13 SET. 2025 - 00:00h Afrikar idazleek bertako hizkuntzetan idaztearen aldeko bultzatzailea hil da Maiatz amaieran hil zenetik, Ngugi wa Thiong’o idazlearen aldeko omenaldiak munduko txoko askotan izan dira. Sorterriko Kenyan, Afrika osoan eta mundu zabalean goraipatu dute kolonialismoaren aurkako idazkietan hizkuntza kolonialak utzi eta beren mintzairak erabiltzera deitu zituen literaturagilea. Ngugi wa Thiong’o, 2012. urtean, Munichen. (Wikimedia COMMONS / PUBLIC DOMAIN) Urtzi Urrutikoetxea Afrikako hizkuntzen kontalaria izan da Ngugi wa Thiong’o. Kontinente horretako literaturaren erraldoietakoa izan da, bere literatur lanengatik, bistan da, baina baita bere ideia eta proposamenek utzi duten arrasto luzeagatik ere. Sasoi honen inguruan, irail-urrian, Nobel sarietarako kinielak hasten diren garaian, behin eta berriz aipatu da Ngugi wa Thiong’o-ren izena. Eman izan baliote, ez zen Afrikako lehen saritua izango, baina, bai Saharaz hegoaldeko hizkuntza batean idazten zuen estreinakoa. Orain artekoek arabieraz edo ingelesez idatzi dute. Une honetan, Ngugi wa Thiong’o gabe, ez dago literaturako kiniela nagusietan ageri den ospe handiko idazlerik Afrikako hizkuntzen artean. Aurten jorubera, swahili, zuluera edo woloferazko idazle bati ematea ustekabeko erraldoia litzateke. Beharbada hori bezain garrantzitsua, edo are garrantzi handiagoko zerbait hasi da indartzen: kikuyu hizkuntzako idazlearen arrastoari jarraituko dioten idazleen eskola gero eta luzeagoa. AEBetako Georgian hil zen idazlea, eta bertako hiriburuan, Atlantan, egin zioten omenaldi berezienetako bat. Eskubide zibilen eta afro-amerikarren borrokaren memoriako oso gune berezi bateko arte galeria da aKazi ATL, Auburn etorbidean, Martin Luther King-en sorleku eta hilobitik hurbil. Ngugik behin baino gehiagotan azaldu zion miresmena AEBetako herritar beltzen borrokari: «Afro-amerikar herriaren erresistentzia historiako erresistentzia istorio handienetako bat da. Baldintza gogor horien guztien aurka gai izan zirelako... sistema linguistiko berri bat sortzeko, eta hortik sortzen dira espiritualak, jazza, hip-hopa eta beste hainbat gauza». Atlantako omenaldian Wanjiku wa Ngugik, idazlearen alabak, aitak idatzitako pasarte kutunetako bat irakurri zuen: «Hizkuntzaren borrokalari bihurtu naiz. Munduan baztertutako hizkuntzen alde borrokan ari diren beste guztiekin batu nahi dut. Hizkuntza bat sekula ez da marjinala hura sortu duen komunitatearentzat. Hizkuntzak musika tresnak bezalakoak dira. Ez duzu esaten egon daitezela instrumentu global gutxi batzuk, edo egon dadila ahots mota bakar bat, abeslari guztiek abestu dezaketena». KOLONIALISMOA Mende erdia eman du Ngugi wa Thiong’o-k bere hizkuntzaren eta Afrikako hizkuntzen alde eta bertako eliteek darabiltzaten mintzaira kolonialen aurka idazten. Bera ere ingelesez hasi zen idazten 60ko hamarkadan. Kolonialismoaren basakeriak oso txikitatik ezagutu zituen: James izen ingelesa hartu behar izan zuen, eta nekazari behartsuen familia batean hazi zen Limuru herrian. Gurasoek, zertxobait aurreztuta, barnetegira bidaltzea lortu zuten; handik itzuli zen batean, herria erabat txikituta aurkitu zuen. Atxilotze-guneetara eraman zizkioten familia eta herrikide guztiak, 1950eko hamarkadan Mau Mau matxino independentistak zapaltzeko Londresek erabilitako estrategian. Gitogo anaia ere hil zioten britainiar soldaduek: gorra zen, eta ez zituen aginduak entzun. Ugandako Makere unibertsitatean ikasle zela, Chinua Achebe nigeriar idazle ospetsuari (“Gainbehera dator dena” eleberria Afrikako literaturan salduenetakoa da oraindik ere) bere eleberri baten eskuizkribua eman zion. “Weep Not Child” edo “Negarrik ez, haurra” nobelak berehala lortu zuen arrakasta, eta