06 NOV. 2025 - 13:11h ‘Gorroto diskurtsorik? Ez, eskerrik asko’ lelopean, Elkartasun Astea egingo dute Agurainen Gorroto diskurtsoek eskubideetan duten eraginean eta horiei aurre egiteko esperientzietan jarriko du fokua aurten Aguraingo Elkartasun Asteak. Solasaldi bat egingo dute asteartean eta Afrika protagonista duten bi erakusketa izango ditu ikusgai igandera arte. Gorroto diskurtsoak izango dira edizio honen gai nagusia. (Euskadiko GGKEen Koordinakundea) GAUR8 Gorrotoen diskurtsoan zentratuta, edizio berri bat izango du Aguraingo Elkartasun Asteak, hurrengo astelehenean hasita (hilak 10) eta igandera arte. EAEko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) Koordinakundeak antolatu du hitzordua, Udala, Arabako Foru Aldundia eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin elkarlanean.«Autoritarismoen eta eskuin muturraren gorakadaren ondorioz gorrotoa estrategia politiko gisa erabiltzea normalizatzen ari da, antifeminismoa, arrazismoa, xenofobia, LGTBI+fobia… sustatuz», ohartarazi dute Koordinakundetik. «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan, institutuetako ateetan eta, bereziki, sare sozialetan daude», gogoratu dute antolatzaileek, beste datu bat eskainiz: «2024an, gorroto delituekin lotutako 22 arau-hauste penal erregistratu ziren Araban», baina agerikoa da «askoz gehiago» direla salatzen ez diren diskurtsoak eta erasoak.Gaian sakontzeko, solasaldia antolatu dute azaroaren 11rako Zabalarte Etxean. Lilian Hernandez indarkeria matxistetan aditu salvadortarrak, ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sareak era Ainhoa Armentiak eta Ruba Hassan Alboan GKEko kideak hartuko dute parte ekimenean, eta Fernando Sanchez Aranaz historialaria izango da moderatzailea. Nola egin aurre«Mahai inguruak gorroto diskurtsoei aurre egiteko esperientziak ikusarazteko eta ezagutzeko balioko du, maila lokalean zein nazionalean egindako lanetik abiatuta. Zergatik gorroto diskurtsoak aurrera egiten ari dira? Nola eragiten diete giza eskubideei? Eta nola egin aurre diskurtso horiei?» izango dira solasaldiak jorratuko dituen gai batzuk.Aste osoan zehar, bestalde, Afrikari buruzko bi erakusketa egongo dira ikusgai Agurainen: ‘Afrikan mugizten: Afrika (bir)kontatzen’ Munduko Medikuak erakundeak sortua, eta ‘Kamerun: emakumeak gatazkan, emakume defendatzaileak’, Nazioarteko Elkartasuna erakundearen eskurik. Lehenengo proposamenak Afrikako lurraldeetako errealitateak hurbildu nahi dizkie herritarrei. «Bada imajinario bat Afrikako kontinentearen inguruan argazki partzialak, uniformeak eta negatiboak hartzen dituena, errealitatea osatu gabe ikastea dakarrena, eta estereotipoak iraunarazten dituena; horrek aurreiritzietatik harremantzera garamatza, jarrera diskriminatzaileak erreproduzituz», azaldu du GKE-ak.Kamerunekin lotutako erauksteari dagokionez, emakumeek duten paperean sakontzen du, «gatazka egoeretan bizi diren Kamerungo emakumeen errealitatera hurbilduz». «Testigantza grafikoen bidez, emakumeek beren komunitateetan, bakearen, erresistentziaren eta giza eskubideen defentsan, eragile aktibo gisa duten funtsezko zereginari buruzko ibilbide bisual kritikoa proposatzen du erakusketak, indarkeria eta gatazka testuinguruetan tradizionalki ematen zaien rol pasibotik haratago», adierazi du erakusketa prestatu duen erakundeak.