GAUR8
Entrevista
AISKOA PEREZ ETA ALE BUENO
FEMIAS KOLEKTIBA

«Ez dugu adimen artifiziala hobetu nahi, feminismotik deseraiki nahi dugu»

Artea, teknologia eta feminismoaren arteko intersekzioetan ikertzen eta sortzen dute Femias Kolektibako kideek. Berriki jaso dute Loraldiaren Sormen Digitalerako beka. Adimen artifiziala euskal nortasunean «hezi» nahi dute.

(FEMIAS KOLEKTIBA)

Posible al da adimen artifizial (AA) feminista bat? Bai, baina. Posible dela uste dute Femias Kolektibako kideek. 2023an sortu zen kolektiboa eta orduz geroztik norabide horretan dabiltza lanean. Borondateak, ordea, ez du beti dena posible, eta, hala, jarritako helburua gauzatzeko «boterea» falta zaiela azaldu du Ale Buenok.

Aiskoa Perez, Ale Bueno eta Laura MM-k osatzen dute Femias Kolektiba. Artea, teknologia eta feminismoaren ertzen artean murgilduz, adimen artifizialen begirada kritikoa garatzea dute xede. Irudiaren azterketarekin ekin zioten haien ibilbideari. 2023an Hibridalab zentroan egindako egonaldian adimen artifizial bitartez sortutako irudien alborapen edo arrakalak aztertu zituzten. «Gu arte mundutik gentozen. Urte haietan adimen artifizialaren boom bat egon zen eta gure buruei galdetu genien: nolakoak dira irudi hauek? Zer-nolako irudiak sortu ditzakegu?».

ERABILERAREN AUZIA

Adimen artifizialaren erabilera asko aldatu da 60ko hamarkadatik hona. Elementu garrantzitsuenetakoa, ziur aski, erabilera bera «demokratizatu» izana da. «Atzetik bide luzea duen arren, oraintsu hasi gara gu erabiltzen adimen artifiziala, konturatu gabe ez dakigula nola erabili behar den. Arazo piloa daude hor». Hainbat elementu daude erabilera horrekin lotuta. «Horietako bat ematen dizkigun erantzunekiko dugun jarrera akritikoa da: esaten duena ontzat hartzen dugu, galderarik egin gabe». Irudien kasuan, gainera, jasotako produktua «polita denez, ez dugu zalantzan jartzen».

Irudiek errealitatea islatzen dute. Baina irudiek errealitatea sortzen dute aldi berean. «Guk bagenekien irudiak estereotipoz beteta daudela. Adimen artifizialarekin gauza bera gertatzen zela pentsatu genuen eta hortik hasi genuen ikerketa. Gure susmoak baieztatu egin ziren, noski». Atzera egiten ari garen sentsazioa du Perezek: «Lan eskergaren ostean lorpen handiak egon dira, baina orain adimen artifizialarekin sortzen ari garen irudiekin atzera egiten ari gara».

Arazoa ze da, adimen artifizialarena ala erabiltzaileona? Femiaseko kideen ustez arazoaren erroa soziala da. «Irudiek botere handia sute, errealitatea sor dezakete. Baina errealitate horrek, aldi berean, gure gizartea islatzen du. Guk kezkatik bizi dugu, baina ezin dugu ahaztu horrelakoak garela».

Adimen artifiziala nola erabili arazo izan daiteke. Baina arreta merezi du, aldi berean, nork erabiltzen duen. Femiaseko kideek azaldu dute genero arrakala sumatu dutela erabiltzailearen profilean eta jarreran. «Gizonezkoek gehiago erabiltzen dute. Horrez gain, gizonak dira emakumeen irudiak sortzen ari direnak». Emakumeek, bestalde, beldurra dute eta etikoki zalantzan jartzen dute adimen artifizialaren erabilera.

ZER DAGO PROMPTAREN ATZEAN?

Adimen artifizialarekin lan egitean, eskaerak formulatzeko moduak asko baldintza dezake emaitza. «Guk irudiak ez ditugu hitzen bitartez pentsatzen, beste pentsamendu mota bat da, eta hitzetara eramatea oso zaila da. Horretan, gainera, oso objektiboak izan behar dugu: esaten ez dioguna, adimen artifizialak berak interpretatu eta nahi duena sortuko du».

Irudien atzean «kapa eta semantika» asko daudela azaldu du Buenok. Promptaren bidez sortzen ditu adimen artifizialak irudiak. «Prompta sortu nahi dugunari buruz adimen artifizialari bidaltzen diogun esaldia da, nolabait azaltzeko. Chat GPTren kasuan errazagoa da, gure hizkera ulertzen baitu. Baina irudiak sortzen dituzten aplikazioek beste era batean funtzionatzen dute, etiketen bidez. Nahiz eta gure erara hitz egin, aplikazioak hitz gakoak hautatu eta bertatik tiraka osatuko du irudia. Ondorioz, hitz gakoak funtsezkoak dira».

(FEMIAS KOLEKTIBOA)

Adibide bat jar dezagun. Emakume baten irudia sortu nahi dugu. «‘Emakumea’ esaten badiogu edo ‘emakume polita’, ‘polita’ hitza hartuko du. Adimen artifizialarentzako ‘polita’ etiketa bat baino ez da, abstraktua da». Gehiago zehazten ez badugu, aurrez duen informaziotik sortuko du irudia. Eta orduan agertzen dira irizpide hegemonikoak, estereotipoak eta aurreiritziak.

