GAUR8

Sagardoari eta mikologiari eskainitako ekitaldiak urriaren 5aren zain daude Lekunberrin

Urriaren 5ean eskutik helduko dira Lekunberrira, Sagardo Eguna eta Jardunaldi Mikologikoa, udazken zaporeko hizordu biribil bat eskainiz. Erakustaldiez gain, sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango da, baita euskal gaztak eta ziza eta onddoekin egindako pintxoak ere.

Sagardoa, eguneko protagonista nagusia ziza eta onddoekin batera. (Jon URBE | FOKU)

Sagardo Egunak eta Jardunaldi Mikologikoak bat egingo dute Lekunberrin urriaren 5ean, sasoiarekin oso lotuta dauden bi jarduera plazara eraman eta herritarren gozamenerako proposamenak eskainiz.

Mokadu bat jan eta sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango dute bisitariek ohiko formula erabiliz: bost euroren truke edalontzia erosi eta bost sagardo dastatu ahal izango dituzte. Eta urrian zer dauka berezi sagardoak? 

Bada, antolatzaileek azaldu dutenez, «sagardoaren zikloak hainbat mugarri» ditu urtean zehar: «udaberrian sagarrondoak loratzen dira, udan zehar sagarrak heltzen dira» eta udazkenarekin biltzeko ordu heltzen da, urtarrilean ‘txotx’ garaia iristen denerako dena prest izateko. 

Lekunberrin eta Larraungo bailaran, gainera, ‘txotx’ errituala fidelki jarraitzen duten lau sagardotegi daude, eta gehienetan, sagardo propioa egiten dute». Urriaren 5ean, beraz, «Nafarroan egindako sagardorik onena dastatzeko aukera» izango da, tokiko ekoizleen ondoan, herrialdeko beste ekoizle batzuk izango baitira.

Dastatze horietan, sagardoak taloa eta tokiko gaztak izango ditu lagun. Herriko plazan, gainera, artisau postuak egongo dira, eta kirikoketa eta sagar erakusketa egingo dituzte, «barietate ezberdinen hautaketan eta nahasketan» baitago sagardo on baten «sekretua».    

Eguerdiko 12.00etan hasiko da kirikoketa, sagarra zapaldu eta txikitzeko prozesuari eskainitako erakustaldia. 

Onddoak, artxiboko irudian. (Maddi SOROA/FOKU)

Zizak eta onddoak, trinketean

Garaiko beste elikagai preziatu bat, zizak eta onddoak, hitzorduaren beste protagonista nagusiak dira. Trinketean izango da aurreko egunean bildutako zizen erakusketa. Horregatik, aurreko eguneko bildutako perretxikoak 12.00etatik aurrera eramateko deia egin dute. Bildutako guztiak identifikatu ondoren, hurrengo eguneko erakusketarako prestatuko dira.  

Altsasuko Mikologia Elkartea eta Ttutturre mendizale taldea arduratuko dira ekitaldia antolatzeaz. Era berean, Lekunberriko Arbeondo familia-enpresak laguntza emango dio ekitaldiari.

«Onddo eta ziza pintxo ederrak» iragarri dituzte, era berean, «akaso sagardo on batekin uztartu» ahal izango direnak.