28 NOV. 2025 - 12:50h EHUk bere hezkuntza-eskaintza aurkeztuko du astelehenean Eibarren EHUk ekitaldi sorta antolatu du unibertsitate ikasketak egin nahi dituztenei informazioa emateko, eta erabakia hartzeko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzen laguntzeko. Astelehenean Eibarren egingo dute saioa, eta hurrengoa Beasainen izango da, asteazkenean. EHUk hainbat saio antolatu ditu hezkuntza-eskaintza plazaratzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzako ordezkariak Eibarren izango dira astelehenean (abenduak 1), unibertsitateak duen hezkuntza-eskaintza aurkezten. Zehaztutakoaren arabera, informazio orokorra emango dute elebiduna izango den ekitaldian.Ekitaldia batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan matrikulatutako ikasleei eta familiei dago zuzenduta. Era berean, orientazioan eta irakaskuntzan diharduten profesionalak daude deituta baita informazioa eskuratzeko interesa izan dezakeen publiko orokorra ere.«Saio hauen helburua EHUren eta etorkizuneko unibertsitate-ikasleen arteko lehen harremana bideratzea da», azaldu dute EHUko iturriek ohar batean. Hitzordua, erantsi dutenez, aukera da informazio orokorra emateko eta unibertsitatean ikasketak egiteko asmoa duenak erabakia hartzeko orduan izan ditzakeen zalantzak eta galderak argitzeko.Portalea Kultur Etxeko gradu aretoan izango da saioa, 18.30ean. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea, sarrera irekia da eserleku guztiak bete arte.Aste honetan Legazpin izan da informazioa emateko ekitaldia, eta Eibarreko honen ostean, Beasainen izango da hurrengoa Gipuzkoan, Loinazpe Institutuan, 18.30ean.Abenduaren 18rako, aurrez aurreko beste saioa izango da Donostian, Carlos Santamaria zentroan, 12.30ean, eta kasu honetan, online jarraitzeko aukera eskainiko da.