GAUR8

Gaur 45 urte bete dira eskuin muturrak Joaquin Antimasbere hil zuenetik

1980ko azaroaren 14ko goizaldean, Joaquin Antimasbere Eskoz eta Andres Etxeberria hernaniarrak Urnietako Salesiarren ikastetxe pareko aldapan behera zihoazela, Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarreko kideek tiroz egin zieten. Antimasberek buruan hiru tiro jaso eta berehala hil zen.

1980ko azaroaren 15eko ‘Egin’-ek argitaratutako informazioa. (NAIZ)

Gaur 45 urte bete dira Joaquin Antimasbere gazte hernaniarra hil zutela, 80. hamarkadaren hasieran Gipuzkoako ‘Heriotzaren Triangelua’ deiturikoan. Hilabete gutxi batzuen buruan Andoain, Hernani eta Astigarragako zazpi bizilagun hil zituzten eskuin muturreko partaideek. Garai ilunak izan ziren haiek. 

Andres Etxeberria lehengusuarekin batera parrandan zetorrela, ostatu batetik atera zirenean, eskuin muturreko pistolariek Salesiarren ikastetxe pareko aldapan tirokatu zituzten gazte biak azaroaren 14 hartan. Antimasberek hiru tiro jaso zituen, Etxeberria larri zauritu zuten. Goizaldera, udaltzainen patruila batek aurkitu zuen Joaquinen gorpua bidearen bazterrean. 

«Lau anai-arreba ginen. Ama hila zen eta aita ez zen gurekin bizi. Gazteak ginenez, bakoitza bere kontu zebilen. Gazte guztiei bezala parranda asko gustatzen zitzaion anaiari. Festa guztietara joaten zen, akordeoiarekin, panderoarekin, Hernanin barrena. Kartetan jokatzea zuen gustuko. Asko mugitzen zen. Egun horretan, Tolosatik zetorren, senide batzuekin. Badirudi haserretu egin zirela eta Joaquin Urnietan jaitsi zen, lehengusu zuen Etxeberria izeneko batekin, Andres izeneko batekin. Urnieta gainean taberna bat zegoen, klub moduko bat edo antzeko zerbait. Klubetik atera zirenean, han zeudenek jarraitu zieten. Urnietako Salestarretaraino etorri ziren. Uste dut goizeko hiruretan izan zela. Geldiarazi egingo zituzten edo, kotxez eramango zuten lagunak izango zirelakoan, eta tiro egin zieten ahuspez», kontatu zion NAIZi Juan Antimasberesek, Joaquinen anaiak 2020an.

Biak hernaniarrak ziren, biak ijito euskaldunak. Antimasberek 31 urte zituen, ezkongabea zen eta ogibidez txatar-biltzailea zen. Biak ere lotura politikorik gabeko pertsonatzat jo zituzten orduan, BVEko ultraeskuindarrek gau hartan bidean topatu eta erraz akabatzeko moduko biktimak suertatu ziren. Hileta jendetsua egin zioten, eta erromania zenez, ijito komunitatearen eta Udalaren ordezkariak bildu ziren bertan. 

Kointzidentzia makabroa eman zen: Joaquin Zikuñagako festetan ere izan zen, alegia, eskuin muturrak Miguel Mari Arbelaitz eta Luis Mari Elizondo hil zituzten festetan. Handik gutxira hil zuten bera. «Anaia Zikuñagatik etortzen zen festetatik. Hilabete lehenago bezala. Izututa etorri zen. ‘Hau eta hau hil zuten (Arbelaitz eta Elizondo). Ikusi diogu nola sartu dieten tiro bat’. Eta handik hilabete gutxira, nire anaia akabatu zuten. Beti oinez etortzen ziren etxera eta jakingo zuten nori egin eta nori ez egin», Juanen hitzetan.

«Instituzioek abandonatuta sentitu gara –aitortu zuen 2020an–. Babestu gaituztenak beti izan dira berberak, herrikoak».