20 NOV. 2025 - 18:08h Ibilbidea antolatu dute Bolintxutik larunbaterako, inpaktuak eta soluziobideak aztertzeko Ibilbide «ekologikoa» egingo dute Ekologistak Martxanek eta Sumendik hurrengo larunbatean Bolintxutik, hango inpaktuak aztertu eta ibaia naturalizatzeko proposatutako ekintzak azaltzeko. Izena eman behar da aurretik. Bolintxuko presaren ingurua, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU) GAUR8 Pagasarriren magalean, Bolintxu ingururaino joango den ibilaldia antolatu du Ekologistak Martxan antolakundeak. Bilbon «balio natural handienetakoa» duen ingurua da, nahiz eta orain Supersur autobidearen inpaktu oso handia izan duen, gogoratu du talde ekologistak.«Ibilbidean, naturarekin, erabilera eta aprobetxamendu historikoekin eta gaur egungoekin lotutako hainbat alderdi aipatuko ditugu», aurreratu dute, zabortegiek, harrobiek edo Supersur autobideak zonaldean utzi dituzten aztarnei erreparatuz.Inpaktu horien ondoan bizirauten duten paraje ederrez gozatzeko parada dagoela gogoratu dute. Izan ere, kontserbatzen dituen baso autoktonoak eta Bolintxuko ur-jauzia nabarmendu dituzte.Ibilbidean, gainera, Abusun Los Caños pasealekutik Nerbioi ibaia birnaturalizatzeko dagoen plana azalduko dute, eta Ekologistak Martxanek hainbat erakunderi egindako proposamena aipatuko dute, dauden elementu naturalak hobetuta «ibai-ibilgua birnaturalizatzeko» proposatutako ekintzak eta eskainitako orientabideak azaltzeko.Ibilbidea San Anton elizatik abiatuko da 9.00etan, eta Abusun amaituko da. Itzulera 14.00etarako dago aurreikusita, eta puntu horretatik bueltako bidea oinez, autobusez, trenez edo tranbiaz egin daitekeela azaldu dute.Ekologistak Martxan taldeak eta sumendik antolatzen dute, Bilboko Udalaren laguntzarekin. Parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea, bizkaia@ekologistakmartxan.org posta elektronikora mezua bidalita. Hilaren 28an, 12.00etan, itxiko dute izena emateko epea.