15 NOV. 2025 - 00:00h Entrevista UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO EHU-KO IRAKASLEA «Etxebizitza iraunkorra eta merkea behar dugu, eta hori gaur egun alokairu soziala da» «Etxearen korapiloa nola askatu. Etxebizitza-politika justurako gakoak» liburuak argiz blaitu nahi du gizartearen aldartea ilundu duen egiturazko arazoa. (Argazkiak: Raul BOGAJO I FOKU) Iker Bizkarguenaga Etxebizitzaren auziak berebiziko garrantzia dauka eztabaida publikoan eta politikoan, hala adierazten dute hedabideetako lerroburuek, Parlamentuetako hitzaldiek eta plazetako solasaldiek. Ertz eta helduleku asko dituen arazoa da, eta horiei guztiei erantzuteko xedea du Unai Fernandez de Betoño arkitekto eta EHUko Hirigintza irakasleak argitaratu duen azken liburuak, gizartearen zati handi bat katramilatuta duen korapiloa askatzea, alegia. Etxebizitzaren arazoari erantzuteko 30 neurri proposatu dituzu, eta hiru ataletan banatu: politikoa, ekonomikoa eta gizarte mailakoa. Irtenbidea transbertsala delako? Hori da. Beti esaten da ez dagoela errezeta magikorik, baina badaude errezeta batzuk, eta ezagunak dira, beste leku batzuetan aplikatzen dira. Eta iruditu zitzaidan sailkapen klasiko hori, politika, ekonomia, gizartea, nahiko erabilgarria zela. Batzuetan nahasten dira, batzuk politikoak zein ekonomikoak dira, baina tira, gauzak antolatzeko modu bat da. Neurri politikoak batez ere eskaintza handitzera begira doaz, etxebizitzaren arazoa konpontzeko hanka garrantzitsu bat dela uste dudalako; bestetik, etxebizitza merkeagoak lortzeko hamar neurri ekonomiko daude, eta gero badaude beste neurri sozialago batzuk, maizterrentzat ziurtasun handiagoa lortze aldera. Nik uste dudalako horiek direla une honetan okerrago pasatzen ari direnak, alokairuan daudenak. Ikuspegi orokor batekin, adibide zehatzak aipatzen dituzu. Gai honetan sarri mezu orokorregiak, abstraktuegiak ematen direla uste duzu? Zalantzarik gabe. Adibidez, eskuinetik esaten ari dira soluzioa gehiago eraikitzea dela. Hori baino sinpleagorik ez dago, eta egia esan mezu hori sartzen ari da. Liburuan zera esaten dut: ados, egia da eskaintza eta eskariaren arteko arazo bat dagoela, baina behar dugun eskaintza ez da edozein, etxebizitza merkea eta iraunkorra behar dugu. Eta niretzat, gaur-gaurkoz, hori alokairu soziala da. Uste dut hori dela babestu beharrekoa. Eta etxe merke eta iraunkor horiek lortzeko etxe asko jadanik eraikita daude, eta horiek jaso eta eredu merke eta iraunkor batera eraman behar dira, alokairu sozialera, alegia. Zaharberrituz, etxe hutsen gainean eraginez, pisu turistikoak gehiago erregulatuz edo debekatuz, lehentasunez erosiz babes publikoko etxeak eta gero bideratuz alokairu sozialera... Beraz, ados, zerbait gehiago eraiki behar da, baina modu doituago batean, ez “adreiluaren burbuilan” egin zen bezala, eta ez edozein gauza. Hain zuzen, aipatzen duzun lehen neurria alokairu sozialari dagokiona da, hor egiten duzu azpimarra. Lehenetsi behar den eredua hori da? Bueno, babes publikoko etxe merkeen alde ere egin zitekeen, baina duela hiru urte Jaurlaritzak babes publikoko etxebizitzen prezioa %14 igo zuen bat-batean. Ukrainako gerrarekin lehengaien prezioak pila bat igo zirela esan zuten... Singapurreko eredua ere aipatzen da, hemengo babes publikoko etxeen eredua baina merkeagoa. Tira, izan zitekeen, baina nik uste dut, gaur, gure testuinguruan, alokairu sozialean dagoela konponbidearen parte bat. Ez dut esaten orain denak alokairu sozialera pasatu behar dugunik, baina bai hemen beste