Adimen artifizialarekin sortutako irudientzako promptak ongi nola formulatu jakiteko gida sortu zuen Femiasek iaz. «Labur esanda, gero eta zehatzagoa izan, orduan eta kalitate handiagoa izango duzu erantzunetan. Beraz, zer eskatu eta etiketak ongi hautatzen jakin behar dugu».

EUSKALDUNON IRUDIA

“Ahotsak AA(r)entzat” proiektuarekin irabazi dute aurtengo Loraldiaren Sormen Digitaleko Beka. Laugarren edizioa da eta 10.000 euro jasoko dituzte egitasmoa aurrera ateratzeko. Bekaren helburua euskarazko sorkuntza digital natiboaren aldeko apustua indartzea da. Lan ausarta dela deritzo antolakuntzak. Epaimahaiak proposamenaren «izaera berritzailea, kritikoa eta parte-hartzailea» nabarmendu du.

Emaitza 2027ko Loraldia Festibalean aurkeztuko dute. Ahotsak izango dira nagusi, instalazio bat sortuko baitute jendeak nahi duena kontatzeko adimen artifizialari. Galdera bat proposatuko dute abiapuntu bezala, baina nahi den guztia esan ahal izango zaio makinari.

«Deialdirako prestatzen ari ginela, gure buruei galdetu genien ia zein den euskararen inguruan elementurik garrantzitsuena. Ahotsaz gain, hitz egiteko era, euskalkiak, dira gure berezitasuna. Adimen artifizialak eremu horretan dituen arrakalak bilatu nahi ditugu». Irudiekin gertatzen den modu berean, kasu honetan ere, euskal nortasunari egozten zaizkion estereotipoak nagusi izatea espero dute.

Hainbat elementu argi dituzte, beste batzuk bidean ebatziko dituzte. Tartean, «lengoaia eredu berri batekin» egin nahi dute proba. «Egun Chat GPT da lengoaia ezagunena. Euskal nortasuna edo euskal kultura zer den galdetzen badiogu, estereotipoz beteta egongo da, eta, gainera, garatuko duen diskurtsoa ez da guk sortua izango. Ameriketako Estatu Batuetatik erabakitzen dute zer sartzen den eta zer ez, ezta? Orduan, guk proposatzen duguna da guk geuk sartu ahal izatea gure ahotsa. Gure ahotsa, ahotsetatik abiatuta. Gure narrazioak, gure istorioak eta historia. Horiek guztiak, gainera, euskalki ezberdinetan».

ADIMEN ARTIFIZIALA «HEZI»

Modu kolektibo, ekintzaile eta parte-hartzailean pentsatutako artelana sortuko dute. Femias Kolektibaren logikarekin bat datorrena: «Guretzat betidanik oso garrantzitsua izan da kolektiboki lan egitea. Jakin badakigu gu ahots bat garela, bakarra, eta ez dugula jakintasun osoa». Ildo horretan, besteen ahotsak eta begiradak bildu nahi dituzte.

Horretarako, makina bat sortuko dute, ordenagailuaren edo robotaren ideiatik aldenduta. «Makina bat sortuko dugu jendeak adimen artifiziala zerbait teknologiko bezala irudika dezan, ez zerbait magiko bezala». Adimen artifiziala humanizatzeko joeraren kontra jardun nahi dute. «Askotan gu bezalakoa dela irudikatzen dugu, adimena lortuko duela eta emozioak dituela. Gu bezalakoa bada, bertan dauden diskurtso guztiek zentzua dute, ezta? Makina bat ikusten badugu, diskurtso horiek deseraikiko ditugu. Hori uste dugu behintzat».

(FEMIAS KOLEKTIBOA)

Esperimentaziotik asko izango du. «Proba moduan jolas bat» egin nahi dute, eta, horretarako, ahotsak eta begirada desberdinak bildu nahi dituzte. Emakumeak, haurrak, migratzaileak, adinekoak, hau da, «normalean kontakizun ofizialetan agertzen ez direnak». Femiaseko kideentzat ahotsa ez da datu soila, «gure gorputzetik, gure emozioetatik eta esperientzietatik datorren jakintza da». Elementu horiei ere erreparatuko die ikerketak. Hori bai, argi dute helburua ez dela adimen artifiziala «elikatzea». «Obra honek ez du adimen artifiziala hobetu nahi, deseraiki baizik».

Hutsune bat bete eta adimen artifiziala euskal nortasunean «heztera» dator proiektua. Hori bai, Bueno eta Perezek bat egin dute onartzean badirela Euskal Herrian eta euskal begiradatik sortutako tresnak. Kontua da ez ditugula erabiltzen. «Eredu handiak ditugu gustuko, edo uste dugu erantzun hobeak emango dizkigutela». Pentsaera horren arriskuak azaldu dituzte: «Gure ikuspuntutik eraikitako adimen artifizialik sortzen ez badugu, euskaldunon beharrak ez dira islatuko. Badirudi atzerago gaudela edo teknologia azkarregi doala, baina bertan egon behar dugu. Bestela, ez dugu ahotsik izango».