñes, 65 urte betetzen dituen Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketa hartzeko prest Gueñesek paperezko soinekoen pasarela zabalduko du larunbatean, 65 urte betetzen dituen lehiaketa ikusgarria hartzeko. Hogei lan inguru izango dira aurten eszenatoki gainean, Euskal herrikoak eta kanpotik etorritakoak ere. Gueñeseko lehiaketa ezgaunaren aurreko edizio bat, irudian. (GUEÑESKO UDALA) GAUR8 Gueñesko Arenatzarte Parkeak sormen eta talentuaren pasarela bitxi bat hartuko du larunbatean. Bertan ospatuko dute Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketa ezaguna, aurten 65 urte betetzen dituena.Iluntzean abiatuko da ekitaldia eta ez da pasarelara mugatuko, Demode Quartet taldearen emanaldia ere izango baita. Gainera, sei hamarkada eta erdiko historian sarituak izan diren soineko enblematikoak izango dira Gueñesen. Aurreratutakoaren arabera, 20 inguru izango dira parte hartuko duten sortzaileak, haur eta helduen kategorietan, eta ez herrikoak bakarrik. Karrantza, Zalla, Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Bilbotik etorritako partaideak izango dira, eta Euskal Herritik kanpokoak, zehazki, Kantabria eta Tarragonako Amposta udalerritik helduta.Alex Sevilla Furones kazetariak aurkeztuko du ekitaldia, eta izen ezagun gehiago dago, era berean, epaimahaian. Aurten, Borja Hernandez Urrutxurtu diseinatzaile eta ekintzaile getxoztar gaztea izango da epaimahaikideetako bat, Begoña Garcia Pazos josketa irakaslea eta lehiaketako ohiko partaidearekin batera etaJuan Antonio Andrade Balmasedako jostun ezaguna eta Bizkaiko Maisu Jostun eta Artisauen Elkarteko presidentea. Desfilea eserita jarraitzeko sarrerak 2,5 euroan daude eskuragarri webgune ofizialean (www.vestidosdepapel.com) eta Gueñes eta Sodupeko Kultur Etxeetan, irekiera-ordutegian. Zutik jarraitzeko sarrera, berriz, doakoa izango da.Bildutako diru guztia Paperezko Soineko Elkartea babesteko erabiliko da, tradizio horrek etorkizuneko belaunaldiak inspiratzen jarraituko duela ziurtatuz. Edizio honekin, Gueñesko Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketak «artea, moda eta jasangarritasuna lotzen dituen erreferentziazko ekitaldi» gisa duen posizioa berresten du, 65 urteko historia, tradizioa eta sormena ospatuz.