leku batzuetan baino alokairu sozial askoz gehiago falta dela. Estatu frantsesean parke osoaren %11 da alokairu sozialekoa, alokairu babestua, alegia, eredu bat non maizterrek ez duten beraien diru sarreren %30 baino gehiago erabiltzen alokairua eta gastuak ordaintzeko. EAEn %2,5 da, Nafarroan, %2,1. Beraz kopuruak laukoiztu edo boskoiztu beharko genituzke Estatu frantsesekoetara heltzeko. Eta azken horiek Europako batezbestekoan daude, baina Austrian, Herbehereetan, Danimarkan, askoz gehiago dira, %20tik gora. Nik ez dut esaten dagoeneko horretara joan behar dugunik; tarteko pausu bat hamar urtean Europako batezbestekora heltzea izan daiteke. Baina horretarako zenbait neurri behar dira, eta gauzak argi edukitzea, eta uste dut une honetan ez dagoela horren alde apustu sendorik. (Raul BOGAJO / FOKU) Babes publikoko etxeen estandarrak aldatzea ere proposatzen duzu. Hain justu, Jaurlaritzak txikitu nahi dituen momentuan... Bereizi behar da auzo berriak egiteko zoru urbanizagarria eta auzo zaharkituak berritzeko zoru urbanoa. Urbanizagarrian, orain EAEn %75eko kopurua dago babes publikoko etxebizitzetara bideratu behar dena; uste dut egokia dela, hogei urte daramatzagu zenbaki horrekin eta ez du gaizki funtzionatu. Baina hiri kontsolidatua zaharberritzen denean kopurua askoz txikiagoa da, %40, eta hor zerbait gehiago lor daiteke. Gure hirietako zentroetan badaude operazio batzuk, birkalifikazio oso lukratiboak, eta hor gehiago eskatu beharko litzateke. Eta birdentsifikazioetan ere. Gasteizko adibidea jartzen dut, Zabalgana eta Salburukoa. Agian kasu berezia da, baina bila ditzagun beste hiri eta herrietan ea zentroetan gehiegi aprobetxatu gabeko zoruak geratzen diren eta goaz hor gehiago eraikitzera kanpora atera baino lehen. Gainera, hor estandarrak handitu daitezke. Bartzelonan egin dutena ere aipatzen dut. Hiriko lurzoru finkatuan, lur sail batean etxe bat bota eta berria eraikitzean, guk zeroko erreserba daukagu, ez da eskatzen babes publikoko etxebizitzarik. Bartzelonan, aldiz, %30 babes publikokoa izan behar da. Hor ere estandarraren igoera bat egin daiteke. «Etxe hutsak aktibatu». Nola? Esan ohi denez, azenarioa eta makila. Azenarioa, Bizigune programa da. Alokairu sozialeko etxeak eskaintzen dizkio jendeari; jabeak merkatuko prezioa baino kopurua pixka bat baxuagoa kobratzen du, eta maizterrak bere soldataren %30 bakarrik ordaintzen du, eta desberdintasuna denon artean ordaintzen dugu. Egia da diru publikotik poltsiko pribatuetara trasbase bat badagoela, baina gutxienez prezioak ez daude merkatuko zifretan. Ez badira asko igotzen betiere. Hori azenarioa izan daiteke; zuk zure etxe hutsa Bizigunen jartzen duzu, eta ziurtasuna daukazu sei urtez hilabetero 750 euro jasoko dituzula. Ez da gutxi. Baina makila ez dugu erabiltzen. Hori izan daiteke ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) gainordaina edo etxe hutsen kanonaren aplikazioa. Oraintxe bertan, EAE osoan, etxe hutsen kanona Azpeitian bakarrik aplikatzen da. Eta aurten hasiko dira aplikatzen. Ez gaude gai hori serioski hartzen. Badaude etxebizitzarekin arazo handiak dituzten eta ez bat ez bestea aplikatzen ez duten udalerriak. Niretzat kanona interesgarriagoa da, biltzen den dirua etxebizitza politiketara dedikatu behar delako. Baita, ematen duelako aukera, bi urtean oker ez banago, etxeak denbora baterako desjabetzeko, alokairuan jartzeko. Nik kanonaren apustua egingo nuke, edo, gutxienez OHZren errekargu potente baten alde. Turismo-erabilerako etxeen gaia puri-purian