19 NOV. 2025 - 11:23h Trumpen Gazarako plana babestu du NBEk, Palestinako fakzio nagusien iritziaren aurka Donald Trumpen Gazarako planaren aurka egin dute Palestinako fakzio nagusiek, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak AEBetako presidentearen asmoa babestu ostean. Palestinako Agintaritza Nazionala da salbuespena, elkarlanerako prest agertu baita. Este navegador no soporta el elemento video. GAUR8 Astelehen gauean eman zion oniritzia Segurtasun Kontseiluak Trumpen Gazarako planari, tartean nazioarteko indar militar bat bertan ezartzea aurreikusten duena. AEBek eraman zuten ebazpen proposamena Nazio Batuen Erakundeko marko honetara. Txina eta Errusia izan ziren kritiko agertu ziren bakarrak, aldeko 13 boto izan zituen eta aipaturiko herrialdeen abstentzioa. Segurtasun Kontseiluaren bilera gelatik kanpo, ordea, Palestinan oso kritiko jarraitzen dute plan honekiko. Hamas, Yihad islamiarra eta Fatah-ren brigadek eta Palestinaren Askapenerako Fronte Popularrak eta Herri Erresistentziarako komiteek planaren aurka egin dute eta palestinarren erresistentziarako eta autodefentsarako eskubidea aldarrikatu dute. Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak aurreikusi duen nazioarteko indarra palestinarren autodeterminazio eskubidearen aurkakoa dela diote palestinarrek eta euren herriaren suntsipenarekin nazioarteak duen konplizitatea erakusten duela. Segurtasun Kontseiluak Nazioarteko Segurtasun Indar bat sortzea aurreikusi du, mugen kontrola eta talde palestinarren desarmatzea helburu. 20.000 soldadu izango ditu eta goi agintean Trump bera eta Israel egongo lirateke. Horregatik, talde palestinarrek diote okupazio indar atzerritar bat izango dela; nazioarteko indarren bat egotekotan Nazio Batuen Erakundearen agintepean egon beharko lukeela eta palestinar instituzioekin koordinatuta lan egin, Israeli inolako esku hartzerik baimendu gabe. Palestinar eragile gehienen aurkako jarrera Palestinako Agintaritza Nazionalak erakutsi du, Estatu Batuekin elkarlanean aritzeko borondate erabatekoa erakutsiz. Zisjordanian duen jarrera kolaboratzailea berretsi du, beraz, Mahmud Abbas buru duen erakundeak; azken urteetan herritarren artean sinesgarritasun dena galdu du honek, eraginkortasun eza eta ustelkeria egotzi diotelako.