06 DIC. 2025 - 00:00h Merkatarien bigarren kanporatzea «IruSur», Irun eta Arasurren hibridoa. (TXINTXURRETA) Gilen Txintxurreta Beitia Arkitektoa Gabonen aurretiko hilabete parea zurrunbilo kontsumista betean murgilduta pasatzea ohitura bihurtu zaigu, merkatariak tenplutik kanporatu zituenaren jaiotza erosketa artean ospatuz. Ezin esan daiteke, baina, Jesus bera merkataritzaren etsaia zenik. Lukurreria eta zekenkeria zituen etsai, ez, ordea, okina edo arrantzalea, edota, are gutxiago, kristau liturgian ezinbestekoa den ardogilea. Bekatu izan edo ez izan, merkataritza da, bere zentzu zabalean, gizarte garaikidearen sostengu nagusia. Hiriak norberak bere kabuz lortu ezin zituen ondasunak trukearen bidez eskuratzeko toki bezala sortu ziren, hau da, merkataritza, nekazaritzarekin batera, hiriaren genesian bertan dago. Lanaren banaketa sozialak trukerako gaitasuna dagoen heinean soilik du zentzua eta oinarrizko sistema ekonomiko horren garapenaren emaitza da gure mundua. Trukea beharrarekin erlazionatuta egon izan da beti, baina produkzio gaitasunaren hobekuntza teknikoak produktuen oparotasuna ekarri du, eta, momentu batetik aurrera, objektuen kontsumoa jada ez dago behar izatearekin erlazionatuta, izatearen beharrarekin baizik. Ondasunak edukitzea, edo edukitzearen itxura ematea, estatus sozialaren parekide bihurtu da. Guy Deborden “Espektakuluaren gizartea” liburuan hala sintetizatzen zuen bere garaia, eta, 1967an idatzi bazen ere, sare sozialen aroak inoiz baino gaurkotasun gehiago ematen die bere hitzei. Itxurakeria horren bilaketan, kontsumoak eta honi loturiko ekimenek garrantzi berezia hartu dute. Erostea ez da jada nahikoa, momentu onenean ahalik eta merkeen erosi behar da. «Yo no soy tonto». Gogoratzen? Gabonen bezperako Black Friday egunak urteak daramatza gure artean eta, azken boladan, erosketa konpultsiboen egutegian txokoa egin du Cyber Monday egunak ere. 2005ean asmatu zen egun horren helburua jendea erosketak online egitera animatzea zen. Nork esango zien Kaliforniako teknoguru horiei 2025ean egunero dela Cyber Monday! Hirien sorrera merkatuari zor badiogu, haien heriotza merkatuaren infiniturainoko hedapenarekin lotu dezakegu agian. Merkatuaren digitalizazioak eta globalizazioak, ondasunak comodity bihurtu ditu, distantziak eta jatorriak pisurik ez duten pantailako irudi neutro, klik baten bidez etxeko atarian jaso ditzakegunak. Ondasunen horniketa klasikoa logistikak ordezkatu du, gauzak mundu mailako merkatu batean azkar eta merke banatzearen teknikak, eta, erraldoi horien aurrean, merkatari klasikoen tokia gero eta urriagoa da. Logistikak ez du kalea eta jendea behar, autobideak eta pabiloiak behar ditu. Horiek horrela, gure kaleetako beheko solairuak argiztatzen zituzten eguneroko denden aroa gainbeheran dagoela dirudi, lehiatzea ezinezkoa egiten duten Temu, Shein edo beste mila plataformaren aurrean. Online saltzen diren produktuak gainera, askotan politak eta merkeak izaten dira, azken finean, haien helburua, proiektatu nahi dudan pertsonaren irudia merke eta erraz sortzea baita. Onak ote diren, beste kontu bat da. Pantailetan ikusten ez duguna, produktu hauek mundu zein kale mailan sortzen dituzten disfuntzioak dira. Egungo produkzio eta kontsumo sistema (arropa, telekomunikazio, elikadura…), mundu osoan zehar garraiatu behar diren ontasunak sortzean oinarritzen da, eta, helburu bakarra, salgaiak eroslearentzat eskuragarri izatea da. Prezioa merke mantentzeko, produkzioan miseria sortzen dute, eta garraioan inork ordaintzen ez duen kutsadura eragiten dute. Kanpokotasun horiek konpentsatu beharko balira, produktuak jada ez lirateke horren merkeak izango, eta merkatu globalak funtzionatzeari utziko lioke. Bai, baita gure industria preziatuak ere. Hori epe laburrera gertatuko ez denez, globalizazio bortitzaren eraginak leuntzeko, beste askotan bezala, gure esku dagoena egitearekin kontsolatu behar. Komunitate energetikoekin, zero kilometroko elikadurarekin edota kotxea partekatzen dutenekin gertatzen den moduan, erosketetan ere, erraztasunaren aurretik ongizate orokorra lehenesten duten jarrerak bultzatu behar ditugu. Kontraesanak gure bizitzaren parte natural gisa onarturik, ahal den neurrian, merkatu global honen tentazioei bizkar emateak eta bertoko denda eta komertzioetan erosteak munduaren osasunari eta hirietako kaleei bizitza ematen laguntzen duela sinetsi nahiko nuke. Erabaki handiak hartzen diren bitartean, ekintza txikiek badutelako eragina. Gabon zoriontsuak denoi! •