ondorengo hamarkadan ospe handia eskuratu zuen Thiong’ok, ingelesez idazten. Baina, Ugandako hiriburuan zeuden eztabaida literario eta politikoen erdian, Ngugik kontraesana nabari zuen. Afrikako literatura definitzeko saiakera bat zen, baina bertan ez ziren swahili, zuluera edo amhareraz lanean ari ziren poetak eta eleberrigileak. Obi Wali kritikari nigeriarrak adierazi zuen benetako Afrikako literatura afrikar hizkuntzetan bakarrik idatz zitekeela. Hizkuntza kolonialetan idatzitakoa, gehienez ere, Europako literaturaren adar txiki bat baino ezin zen izan. «Jorubera ikasleak, adibidez, ez du antzezlanik bere hizkuntzan eskuragarri, Wole Soyinkak ez baitu jorubera egoki ikusten», idatzi zuen Walik. Gerora Nobel saria eskuratuko zuen Soyinkak haserre erantzun zion, ea zergatik ez zizkion bere lanak igbo hizkuntzara itzuli. Ngugi, berriz, aitortu zuenez, aztoratu egin zuen eztabaida hark. «Krisian sartu nintzen. Banekien nori buruz ari nintzen idazten, baina norentzat ari nintzen idazten?». Bizi osoan eman zion garrantzia hizkuntzari. 2023an bertan hau zioen elkarrizketa batean: «Agian neure kontua da. Agian oker nago hizkuntzaren gaiarekin. Ez, ez dut uste oker nagoenik». Etxean, David G. Maillu artista eta poetak jatorrizko kikamba hizkuntzan idatzi eta errezitatu ohi zituen poemak telebistan, “Ki’Kyambonie” izeneko saioan. «Ngugik entzuna zuen zerbait, eta ordurako erabakia zuen James izena kentzea eta Ngugi wa Thiong’o deitzea». 2017ko abenduaren 11ko artxibo irudi batean. (Carles TORNER / PEN CATALA) Giro intelektualetan ohikoa zen izen kolonialak baztertzea eta afrikarrak hartzea; «niri ere hala egiteko esan zidaten, baina neuk aukeratua zen neurea, bataiorako». Mailluk izena ez, baina izana bai, hizkuntzan aldatua zuen ordurako. Ngugik ikusmina zuen jakiteko kikambazko poesiak eta irratsaioak jasotako erantzunari buruz; norbere hizkuntzan idazteari zentzugabe irizten zitzaion garaia zen. «Nire komunitatearen erreakzioa erakutsi nion Ngugiri, eta gogoan dut zer galdetu nion: ingelesez idazten baduzu, noiz irakurriko du zure lanik ingelesez ez dakien zure amak?». Oso solasaldi garrantzitsua izan zen hura Ngugirentzat, eta handik gutxira David G. Mailluri esan zion bera ere kikuyuz idazten saiatzen ari zela. Frantz Fanon irakurria zen, eta ideia iraultzaileek eragin handia zuten. Kontuak kontu, “Paris Match” aldizkariari aitortu zion gerora zenbat kostatu zitzaion ingelesa utzi eta bere ama-hizkuntza literaturarako hartzea: «Kikuyu hizkuntzak badu zerbait labainkorra. Esaldi bat idazten nuen, ondorengo goizean irakurtzen nuen, eta beste zerbait esan zezakeela ikusten nuen. Beti zegoen amore emateko tentazioa. Baina beste ahots bat mintzatzen zitzaidan, kikuyuz, borrokatzeko». Duela urte pare bat, berriz, tentsio horiez gain, kikuyuz idazteak «askatasuna» eman ziola erantsi zuen, «nire ibilbidearen hasieran izan ez nuen askatasuna». Lehen lanak ingelesez idatzi izanak ere aztoratzen zuen Ngugi. «Nolatan izan nituen afrikar pertsonaia horiek guztiak, eta denak ingelesez mintzatzen jarri? Lehen liburua amak ulertzen ez zuen hizkuntza batean idatzi nuen. Eskolara eraman izana saritu nion berak irakurri ezin zuen hizkuntza batean idatziz». Ngugi wa Miriik adiskidearekin batera, “Ngaahika Ndenda” (“Nahi dudanean ezkonduko naiz”) antzezlana idatzi zuen, eta aire zabaleko antzoki bat sortu zuten jaioterriko landa-eremuko Kamĩrĩĩthũ Komunitate Hezkuntza eta Kultur Zentroan. Antzezleak jende arrunta ziren, herritar xumeak, langileak eta nekazariak hartu zituzten antzezteko, eta istorioan beharginen zapalkuntza hori salatu zuten. Haren aurretik ingelesez idatzitako “Petals of Blood” (“Odolezko petaloak”) bezala, antzezlana ere oso zorrotza