02 DIC. 2025 - 14:00h Zelenski eta Macronen arteko bederatzigarren bilera Parisen Ukrainako eta Frantziako presidenteen arteko bileran, lurraldearen kontrola eta subiranotasuna izan dira ardatz nagusiak. Gerra hasi zenetik Zelenskik Parisa egin duen bederatzigarren bisita da, une diplomatiko estu batean: Errusiaren eraso berriak, AEBen bitartekaritza eta Europaren presioa. Este navegador no soporta el elemento video. GAUR8 Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen artean Parisen egin den bileran, lurraldearen kontrola eta subiranotasuna izan dira ardatz nagusiak. Gerra hasi zenetik Zelenskik Parisa egin duen bederatzigarren bisita da, une diplomatiko estu batean: Errusiaren eraso berriak, AEBen bitartekaritza eta Europaren presioa gurutzatzen diren unean. Eliseoan egin duten agerraldian, Macronek berretsi du Ukrainak «babes osoa» izango duela, eta salatu du Errusiak «bakeaz hitz egiten den bitartean ere hiltzen eta suntsitzen jarraitzen» duela. AEBen ahalegina ere nabarmendu du, odolustea gelditzea «premiazkoa» dela esanez. Zelenskik, bestalde, adierazi du Ukrainaren lehentasunak segurtasun bermeak eta lurraldearen subiranotasuna bermatzea direla, eta ohartarazi du Errusiak «ez lukeela saria jaso behar egindako erasoagatik». Gainera, aste honetan AEBetako ordezkari berezi Steve Witkoffek Moskun izango dituen bileren ostean, Donald Trump presidentearekin hitz egitea espero duela esan du. Bileran hainbat herrialdek hartu dute parte telematikoki —Alemania, Erresuma Batua, Polonia, Italia eta beste batzuk— eta guztien artean adostasun argia izan da: gerra amaitu behar da, baina modu «justu» batean. Testuingurua, ordea, gero eta korapilatsuagoa da. Errusiaren azken erasoek hildako gehiago utzi dituzte, eta Ukrainako gobernuaren barruan ustelkeria kasu batek zalantzak sortu ditu. Bestalde, NATOren barruan ere Errusiaren taktikei aurre egiteko neurri zorrotzagoak aztertzen ari direla jakin da.