GAUR8

Justizia poetikoa, nondik begiratzen zaion


Martiritzat jo dute Donald Trumpek eta Santiago Abascalek Charlie Kirk, g. b. Baita AEBetako eta Europako lurtar askok ere. Duela pare bat urte esan omen zuen: «Merezi du urtero suzko armaz eragindako heriotza batzuk ordaintzea, [AEBetako Konstituzioaren] Bigarren Zuzenketa izan dezagun eta gure gainerako jainkozko eskubideak babesteko». Arrazoi zuela esango zuten Kirk hil izana justizia poetikoa izan dela uste dutenek. Ez dakit justizia poetikoa edo zer den, baina batzuek Kirk goraipatu eta martiri izendatu eta, beraz, erein zuen gorrotoa txalotzen eta sustatzen duten bitartean, beste batzuek haren ibilbide faxista, matxista, arrazista eta supremazista goraipatu ez baina ezkutatu eta zuritzeraino eraman dute harako «datorrenetik datorrela» gaitzetsi beharra.

Joan den astean, Israel Hamasen negoziatzaileak bonbaz hiltzen saiatu zen Qatarren, eta biharamunean Estatu sionistako presidente Isaac Herzogek esan zuen pertsona batzuk «akabatzea» beharrezkoa dela baldin akordio bat onartzeko prest ez badaude. Bera hil dezaten gonbit gisa ulertuko zuen batek baino gehiagok. Eta batek baino gehiagok pentsatuko zuen Israelgo Gobernua bonbardatu izan balute palestinarrekiko akordio bat onartu ez duen -eta onartu dituenak hautsi dituen- bakoitzean, justizia poetikoa askoz ohikoagoa izango zela aspaldi luzetik.

Zarauzko Udalak Juan Paredes Txiki eta Anjel Otaegiren inguruko erakusketa bat bere areto batean jartzeari uko egin izana justizia poetikoa dela uste bide dute Gogora Institutua sobera dagoela uste dutenek. Izan ere, badago Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Babes Osoa emateko lege bat indarrean dela eta Memoria legeak eta biktima batzuen bazterketa eta diskriminazioa zuzentzeko erakundeak alferrikakoak direla uste duen jenderik. Nik uste nuen Gasteizko Gobernuak ere nabarmen eta eskandalagarritzat jotzen zituela bazterketa eta diskriminazio horiek. Bada, ez. Zarauzko Udalak dioenez, “1975. Dena jokoan zegoen urtea” erakusketak «kontakizun partziala» aurkezten du, eta «ez dator bat Gasteizko Gobernuko Gogora Institutuaren egia, justizia eta erreparaziorako irizpideekin»; Institutu horren zuzendariaren kontaerarekin -bakarra eta ez partziala, nonbait-, alegia. Eta bai, diktaduraren zuritzaileek justizia poetikoa dela esan dezakete Zarauzko Udalak eta Gogorak berak eurei arrazoia eman izana.

Bansky kale artistaren azken lanarekin gertatuak ere badu justizia poetikotik zerbait, edo dexente. Londresko agintariek ezabatzea erabaki zuten Justizia Auzitegien egoitzan epaile bat bere mazoaz manifestari bat jotzen ageri zen margoa, baina leku berean beste obra bat egin zuten; asmo artistikorik gabea, baina Banskyren obraren memoria berreskuratu duena, haren irudiaren silueta baitago ikusgai. Ez dut uste artistari aurrez galdetu ziotenik, baina seguruena gustuko izango du bere salaketaren berri ematen duen obra berria; izan ere, ia originalean bezain ondo sumatzen da Palestine Action erakundea legez kanporatzearen aurkako Banskyren mezua: justizia -batez ere arrunta- eskatzen duenari zer ematen dion Justiziak. •