12 DIC. 2025 - 05:00h 125 urte bete dira Mária Telkes, eguzki-energiaren aitzindaria, jaio zenetik 1900eko abenduaren 12an jaio zen Budapesten Mária Telkes, asmatzailea eta zientzialari aparta. Sortzaile oso emankorra izan zen, gailu termal asko sortu zituelako eta, horregatik, ‘eguzki-erreginaren’ ezizenez da ezaguna. Mária Telkes, eguzki-energiaren aitzindaria. (WIKIPEDIA COMMONS) GAUR8 «Eguzkia energia-iturri gisa erabiliko da, lehenago edo beranduago... Orduan, zergatik itxaron?», esan omen zuen Mária Telkes-ek (1900eko abenduaren 12a –1995eko abenduaren 2a). Hau da, antza denez, bere aipu ezagunenetako bat. Hungariar-estatubatuar kimika fisikoa zen Mária Telkes, eta eguzki-energiako teknologiak garatzeko ingeniaritzari eskaini zizkion bere indar guztiak. Besteak beste, lehen eguzki ur gatzgabetzailea, lehen eguzki berogailu sistema eta lehen eguzki labea diseinatu zituen emakume honek. 1900eko abenduaren 12an jaio zen Budapesten, Hungarian, jatorri judua zuen familia batean. Kimika Fisikoan doktoretza lortu zuen Budapesteko Unibertsitatean eta, 1925ean, Estatu Batuetara emigratu zuen bere karrera profesionala bertan garatzeko. Bizitza osoa AEBetan eman ondoren, jaioterrira, Hungariara, itzuli zen 1995ean, atzerrian 70 urte eman ondoren. Bertan zegoela zendu zen, 94 urte zituela. Zaila da laburbiltzea bere bizitza profesional oparoan egin zituen asmakizunak. Lehena Clevelanden garatu zuen: garun-uhinak erregistratzen zituen gailu fotoelektriko bat zen eta lan horri esker, ‘The New York Times’-ek, beste hamar emakumerekin batera, AEBetako hamaika emakume garrantzitsuenen artean jarri zuen Telkes 1934an. Massachusetts Institute of Technology-n (MIT) lanean ari zenean, Bigarren Munduko Gerra piztu zen. 1942an, itsasoko ura gatzgabetzeko eta kontsumorako egokia zen ura lortzeko gai zen eguzki-sistema eramangarri baten prototipoa diseinatu zuen, Armadarentzat. Denborarekin, larrialdi militarreko kit estandarren funtsezko gailu bat bihurtuko zen. Gerraren ostean, Dover izeneko eguzki-etxeko berokuntza-sistema izan zen bere proiektu aipagarrienetako bat. Hiru emakumek sortu zuten berokuntza-sistema hori 1940ko hamarkadaren amaieran: Eleanor Raymond arkitektoak; Amelia Peabody eskultoreak; eta Mária Telkesek. Etxebizitza bat eguzki-energiaz bakarrik berotzen zuen lehen berogailua diseinatu zuen. 1953an, MITek Mária Telkes kaleratu zuen, bere asmakuntzek produktibitaterik ez zuela adierazten zuen txosten bat argitaratu zenean. New York University College of Engineering-en eta enpresa pribatuetan jarraitu zituen eguzki-energiari buruzko ikerketak. Bere eguzki-labeak merkeak, sinpleak eta eraikitzeko errazak ziren. Gaueko hotza biltegiratzen zuten aire girotuko sistemak diseinatu zituen, era berean.