zen Kenya independentean agintea hartu zutenekin; herritar arruntei bizkarra eman zien klase agintari bat erakutsi zuen. Jomo Kenyattaren erregimenak Ngugi wa Thiong’o atxilotu eta urtebetez izan zuen preso, epaiketarik gabe. Hamabi hilabete haietan komuneko paperean idatzi zuen “Deabrua gurutzean” (“Caitaani mũtharaba-Inĩ” jatorrizkoan). ERBESTEA Libre geratutakoan erbesteko bidea hartu zuen. Ingalaterrara lehendabizi, eta AEBetara, gero. Tarteka itzuli zen Kenyara; lehen aldietako batean, 2004. urtean, ostatu hartutako gelan sartu ziren ezezagunak eta gogor jipoitu zuten, baita Njeri haren emaztea bortxatu ere. Hala, bizitzako zati handi batean Kaliforniako unibertsitateko irakasle izan zen Irvinen, eta beti egin zuen norbere hizkuntzan idaztearen alde, afrikar hizkuntzetan batez ere. Chinua Acheberi ere gaztigatu zion haren hizkuntzan ez idaztea, bien arteko harremana gaiztotzeraino. Ngugi wa Thiong’o idazlea gogoratzeko Atlantan egindako omenaldia. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Baina Ngugik argi zeukan bidea: «Munduko hizkuntza guztiak badakizkizu, eta ez badakizu zure ama-hizkuntza edo zure kulturako hizkuntza, hori esklabotza da. Baina zure ama-hizkuntza edo zure kulturako hizkuntza bada, eta munduko beste hizkuntza guztiak eransten badizkiozu, hori ahalduntzea da». 1986. urtean idatzi zuen “Decolonising the Mind” (“Burua deskolonizatuz”) lanean bildu zituen hizkuntzarekiko eta kolonialismoarekiko jarrera nagusiak, eta ondorengo ia lau hamarkadetan etengabe berretsi ditu. Tarteka piztutako eztabaidetan beti jarrera argia izan zuen. Esaterako, duela urte pare bat Carey Baraka kazetariak “The Guardian”en galdetu zion Kenyako edo Nigeriako ingelesak ez ote ziren, ordurako, «bertako hizkuntzak». Idazleak zalantzarik gabe errefusatu zuen ideia hura: «Ingelesa ez da afrikar hizkuntza. Ezta frantsesa edo espainiera ere. Normalizatutako anomalia bat da. Kolonizatuak kolonizatzailearen hizkuntza aldarrikatzea esklabotzaren arrakastaren seinale da. Oso lotsagarria da». Espetxeak betiko markatu zuen, eta beste idazle batzuen defentsari ere ekin zion. PEN Internationalen ohorezko presidenteorde bihurtu zen. Garai hartan idazkari nagusi -eta egun bera ere presidenteorde- zen Carles Torner idazle katalana behin baino gehiagotan bildu zen berarekin. «1996an ezagutu genuen elkar Bartzelonan, Hizkuntza Eskubideen Munduko Konferentzian, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala idatzi zuen kontseilu zientifikoko kide aktibo eta sutsua zelako». Gogoan dituen anekdoten artean, 2017ko abenduan Kaliforniako Unibertsitatean bisitatu zuenekoa dago: eskaera egin nion PENeko Idazle Espetxeratuen Batzordearen bilerara etortzeko Norvegiara, eta ez zuen une batez ere zalantzarik izan hitzaldi nagusia emateko, babesa behar duten idazleen defentsan. Esan zidan: “PENek nire alde egin zuen kanpaina espetxean nengoenean. Badakit esperientziaz zein garrantzitsua den». Horren aurretik, 2016an, PENen Kulturaren Oxigenoa txostenaren hitzaurrea idatzia zuen, Afrikako hizkuntza nazionaletan argitaratzeko dei eginez. «Taxian, txostena aurkezteko bidean, Ngugik behin eta berriz begiratzen zion txostenari: apur bat irekitzen zuen, finko begiratzen zion, gero berriro ixten zuen, eta gero bere begi goxoek niri begiratzen zidaten. Hirugarren edo laugarren aldian egin zuenean, haur jostalari baten antzera, irribarre egin zuen eta aitortu zidan: ‘Ezin diot begiratzeari utzi: ingelesezko nazioarteko txosten batean kikuyu hizkuntzan hitzaurrea!’», dio Tornerrek. Bartzelonan, 2018ko martxoan memoriak aurkeztu zituen, eta kolonialismoari eta Afrikako gerrei buruz mintzatu zen. (EUROPA PRESS) Behin baino gehiagotan egon zen Ngugi wa Thiong’o