25 NOV. 2025 - 05:00h Gaur 40 urte atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza Gaur bete dira 40 urte Mikel Zabalza eta beste hiru gazte Guardia Zibilak atxilotu zituela: laurak torturatu zituzten, eta Mikel Zabalza 20 egun geroago Bidasoa ibaian aurkitu zuten, hil arte torturatua izanaren zantzuekin. 32 urte zituen eta, 40 urteren buruan, ez da ahanzturan gelditu. 2024an egin zioten omenaldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) NAIZ 1985eko azaroaren 26ean, goizeko ordu txikietan, Donostiako Altza auzoan, Guardia Zibilak Mikel Zabalza autobus gidari gaztea, Idoia Aierbe haren bikotekidea eta Manuel Vizcay lehengusua atxilotu zituen. Operazio berean, Ion Arretxe errenteriarra eta Zabalzaren bi anaia atzeman zituzten. Azken bi hauek familiaren jaioterrian, Orbaizetan. Guztiei ETAko kide izatea leporatu zieten. Ordu batzuen buruan Patxi eta Aitor Zabalza aske utzi bazituzten ere, gainerako laurei Intxaurrondon pasarazi zietena Euskal Herriko historiaren orrialde beltzenetako batean dago idatzita. Mikel Zabalzak 32 urte zituen eta Orbaizetan jaioa zen. Jaioterrian artzain aritu eta gero, Donostiara jo zuen, eta autobus gidari hasi zen. Atxilotu ondoren zer gertatu zen ezingo da inoiz jakin bere ahotik, baina berarekin batera atxilotuak izan zirenen kontaketa gordina da oso. Intxaurrondoko kuartelean Idoia Aierbek Mikel bikotekidea ikusi zuen buruan plastikozko poltsa bat zeukala. Geroxeago esku-ohe batean pertsona bat zeramatela ikusi zuen, eta guardia zibil batek beste bati «oso gaizki dago» nola esaten zion entzun zuen. Manuel Bizkaik ere adierazi zuen atxiloketaren eguneko goizaldean entzun zituela Mikelen oihuak. Hilaren 27an, bertsio sinesgaitz batean, Zabalzak ihes egin zuela adierazi zuen Guardia Zibilak. Arma-zulo bat non zegoen aitortu zuela eta hura miatzera eraman zutela hiru guardiak, eskuburdinak jarrita. Halako batean Mikelek ostikada jo ziola agente bati Endarlatzako tunelean eta ihes egin zuela ibai aldera. Inork ez zuen bertsio hori sinestsi. Ordurako jakina zen, besteak beste, orbaizetarrak ez zekiela igeri egiten. Jose Barrionuevo zen Barne ministroa, eta hasiera hasieratik babestu zuen Guardia Zibilaren bertsioa. Manifestazioak eta protestak ugaritzen joan ziren egunak pasa ahala, baita Poliziaren erantzun bortitza ere kaleetan. Gaurtik bertatik abenduaren 14ra bitartean, gertakari hori ahanzturan gera ez dadin, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko, autobusean erakusketa bat jarriko dute.