dago. Debekatzea planteatzen duzu? Zeharka debekatzea. Ipar Euskal Herrian zeharkako debekua planteatu dute. Konpentsazio arau bat jarri dute, esanez, ados, zure etxebizitzan pisu turistiko bat jar dezakezu, baina trukean merkatuan beste zerbait jarri behar duzu etxebizitza bezala erabili ahal izateko. Interesgarria da, eta horrek ia debeku bat ekarri du. (Raul BOGAJO / FOKU) Etxe-politika publikorako aurrekontu handiagoa eskatzen duzu, «nabarmen», gainera. Jakina. Esaten dute barne produktu gordinaren %1-%1,5 izan beharko litzatekeela, horiek Europan oso zenbaki onartuak dira, eta hemen ez gara heltzen. Esaten dudan beste gauza bat da dirua ez dela gastatu behar gastatzen dugun lekuetan. Batetik, etxea erostearen trukeko desgrabazioak. EAE da espainiar Estatuko erkidego bakarra oraindik hori egiten duena, eta urtean 340 milioi euro kostatzen zaigu. Bestetik, oraintxe bertan atera du Jaurlaritzak etxeen erosketa abalatzeko diru lerro bat. 144 milioi euro sartu ditu horretarako. Lotsagarria dela uste dut. Gainera, 340.000 euroko pisuak erosteko. Gasteizen, batezbestekoa ia 100.000 euro gutxiago da. Agian Donostian 340.000 eurorekin ez da erraza topatzea, baina Gasteizen pila bat da. Eta hirugarren kontua prestazioak dira. Prestazioen inguruko egitura bat sortu dugu, gero eta handiagoa dena. Une honetan Gaztelagun eta Emantzipa bi prestazio desberdin dira, biek ematen dizkizute 300 euro hilean, gauza berdinerako. Zer gertatzen da? Gaztelagun PSEk atera duela eta Emantzipa EAJk. Ez daude Gobernu bakar bezala lan egiten. Badaude beste prestazio batzuk; bizum bat egiten dio Jaurlaritzak maizterrari, eta honek egiten dio bizum bat etxearen jabeari. Horrela, diru publikoa alokairuaren burbuila puztera doa. Prestazio batzuk ezin dira kendu egun batetik bestera, baina plan bat behar dugu. Hor ere 210 milioi euro gastatzen ari gara urtean. 340 + 144 + 210, ia 700 milioi dira. Pasada bat. Etxebizitzarako diru gehiago behar dugu? Bai, baina dagoena ere hobeto erabili behar da. Liburuan interes gatazkak aipatzen dituzu. Zeintzuk dira? Adibidez, jakina da aurreko legealdian Amenabar enpresako bi gerente ohi egon zirela ez zehazki etxebizitza ardurekin baina bai etxebizitza zegoen sailean. Bilera horietan merkatu librea arautzeko, estandarrak handitzeko neurriak hartuko ziren? Nahiko zaila dela uste dut. Bai, askotan interes zuzenak daude jokoan. Badira politikatik zuzenean eraikuntzaren mundura pasa direnak, eta etxebizitza sustatzaileen patronala etxebizitza politikak egiten lehen lerroan egon diren politikariak fitxatzen ari da, batez ere Estatu espainolean. Nahiko eskandalosoa da. Elkarlan publiko-pribatua, politikagintzan hainbeste aldiz aipatzen den kontzeptua. Ze ezaugarri ditu gaur egun? Asko kezkatzen nauen gaia da. Adibidez, Jaurlaritza “Alokairu eskuragarria” izeneko programa bat aurrera eramaten ari da, eta promotore bati etxebizitza bat zenbait urtez alokairu eskuragarrian jartzeko diru kopuru bat ematen zaio. Zer da eskuragarria? Ez da soziala, maizterrek haien diru sarreren %30 baino gehiago ordainduko dute, baina esaten dute merkatuko preziotik pixka bat beherago egongo dela. Ondorioak ikusten ari gara jada: Errenterian Jauregizar promotoreak hainbat etxebizitza halako programa batean egin zituen, ez zeukan izen hori baina ideia berdina zen. Diru publikoa eman zitzaion 15 urtez etxeak alokairu pixka bat merkeagoan jartzeko. 15 urte horiek pasa, eta zer gertatzen da familia horiekin? Kalera doazela. 