27 NOV. 2025 - 17:35h Entrevista Sergio Barandiaran Zaldiko Maldikoko lehendakaria «Ohorez eta maitasunez hartu dugu txapeldunari txapela janzteko enkargua» (Iñigo URIZ | FOKU) Amagoia Mujika Sergio Barandiaran (Iruñea, 1966) Zaldiko Maldikoko lehendakaria da. Bi epe desberdinetan banatuta, 30 urte baino gehiago daramatza lan horretan. Lanbidez ile-apaintzailea da. 32 urte eman zituen Llongueras etxe sonatuan eta azken urteotan bere ile-apaindegi propioa dauka Iruñean, Barandiaran izenekoa. 1981ean sortu zen Zaldiko Maldiko elkartea, eta, urtebetera, lehendabiziko bertso eskola antolatu zuten Lontxo Aburuzarekin. Ordutik eta gaur egunera arte, bertsolaritzak presentzia izan du elkartean. Zaldiko Maldikoren izenean igoko da oholtzara gaur Sergio Barandiaran. Bere egitekoa izango da txapeldunari txapela janztea. Nola gerturatu zinen Zaldiko Maldiko elkartera? Duela 35 bat urte, lagun bat eta biok gerturatu ginen. Zaldiko existitzen zela jakin genuen, euskararekin betidanik harremana izan dugu eta erabaki genuen hurbiltzea. Bertan jende asko ezagutu genuen, familia moduko bat topatu genuen eta oso-oso gustura sentitu ginen. Gauzak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta gaur arte. Euskara etxean jaso zenuen? Nire ama erdalduna zen eta aita euskalduna. Garai hartan aitak ez ziren askotan egoten etxean eta gure etxeko hizkuntza gaztelera zen, amarena. Nik San Fermin Ikastolan ikasi nuen, aitaren erabakiz. Baditut beste bi anaia askoz helduagoak direnak eta horiek ez zuten euskaraz ikasi. Baina nire aitak erabaki zuen nik euskaraz ikasi behar nuela eta aitarekin beti euskaraz aritu izan naiz. Zaldiko Maldiko zer da zuretzat eta zer da Iruñearentzat? Funtsean euskararen inguruko elkarte bat da. Horrek esan nahi du bere bazkide guztiak euskaldunak direla eta elkartearen funtzionamendua euskaraz dela. Kultur elkarte bat da, beraz, kulturaren inguruan denetarik egiten da. Sortzaile askoren plaza da. Gure oinarria hori da, kultura sustatzen duen euskal txoko bat. Eta batez ere ondo pasatzeko eta harremanak egiteko toki bat da. Oinarri horrekin, Zaldiko Maldiko bazkideek nahi dutena da. Garaiaren arabera, gauza desberdinak egin izan dira. Iruñearentzat? Nik uste dut erreferente bat dela. Kulturgintzari begira, Euskal Herriko eragile asko eta asko pasatu dira Zaldikotik. Euskal Herri mailan ere erreferente bat dela uste dut. Arnasgune bat izan nahi du euskararentzat. Badakigu txoko horretan sartuz gero, euskaraz bizi behar dugula. Zaldiko Maldiko 1981. urtean sortu zen. Geroztik, euskarak sasoi desberdinak bizi izan ditu. Orain zein garai bizi duela esango zenuke? Ni oso baikorra naiz. Orokorrean osasun ona ikusten diot, aurrerapenak izan direlako. Askotan momentuan tematzen gara, baina, atzera begiratuz gero, euskarak aurrerapenak izan ditu. Garai bakoitzak bere ajeak ditu eta gaur egun ikusten dudana da belaunaldi berriei, gazteei, orokorrean kostatu egiten zaiela euskararekin inplikazio handiagoa izatea, nahiz eta euskaldunak izan. Zerbaitean ez dugu asmatu, hori orokorrean gertatzen ari delako. Nafarroako txapeldunari Zaldiko Maldikok jantziko dio txapela. Eta elkartearen ordezkari, zu zeu. Nola hartzen da horrelako errekonozimendu bat? Ohorez eta maitasunez. Oso eskertuta eta pozik gaude. Elkartean erabaki dute nik janztea txapela, eta, tira, egingo dugu. Bertsozalea naiz, gustatzen zait saioetara gerturatzea eta finala ederra izango dela espero dut. Elkarteko bazkide bat izango da finalean kantuan, Sarai Robles. Etxekoa izanda, asko poztuko nintzateke txapela berari jantziko banio. Zaila izango da, final oso irekia delako. Eta Saioa Alkaiza ere gertukoa dugu. Zaldikon tailer desberdinak ditugu, horien artean bertsolaritza. Eta Alkaizak urte asko daramatza bertan bertsolaritza tailerrak ematen. Sarai eta Saioa oholtzan ikusita, asko pozten gara. Eta gainontzeko seiekin ere bai, noski; jende gaztea, emakume gehiago... Horrek esan nahi du aurrera goazela. Edozeini txapela jantzita pozik egongo naiz. Aurrera begira, zeintzuk dira Zaldiko Maldikoren erronkak? Badirudi elkarte gehienetan arazo antzekoa dugula: jende gaztea erakartzea. Hala ere, Zaldiko ondo ikusten dut, momentu oso gozoa bizi duela uste dut. Inoiz baino tailer eta ekitaldi gehiago antolatzen dira gaur egun. Duela bi urte pastoral bat antolatu genuen, pentsa. Izugarria da eta elkartea ez da hain indartsu eta bizi egon inoiz. Duela bospasei urtetik hona jende gaztea erakartzeko kanpainak egin dira eta jendea gerturatzen ari da; gehiago nahiko genuke, baina nahiko ondo doa. Baina egia da askotan, gauza batek oso ondo funtzionatzen duenean, jendea lokartu egiten dela. Baina uste dut lortuko dugula eta une batean belaunaldi aldaketa modu naturalean gertatuko dela. Itxaropentsu nago eta uste dut Zaldiko urte askorako dugula.