GAUR8

Miren Garbiñe de Diego, fotokazetaritzak badu etorkizuna

Ohorezko matrikula jaso du Valentziako uholdeei buruz EHUn egin zuen gradu amaierako lanak. Argazkiz eta testigantzaz osaturiko kronika horrek jarraipena duela kontatu dio GAUR8ri, Valentzian egun haietan pilatutako oroitzapenak eta bizipenak partekatuz.

Este navegador no soporta el elemento video.


Valentzian ikusitako hondamendiaren egia kontatu nahi zuen Miren Garbiñe de Diegok (Gasteiz, 2002), uholdeek eragindako egoera erakutsi eta lekukotasunei ahotsa emateko, «iritzirik gabe, hau da dagoena» esateko. «Egia, edo behintzat nire kamerarekin islatu ahal izan dudan egia» erakutsi nahi zuen, eta horretarako fotokazetaritza zen bide zintzoena EHUn Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan gradudun den gasteiztarraren ustez, fotokazetaritzak ahalmen hori daukalako, «gauzak diren moduan agertzeko gaitasuna», dio.

Iaz jazotako uholdeen inguruko informazio-zurrunbiloaren erdian, bertaratzeko aukera ikusi zuen eta ez zuen zalantza egin, kamera hartu eta Valentziara abiatu zen. Pala hartzeko asmoz joan zen, bertan laguntza emateko. Baina behin garbiketa lanak amaitzen zituenean, kaltetutako jendearekin hitz egiteari ekiten zion. Ondoren, ikusi eta entzundako gradu amaierako lanera eraman zuen, eta ohorezko matrikula jaso. “Cicatrices del agua” (Uraren orbainak) du izenburua lanak, eta bost atal ditu: argazki erreportajea, albiste argazkia, argazkidun albistea, erretratudun elkarrizketa eta uholdeen aurreko eta osteko errealitatea erakusteko fotosaiakera.

Dena uholdeei buruzko albisteak heltzen hastean hasi zen, sareetatik heltzen ziren «milaka inputekin, bideoak, audioak...». «Kaos mediatiko» edota «desinformazio» gisa deskribatzen duen testuinguru horretan abiatzen da gradu amaierako lana bera baino askoz zabalagoa den De Diegoren proiektua, jarraipena izango duena beste zenbait bide eta formatutan.

Fotokazetaritzan profesional gisa aritu nahi du gasteiztarrak, kameraren objektibotik begiratuta ikusten baitu errealitatea: «Mundua kamera baten bitartez ikusten dudala dirudi. Batzuetan dena argazki moduan irudikatuz erromantizatzen dut, eta, hala, sarri gertatzen zait pentsatzea: ‘jo, zer pena, ez daukat kamera’».

Kirolari handia ere bada De Diego. Izan ere, atletismoa da bere bigarren pasioa: «Nire bizitzaren oso alde inportantea da». Bestea, jakina, argazkilaritza da, «duen komunikatzeko gaitasunagatik». Bere bigarren gradu amaierako lana izan da goreneko saria jaso duen azken hau, gradu bikoitza egin baitu. Lehen lanarekin espero baino nota baxuagoa eman ziotela gogoratu du: 7,5. Aldiz, ez zuen espero azken lanarekin  heldutako aitortza. «Banekien gaia oso potentea zela, baina ez nuen espero», onartu du.

De Diego, gradu amaierako lanean aurkeztutako irudi batzuekin. (Raul BOGAJO / FOKU)

Egindako lana aintzatetsia izan dela sentitzen du, baina nabarmendu du gaiari jarraipena emateko «lan handia» geratzen dela oraindik egiteko. Batez ere edizio lana aipatu du, material asko pilatu baitzaio: «Jaitsi nintzen kamerarekin Paiportara eta hasieran gauza bat neukan buruan, baina, argazkiez gain, audioak ditut, bideoak... Horri guztiari forma eman behar zaio». Esan duenez, 3.000 argazki baino gehiago ditu, baina baita hamarnaka bideo eta audio ugari ere. «Hori guztia aztertu behar dut eta material horrekin zer egin erabaki», azaldu du.

