04 OCT. 2025 - 00:00h Intimitate analogikoa, txakurrentzako izozkien garaian Radio Killed the Internet. (SENSATHLON 2025) Nerea Sancho Esnaola Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta Londresen izan nintzen udaran; arreta gehien eman zidana, gehien-gehien, zera izan zen, kalean katuak iheska ibili beharrean, urtxintxak ari zirela paper bera betetzen. Bakoitzaren eguneroko errealitatea eta molestiak zeintzuk diren ondo entzun behar, ondorioz. Donostian, badira piknik edota haur merendolak kalean ospatzeak molestatzen dietenak. Zuzentasunaren polizia, ordena, txukuntasuna eta enkuadrearen estetika bisuala mantentzeko. Niri, aldiz, molestatzen didana telefonilloa da. Inpernuko txirrin hori, anakronikoa iruditzen zait postaria (edo dena delako oro) datorrenean. Aurrerakuntza digitalak, etxera egiten diren banaketak online... dena aurreraka doa, eta bitartean, gure postontzietara iristeko sistema ertaroan geratu da... Gaztelura zaldiz hurbiltzen den mezularia pergaminoa entregatzera dator: ah! gaztelukoa! ireki zubi altxagarriya!!! Aurrerakuntzak ulertzeko prest egon behar dugu, bitartean. Berote egun hauetako batean, auzoko janari dendara jaitsi, eta letrero batean: “Txakurrentzako izozkiak ditugu”. Buuuuum! (Garunak eztanda egiten dion emotikonoa hemen!) Salda badago-tik txakurren izozkietara bidean zer edo zer galdu dudanaren sentsazioa dut. Biniloak, kaseteak, cd-ak, mp3-a, hodeia... denak estreinatu ditut, ba. Etorkizunak jakin-min handia sortzen dit. Ez joan oraindik. Gelditu gurekin, dio. Pitbull txakurrek proba psikoteknikoa pasatzen omen dute. Datozen urteetan garbigailuarekin hitz egingo dugula diote adituek. «Konpromisoa falta zaizu», esan diote askori terapian. Txinan bizi zen nire aspaldiko pazienteak esan zidan idazle baten lana (eta kezka nagusia), lehen lerroak tekleatzen zituen unetik, etorkizunak kantzelatzea zela. Bideak deskartatzea, erabakiak hartzea. Aukerak baztertzea. Protagonista ilehoria bazen, ezingo zuen beltzarana izan. Eta horrela, dena. Oraintxe ez nau harritzen konpromiso faltak. Etorkizuneko aukerak eta mendeetako beharrak denak aldi berean uztartzen gabiltza ahal dugun moduan. Eskulana eta automatizazioa, ohiko bikotea eta polimaitasuna (agian ondoz-ondoko monogamiak, hobe?), jaioterrian sustraitu baina lurralde berrietan eraikitzen joan. Aukera guztiak zabalik. Aukera bat egitean, beste hainbati uko egitearen dolua ukatuz. Ikertzaile serioek (oso kopetilun) diote, aukera asko ditugunean, hautua egiteak etsipen handia sortzen duela, erabaki perfektua hartu ez izanaren beldurra, eta ERRE ZAPOREA azkenik. Aukeraketa egitea nekeza da. Maitasun kontuetan, latza. Baina ezinbestekoa da libreki aukeratzen ari garela OSO ARGI izatea, bestela, biktimatzat joko dugu geure burua eta ZABOR guztia ondokoari botako diogu. Besteen begiradapean, esango ote dutenaren fantasmaren eraginez, bakarrik geratzearen beldur, desberdina izateak kikilduta... horren guztiaren arabera aukeratzen badugu, ez gara helduak izaten ariko, ume txiki batzuk baizik, sumiso edo errebelde. Tuntun xamar, garai ase-ezin hauetarako. Nire bizilagunekin 7 minutu iraun zituen balkoiei buruzko ezohiko bilera bat amaitzean... ... bi ordu t’erdiz egon ginen kontu kontari atarian auzoaren aspaldiko garaiez hitz egiten: autobidea dagoen horretan dena zelaia zen eta baserri hartako familiak dirutza jaso zuen trukean, igelen putzu horretan jolasten genuen txikitan, autobusa ez zen honaino iristen, baserri horretara txalupaz joaten ziren... Iraganak ere zientzia fikzioaren itxura hartu du jada. Familia baten modura aritu zitzaizkigun kontatzen gure auzoan jaio zirenek, gaizki konpontzen diren bizilagunen estereotipotik benetan urrun. Hunkigarria izan zen. Xamurra. Maitagarria. Bertokoa. Bat-bateko partekatze hura... 100% analogikoa. Bat-batekotasunari lekua egiteko, Interneti leku gutxiago eman behar diogu. Bikoteak urratzen ditu aspaldidanik. Pornoa komunean kontsumitzen dugu. Serieek, oheko ohiturak erdibitzen dizkigute. Maitalearekin hitz egiten dugu bikotearen hankak gainean ditugun bitartean. Elkarrizketak eteten dizkigu. Baina agian zuretzako garrantzitsua dena beste gauza bat da. Probatu, nahi baduzu: piladun irratia piztu gauez, bakarka, bikote edo lagun baten konpainian. Intimitateak bere txokora eramango zaitu.