GAUR8

Arnaldo Otegik euskara helburu elektoralistekin ez erabiltzeko eskatu dio PSEri NAIZ Irratian

«Konbentzituta nago sekulako urratsa litzatekeela Alderdi Sozialista, PNV eta gure artean euskararen inguruko benetako kontsentsu eta akordio batera heltzea», adierazi du EH Bilduko idazkari nagusiak Gasteizko legebiltzarrean izandako azken eztabaidaren ostean.

Este navegador no soporta el elemento video.


Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusia, NAIZ Irratian izan da gaur goizean aktualitate politikoa errepasatzeko. Hainbat gai izan ditu hizpide, estatus berriaren edota erakunde desberdinetako aurrekontuen negoziazioa, esaterako. Baina horiekin batera, Euskal Enplegu Publikoaren legea aldatzeko berriki Gasteizko legebiltzarrean egin den eztabaidaz ere eman du iritzia.

Otegiren ustez, «inertzia zahar bat» antzematen da PSEren jarreran. «PSEk batzuetan euskararen inguruan izan duen jarrera gure ustez oso ardura gabea izan da, gure hizkuntza nazionala lehia elektoralerako erabili duelako. Esaten dute lehenik eskubide sozialak daudela, eta gero hizkuntza eskubideak. Guk ez dugu hori konpartitzen».

Azaldu duenez, «guk Galizian, Valentzian edota Baleareetan aplikatzen den hizkuntza politika nahi dugu hiru probintzia hauetarako, Nafarroan ere bai, eta prest gaude hitz egiteko ea perfil soziolinguistikoak nolakoak diren zonalde bakoitzean, demora indizeak aplikatzeko adin batetik aurrerako funtzionarioen kasuan...»

Edozein kasutan, Otegik argi adierazi du ez dela onargarria «50 urte beranduago oraindik zenbait eztabaida mahai gainean egotea». «Euskal Herrian bizi gara, Euskal Herrian bada hizkuntza nazional bat, badira bi ofizialak, eta errespetu guztia merezi dute. Eta euskaldunok merezi dugu errespetu guztia. Eta nahi dugunean euskaraz harremandu administrazio publikoarekin eskubide guztia daukagu. Eta hori bermatu behar du administrazio publikoak», gaineratu du.

Horregatik, PSEri eskatu dio hizkuntza eskubideak ez erabiltzeko helburu elektoralistekin mokoka aritzeko. «Konbentzituta nago sekulako urratsa litzatekeela Alderdi Sozialista, PNV eta gure artean euskararen inguruko benetako kontsentsu eta akordio batera heltzea».