Hiru aldiz joan da Valentziara; iazko azaroaren 9an lehen aldiz, uholdeak izan eta astebetera; abenduan itzuli zen berriro, eta uztailean  joan zen azkenekoz. Hiru aldietan ikusi du itxi ez den zauri bat, hortik lanaren izenburua. Inpaktu handiko istorioak ezagutzeko parada izan du, eta azpimarratu du izen-abizenak eta aurpegiak dituzten kontakizunak direla bildu dituenak. «Datuak eta lekukotzak ematen saiatu naiz une oro, iritzirik eman gabe, norberak atera ditzan bere ondorioak».

Komunikabideekiko mesfidantza

Bidaia bakoitzean ikusitakoak ikuspegi zabalagoa eman dio De Diegori. Valentzian, dioenez, lokal askoren izenei erantsi diete “berria” hitza, hasiera berri bat irudikatzeko, «baina badago dena galdu duen jende asko». Horregatik, minaren erdian jendearekin hitz egitea ez zen erraza izan.

Uholdeek kaltetuenetako bat izan zen Paiporta herria izan zen Miren Garbiñe de Diegoren lehen helmuga. Kalean pilatutako lokatzaren garbiketan laguntzea izan zuen lehen zeregina, leku askotatik heldutako boluntarioen ondoan. Lan hori amaitutakoan egiten zuen kazetaritza lana, eta orduan deskubritu zituen  ohiko komunikabideekiko  mesfidantza eta haserrea. «Kostatzen zitzaidan kamera hartzea, jendeak oso txarto begiratzen ninduelako, ez zeuden ados egiten ari zen kazetaritzarekin. Energia oso negatiboa zen, kamera ikusi eta saiatzen ziren lurrera botatzen. Gero azaltzen nien ikaslea nintzela, ikusten zuten urrutitik laguntzera joandako norbait nintzela, eta orduan jarrera aldatzen zuten eta hasten ziren euren historia kontatzen, azken finean, gertatutakoa ezagutarazteko kontatzea beharrezko zutelako».

Irudian, gazte arabarra Valentzian, kaleak oraindik lokatzez gainezka zeuden tragediaren osteko lehen egunetan. (Garbiñe DE DIEGO)

Herritarren haserrearen atzean oso egoera mingarriak zeuden. Azaldu duenez, herritar askok «bihotza ireki» zuten kameren aurrean, baina ostean argitaratuta ikusitakoak zerikusi handiagoa zuen Pedro Sanchez presidente espainolaren aurkako kritikekin benetako egoerarekin baino; esklusibak azkar lortzea zen gakoa, inolako enpatiarik erakutsi gabe herritarren sufrimenduarekiko. Hori bai, herritarren jarrera «erabat aldatzen zen nire helburua ikuspegi neutral batetik informatzea zela ikusten zutenean, orduan, ‘mesedez, kontatu hau’ esaten zidaten».

Loa kentzeko moduko mila irudi eta kontakizunekin egin zuen topo De Diegok: senideak galdu zituzten herritarrak, etxea eta lana galdu zutenak... Adibidez, gogora ekarri du taxian zihoazela gidariak kontatu ziena. Euri-jasaren gau ilun hartan leiho bateko barroteei helduta zegoen 16 urte inguruko gazte bat ikusi zuen gidariak, eskua luzatu zion eta hartzeko esan lagundu nahian, baina gaztea oso beldurtuta zegoen. Une horretan lokatzak maila handia hartua zuen jada eta ura indarrez jaisten zen. Lagun bat aurkitu zuen gidariak izkinaren bueltan, elkarrekin laguntzera itzuli eta mutila jada ez zegoen bertan. Kontatu zienez, une hartan guztiz akituta zegoen dagoeneko, eta ez zuen argi benetan zer gertatu zen: irudikapen hutsa izan ote zen, gaztea benetan ikusi zuen, gazteak bere burua salbatzea lortu edo urak eraman zuen...

