29 SET. 2025 - 00:00h Jerry Lee Lewis, errusiar mendi baten pareko bizitza izan zuen rockeroa Rock and roll musikaren aitzindarietako bat izan zen Jerry Lee Lewis. Trebetasun berezia izan zuen musikan, txikitatik, eta arrakasta handia lortu zuen horri esker. Ospea iritsi bezain azkar joan zitzaion, eta ordutik gora eta behera ibili zen hil arte. Gaur 90 urte beteko lituzke. Jerry Lee Lewis 2022ko maiatzan. (Jason KEMPIN | GETTY IMAGES) NAIZ 90 urte beteko lituzke gaur Jerry Lee Lewis musikari ospetsuak. 87 urterekin hil zen 2022ko urrian, rock and roll klasikoa umezurtz utziz, generoaren aitzindarietako bat izan baitzen, Elvis Presley, Little Richard eta Chuck Berryrekin batera. ‘The killer’ ezizenez ezaguna, Rock & Roll Hall of Fame museoko jatorrizko kideetako bat izan zen. 1935eko irailaren 29an jaioa, musikan oso gazte hasi zen, pianoa jotzen. «Bere gurasoek etxaldea hipotekatu zuten semeari piano bat erosteko, aurretik inoiz jo gabe bankuan eseri eta jotzen hasi zela ikusi zutenean», kontatu zuen Zach Farnum publizistak. Lewis gazteak Country, rhythm and blues, boogie-woogie eta gospela nahasten zituen, bere estilo propioaren bila. Nerabezaroan Louisianako beltzen ghettoetara joaten zen haien musikaz bustitzera. 14 urte bete zituen egunean agertu zen jendaurrean lehen aldiz, ‘Drinkin wine, spoo-dee-o-dee’ abesten, Ford enpresak Ferriday bere jaioterrian antolatu zuen ikuskizun batean. Bi urte geroago ezkondu zen lehen aldiz, 17 urte oraindik beteak ez zituela, bera baino bi urte gehiago zituen neska batekin. Urte berean, 1952an, bere lehenengo kantak grabatu zituen. Hurrengo urtean, bere emaztea utzi eta beste emakume batekin ezkondu zen, hura haurdun utzi zuelako. Amak musika erlijiotsua jotzea nahi zuenez, eskola kristau batera bidali zuen, baina bertatik bota egin zuten ‘My God’ kanta boogie-woogie estiloan jo zuelako. Eskolatik atera eta gutxira abesti gehiago grabatu zituen.Elvis Presleyren inguruko artikulu bat irakurri zuenean, Memphisera bidaiatu zen Elvisen diskografia berdinarekin sinatu nahi zuelako, eta lortu zuen Sun Recordsekin kontratua 1956an. Urte hartan, Elvis, Carl Perkins eta Johnny Cashekin batera saio inprobisatu batean parte hartu zuen, grabatzen ari zirela, eta ‘Million Dolar Quartet" izena eman zieten hedabideetan. Lauen argazkiak sona handia izan bazuen ere, urteak pasatu ziren grabazio hark argia ikusi arte. Lewis ospea hartzen hasi zen orduztik, eta 1957an ‘Whole lotta shakin’ abestiarekin mundu osoko irratietara salto egin zuen. ‘The killer’ ezizena artista problematikoaren ospearekin batera jarri zioten. Izan ere, Chuck Berryren telonero izan zen New Yorken, eta berak, atentzioa deitzeko, sua eman zion pianoari esanez «ea hau gainditzen duzun, beltz horrek!». 1958an gailurra jo zuen, garaiko musikaririk arrakastatsuena zen, baina ospea iritsi bezain azkar etorri zen gainbehera, eta ez zuen batere ondo hartu. Arrakastaren gainbeherak, arazo pertsonalek eta eskandaluek gogor jo zuten.Gailurrean zegoela, bere lehengusua zenaren alaba, Mya Brown, ezagutu eta harekin ezkondu zen; Lewisek 22 urte zituen, neskak 13 –ezkontza dokumentuan 20 zituela adierazi bazuen ere–. Ezkontza izkutatu egin zuten, eta prentsak horren berri izan zuenean gizarteak epaitu egin zuen, Brown haur bat besterik ez zelako. Pixkanaka musikatik aldentzen joan zen abeslaria, Sun Recordsekin grabatzen jarraitu zuen arren. Estudioak ahaleginak egin zituen Lewisen karrera errekuperatzeko abesti instrumentalak grabatuz eta ezizen bat erabiliz, baina bere estiloa hain ezaguna zen, ezen alperrikakoa izan zen. Eskandaluari buelta eman ezinda zegoela, 1962an, bere seme txikia piszinan ito egin zen; Lewisek iraganeko pekatuen zigor bezala ikusi zuen. Gertaera hark emaztearekin zuen harremanak okerrera egin zuen eta abeslaria pilulak eta alkohola gero eta gehiago hartzen hasi zen. Hala ere, hurrengo urtean bikoteak alaba bat izan zuen. 1964an bere albumik onenetariko bat argitaratu zuen, eta country musikan kokatu zen batez ere. Pixkanaka hasi zen berriro publikoaren mesedea irabazten, baina 70ko hamarkada gogorra izan zen berriro berarentzat: dibortziatu egin zen eta seme zaharrena auto istripuan hil zen. Hirugarrenez ezkondu zen, eta laugarrenez. Abeslariak osasun arazo larriak gainditu eta gutxira, bere emaztea lagun batzuen piszinan ito zen. Handik urtebetera bosgarren emaztea hilda agertu zen etxean metadona sobredosi baten ondorioz. Lewisek berak ere drogekiko menpekotasuna zuen, eta klinika batean sartzeko erabakia hartu zuen. 80ko hamarkadako azken urteek pakea ekarri zioten. Seigarren emaztearekin seme bat izan zuen eta ‘Great balls of fire’ pelikula atera zuten, bere lehen urteetan oinarritua, eta publikoa berriro kontuan hartzen hasi zen bere kantak berriro grabatu zituelako filmerako. 2006an 21 artista handiekin duetoak grabatu zituen ‘Last man standing’ diskoan, eta orduztik hil arte kukuak egin zituen eszenatokietan, garai bateko ospea sekula ez berreskuratuz.