Bartzelonan, eta harreman bereziak landu zituen Katalunian. Duela bost urte, Jordi Cuixarti idatzi zion, «niri idatzi zidan preso politikoari. Hari helarazi, baita nahi duzuen guztiei ere. Edo, hobeki, zuen hizkuntzetara itzuli eta helarazi mundu guztiari». Garazi Arrulak euskaratu zuen ingelesetik “Iluntasunaren goiz alba”. Hala dio pasarte batek: «O, nahi nuke orain poesia ingelesez idatzi, / edo zuen hizkuntzetako edozeinetan eta guztietan / zuekin konpartitu ahal izateko / Wanjikũ nire kikuyu amak esandako hitzok: / Gũtirĩ ũtukũ ũtakĩa. / Ez da hain gau ilunik / goiz alban bukatzen ez denik. / Edo, sinpleago, / gau oro goiz alban da bukatzen. / Gũtirĩ ũtukũ ũtakĩa. / Iluntasun hau ere bukatuko da./ Elkartuko gara beste behin eta beste behin, /eta mintzatuko iluntasunaz eta goiz albaz, / itzuliko dira kantuak, barreak eta besarkadak ere bai agian”. 2019an jasotako Linguapax erakundearen Catalonia literatura-sarian, kikuyu hizkuntzan egin zuen hitzaldia. Asteotan Atlantan, Nairobin eta Ngugi wa Thiong’o-ri egindako omenaldietan aipatu den ideia nagusia ere hizkuntzarekin lotuta egon da. «Ingelesetik kikuyuaz idaztera mugitzea ez zen soilik hizkuntza aldaketa izan; ekintza politiko bat eta bere burua definitzeko ekintza bat ere izan zen», azpimarratu zuen Miriam Maranga-Musonye Nairobiko unibertsitateko irakasleak, esaterako. HIZKUNTZA Martha Karua giza eskubideen aldeko ekintzaile eta Kenyako Justizia ministro ohiak apirilean bisitatu zuen idazlea: «Ngugik irakatsi zigun hizkuntza boterea dela eta norberaren ama-hizkuntzan hitz egitea ez zela atzeranzko ekintza, matxinada baizik. Erakutsi zigun errepresiopean idaztea, irakastea eta antolatzea edozein kargu politiko baino lidergo handiagoa zela». Hizkuntza oinarrizko elementu bihurtu zuen Ngugik, bere aipu ezagunenetako batean jaso zuen legez: «Suziri bat espazio zabalera jaurti nahi duzunean, oinarria indartsua eta sendoa izatea ziurtatu behar duzu. Afrikar herritar gisa, ziurtatu behar dugu gure hizkuntzak, gure baliabidea, gure izatea osorik izatea gure burua mundura jaurtitzen duen oinarri hori» Birritan ezkondu zen Ngugi wa Thiong’o eta hamar seme-alaba izan zituen. Horietako batzuek (Nducu semea aitaren izena daraman fundazioko burua ere bada) afrikar hizkuntzak sustatzen dituzte. Ituika izeneko plataforma ere helburu berarekin jaio zen duela lau urte, fundazio berak bultzatuta. Oraingoz, Afrikako idazleen biltzar bat antolatu dute, eta Kenyako hamabost hizkuntzatan idatzitako literatur lanak bildu dituzte bi liburukitan. Mukoma wa Ngugi semea poeta eta Cornell unibertsitateko irakaslea da, eta Donald Trump presidentearen aurkako salaketa jarri du bere unibertsitateko bi ikaslerekin batera, Gazako genozidioaren aurkako protesten harira. Era berean, iaz aita salatu zuen X sarean, ezkonduta izan ziren urteetan amari emandako tratu txarrengatik. Ngugi wa Thiong’oren hiru liburu eta ipuin bat daude euskaratuta. Azken hori izan zen gure hizkuntzara ekarritako lehen lana; Susak 1989an argitaratu zuen “Bake zibila” liburu kolektiboan “Aintzazko minutuak” ipuina sartu zuen, Aintzane Ibartzabalek itzulitakoa. Handik bost urtera etorri zen “Negarrik ez, haurra”. Pernando Barrenak, EH Bilduko egungo europarlamentario eta Txalapartako orduko editoreak, euskaratu zuen Ngugiren lehen eleberria. Mende laurdena itxaron behar izan zen berriz ere haren liburu bat euskaraz argitaratzeko, baina pandemia aurretik, bi liburu kaleratu ziren. Hala, Literatura Unibertsala bilduman, “Gerra garaiko ametsak” argitaratu zuten, Olatz Prat Aizpuruk itzulita. Txalapartak, bestalde, bere kide diren beste zenbait hizkuntzatako argitaletxeekin batera, Iraitz Urkulok euskaratutako “Iraultza bertikala” plazaratu zuen.