Bost minutu zeramatzaten Valentzian taxistaren kontakizuna entzun zutenean, eta lagunak eta biak elkarri begiratu eta gauza bera pentsatu zuten: «‘bihar zer ikusiko dugu?’». Egoera kezkagarri horretan, «Gasteizko jendeak esaten zidan, ‘baina zertara joan zara?’. Ondo dago dena, joan dira jada laguntza ematera».

Baliabide falta izugarriarekin egin zuen topo: «Paiportan ez nuen baliabiderik ikusi, zeuden militarrak boluntarioak ziren, UMEkoak ere bazeuden, baina oso leku zehatzetan. Tolosatik joandako suhiltzaileak zeuden, adibidez. Lokatzetan sartu eta dena kanpora bultzatzea zen helburua, baina gauzak kanpora atera eta makina ez bada heltzen... Batzuetan makina bakarra norbaiten traktorea zen!». Dioenez, «oso baliabide gutxi» zituzten eta «oso astiro heltzen zen dena».

Leku batetik bestera mugitzea odisea hutsa zen. Oinez egin behar izaten zuten bidea askotan, «laneko botak jantzita eta material guztia soinean: palak, motxila pisutsua... Bide asko moztuta zeuden eta, iluntzen zuenean, argirik gabe, arriskutsua zen egoera». Trantze horretan egin zuen bidaia Paiportatik Valentziara, bertan deituta zegoen manifestaziora joateko. «Bi ordu egin nituen oinez botekin eta lokatzez beteta, eta ni bezala beste askok. Heldu ginenean normaltasuna zen nagusi: jendea kafea hartzen, erosketak egiten... Ni, berriz, norbera babesteko ekipamendua jantzita, botekin... ‘Black Mirror’ zirudien, mundu paralelo bat!».

Usain «deskribaezina»

Inpaktu handiena eragin ziona, halere, usaina izan zela esan du, «deskribaezina», barru-barruraino sartzen den horietakoa. Sei hilabete pasata Paiportara heltzean, bertan jarraitzen zuen, «metrotik irten eta bertan zegoen berriro». Azaldu duenez, usain hori ezin da ezerekin alderatu, «ez duzu nolakoa zen deskribatzeko modurik». Denborak ematen duen perspektibarekin, uztaileko azken bidaia bereziki gogorra izan zela kontatu du, hondamendiaren orbainen ondoan agerikoak baitziren oraindik zauri pertsonalak.

De Diego, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Raul BOGAJO / FOKU)

Horren harira aipatu du galdera asko daudela oraindik erantzun gabe, gertatutakoaren erantzuleei dagozkienak asko, baina baita hondarretan pilatutako kutsaduraren ingurukoak, hondamendiak eragindako osasun mentaleko arazoen gainekoak... «Gustatuko litzaidake osasun mentalaz norbaitekin hitz egitea, kontatzea mentalki nola dagoen familia osoa galdu duen amama, zenbat suizidio egon diren...».

Gasteiztarraren lana ez da gradu amaierako lanarekin bukatu. Zuzeneko informazioarekin jarraitu du Instagram eta YouTuben. Horrez gain, edizio lanean ari da jasotako material guztia behar bezala antolatzeko.

Carlos Mazonek Valentziako Generalitateko presidenteak eman berri duen dimisioaren harira, mingarria egin zitzaion biktimen aldeko hileta elizkizunetan agertu eta karguan urtebete mantendu izana, «min handia dagoelako eta ez dutelako egia esan». «Nik elkarrizketatutako guztiek heriotzak saihesgarriak zirela esan dute», azpimarratu du.

Valentziara itzuliko da berriz ere De Diego, uraren orbainen kronika irudi berriekin osatzera, enpatiatik, gertaerak jazo bezala transmititu nahi dituen kazetaritza eredu batetik. •