2-3 urte egon dira modu irregularrean, luzapen batzuk egin zitzaizkien, baina berez ezin zuten etxe horietan jarraitu, eta azkenean Jaurlaritzak Jauregizarri etxebizitza horiek erosi behar izan dizkio. Maizterrengan pentsatuz soluzio ona izan da, baina gertatu den guztia, lotsagarria. Dirutza eman zaiolako 15 urtez etxebizitza horiek alokairu merke samar batean jartzeko, eta hori bukatu denean berriz ere diru publikoa eman zaiolako etxe horiek erosteko. Bide batez, urte horietan alokairua promotoreak kobratu du. Lotsagarria. (Raul BOGAJO / FOKU) «Gizarte justuago bat edukitzeko borrokan lortutako emaitzek iraunkorrak» izan behar dutela aipatzen duzu. Herritarron, eragileen, egitekoa garrantzitsua da, ezta? Bai. Oso garrantzitsua da konturatzea arazo hau ez dela pribatua, ez dela norbanakoena, etxejabearekin duzun arazoari ez diozula zuk bakarrik aurre egin behar, batez ere etxejabe handia bada. Modu kolektiboan borrokatu behar da. Ikaragarria izan zen adreiluaren burbuilak eztanda egin eta gero zenbat kaleratze egon ziren, eta talde batzuk sortu ziren: hipotekak kaltetutakoen plataformak, Kaleratzeak Stop! deitu izan dena hemen, eta horiei esker ezagutu ditugu hipotekek zeuzkaten klausula abusibo batzuk. Jende askori, hipotekan dirua itzuli diote, eta borroka sozialari esker izan da. Eta hipoteketan zeuden arazoak orain alokairuen alorrera joan dira. Prekaritatea alokairuaren alorrera joan da, hor ere klausula abusiboak daude eta hor ere modu kolektiboan borrokatu behar dugu. Hirigintza irakaslea zara EHUn, harreman estua duzu gazte jendearekin. Gai honekiko ezinegona sumatu duzu? Izugarria. Lau urte egon naiz kanpoan politikagintzan egon naizelako, eta itzuli naizenean izugarrizko aldaketa nabaritu dut horri dagokionez. Etxebizitza, alokairua, aipatzen dituzu, eta ikasleak oso-oso adi ikusten dituzu. Galderak egiten dituzte, normalean gertatzen ez dena. Azken finean, Donostian pasilloetan gelak alokatzeko jartzen diren iragarkiak ikusten dituzu, eta ikaragarria da: 550 edo 600 euro gela batengatik, adibidez. Gainera, tokitan dagoena. Izugarria. Hori gazteek pairatzen dute, eta ikusten dute karrera bukatzen dutenean independizatzeko garaia etortzen zaienean egoera oso gaizki dutela. Kezka handia ikusten da. «Arazo hau beste berri batzuk sortu gabe konpondu behar dugu» Ghettizazioaz ohartarazi, eta udalerri euskaldunen egoeraz ere mintzo zara, etxebizitza politikak izan dezakeen eragin linguistikoaz. Etxebizitzaren arazoa beste arazo batzuk sortu gabe konpondu behar dugu, eta batez ere bi gai horietan jarri dut azpimarra: ghettizazioa eta euskararen egoera. Etxebizitzaren arazoa nola konpondu zen Francoren azken urteetan? Etxebizitza poligonoak eginez: Otxarkoaga, Zaramaga, Bidebietako dorreak... Pertsona migranteak bertara bizitzera eraman zituzten, eta sekulako arazo sozio-urbanistikoak eta sozioekonomikoak izan dituzte hamarkada hauetan. Ez zuten zerbitzurik, ez zuten garraio publikorik... Esaten dudana, zera da: ez dezagun hori errepikatu. Eta euskararekin lotuta, azken hamarkadetan zer gertatu den aztertzen badugu, urbanizazio ereduak zerikusia dauka arnasguneen galerarekin. Agian ez da arrazoi nagusia, baina hirietan bizi ginen kalekume asko landa eremura bizitzera joan gara, pixka bat merkeagoa zelako, eta gure hizkuntza ohiturak eraman ditugu. Gainera, zenbait gune oso azkar eraiki dira; Mungialdekoa adierazgarria izan daiteke, Bilboko jende asko joan baita bertara bizitzera. Eta asko agian euskaldunak dira, baina beste hizkuntza dinamika batzuk dituzte. Orduan, horrek ondorioak izan ditu.