«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»
Artean gaztetxoa zela, 1961eko uztailaren 12an euskal kostaldea kolpatu zuen ekaitz bortitzak itsasoan lanean harrapatu zuen Anton Abaroa. Bizirik nola irten zen kontatu digu 64 urte geroago.

Anton Abaroa lekeitiarra umetan hasi zen herriko Aitta Guria arrantza-ontzian lanean. 1961eko uztailaren 12ko ekaitzak, Bizkaiko golkoan XX. mendean izan den hilgarrienetako batek, itsasoan harrapatu zuen eta mirariz salbatu zuen bizia, Getariako ontzi bateko tripulazioaren ahaleginari esker. Aitta Guria ontziko gizon guztiak bizirik itzuli ziren Lekeitiora, baina denboralean 83 lagun hil ziren, tartean Euskal Herriko hamalau, horietatik lau lekeitiarrak. Bizipen gogor hari buelta emanda, Abaroak erretiratu arte egin zuen lan itsasoan eta, gaur egun ere, arrantzan irteten da bere txalupa txikian. Hala ere, xehetasun handiz gogoratzen ditu 13 urterekin bizi izandakoak.
Nola hasi zinen Aitta Guria ontzian lanean?
Etxean bagenuen motor txiki bat eta aitagaz itsasora irteten hasi nintzen. Lehenengo olgetan eta, konturatu barik, gero benetan, 9-10 urtegaz. Amari esaten hasi nintzen itsasontzi batean hasiko nintzela, eta pentsatzen zuen behin joan eta ez nintzela berriro itzuliko. Bada, joan nintzen behin eta sekula ez dut utzi! 13 urtegaz proposatu zidaten Aitta Gurian mutil txiki hastea; lehenengo aldietan legatzetan ibili ginen.
Zer zeregin izaten zenituen Aitta Gurian, mutil txiki zinela?
Den-dena egin behar nuen, marinelek behar zuten guztia. «Ekarri hau, ekarri bestea» ibiltzen zitzaizkidan denak. Aita ontziko sukaldaria zen eta plater guztiak ere neuk garbitu behar nituen. Txikotagaz egiten genuen platerak garbitzeko espartzua, atoian ekartzen genuen eta garbi-garbi geratzen zen. Xaboirik ere ez zegoen, sutako hautsa erabiltzen genuen. Eta ondo geratzen zen, e! Arrantzako orduan, atunak ontzira altxatzen zituztenean, han egon behar nintzen ni, errematea emateko kakoagaz. Besteek kobratzen zutenaren hiru laurden ematen zidaten niri, baina haiek baino behar handiagoa egiten nuen!
Ontzi modernoagoen aldean, txikixeagoa zen Aitta Guria, ezta?
Bai, 15 metro luze zen. Gerra bueltan egin zuten, eta 18.000 pezetako balioa izan zuen. Zumaiako motorra zeukan, Unanue etxekoa, 75 zaldikoa. Erretiratuta ere egon zen, baina urte hartan berriro erabiltzen hasi ziren, “kazan” izena duen teknikagaz arrantzan egiteko. Ni itsasoratu nintzenerako hasiak ziren agertzen ontzi modernoagoak, ekosondadunak. Guk, ostera, irratirik ere ez geneukan laguntza deiren bat bidaltzeko; irrati seinalea entzun bai, baina ezin genuen ezer bidali. Patroiak erlojua eramaten zuen lepoan zintzilik eta buruz egiten zituen kalkuluak non geunden jakiteko, lapitzik ere ez geneukan eta!
Eta tripulazioa zelakoa zen?
Gure aita eta makinista kenduta, besteak marinel arruntak ziren, barkua bera ere zaharra zenez… Bazegoen bat hanka ortopedikoa zuena, beste batek betaurreko lodi-lodiak behar zituen. Bederatzi lagun ginen, edo zortzi eta erdi, ze ni umea nintzen.
1961eko uztaileko enbata baino egun batzuk lehenago itsasoratu zineten.
Eguerdi bueltan irten ginen, atunetan. Gure etxe aurrean bazegoen espigoi bat, “San Pedro Kilinkalakua” izenekoa; orain ez dago, eta handik itsasoratu ginen. Artean ez genekien denboralea zetorrenik, hurrengo egunean hasi ziren eguraldiaren parte batzuk zerbait esaten: itsaso zantarra zetorrela entzun genuen irratian. Nik, hasieran, beste ardura bat neukan, zorabiatu egin nintzelako. Motor txikian ez nintzen zorabiatzen, baina ontzi handian bai. Uztailaren 6 edo 7 bueltan abiatu ginen eta hilaren 11n ikusi genuen itsasoa plater baten moduan zegoela, leun-leun, eta egundoko beroa zegoen. Ontzian zeuden zaharrenek berehala igarri zuten hura ez zela seinale ona. Gizonak berbetan egoten zirenean ni ezin nintzen arrimatu, baina ezkutuan entzun nuen Gregorio patroiari esan ziotela, beharbada, itsasoan barrurago joan behar genuela, eguraldi zantarrari ihes egiteko. Inguruan zebiltzan Bretainiako ontzi txiki batzuk, guk balandroak esaten genien, eta haiek ikusita erabaki zuten urrunago ez joatea. Balandroek ez bazuten alde egin, zer dela eta arduratu? Gerora jakin genuen haietako batzuk hondoratu egin zituela denboraleak.

Nola hasi zen ekaitza?
Lotara joan ginen, baina ni lo gutxikoa naiz eta zaratak entzuten hasi nintzen, ontzia gero eta gehiago mugitzen zelako. Burua atera nuen pixka bat eta hura bai haizea! Gero eta gogorrago, baina patroia lo. Beste gizonek esnarazi zuten eta berehala eman zion agindua makinistari: «Juan, piztu motorra». Abante, mugitzen hasi ginen. Haizeak hego-mendebaldetik jotzen zuen. Normalean, denboraleari aurre egiteko, ontzia atzea emanda jartzen da, baina gu geunden lekuan hori ez zen ideia ona, itsasoak Frantziako kostara bultzatuko gintuelako. Frantziako bokaleetan igarobide oso estuak daude eta halako haizearekin eta ingurua ezagutu barik ontziak hondoa jotzeko arriskua zegoen, buiak ez genituelako ikusiko eta radarrik ez geneukalako. Patroiak nahiago izan zuen kapan geratu, horrela esaten zaio mugitu barik geratzeari, zain.
Aitta Guriak, baina, ez zion eutsi.
Olatu batek zubiko ate biak kendu zizkigun kolpean. Kuriosoa da, ze zubian zegoen Gregorio patroia eta olatuak ez zuen mugitu, baina ateak han joan ziren. Atzeko beheko parteko botabara [euskara batuan, ezpeleta] eta paloko goiko aldea ere apurtu ziren. Itsaso guztia sartu zen barrura.
Salbaziorik ez zenutela uste izan zenuten, ezta?
Ura kentzeko egurrezko baldeak erabiltzen hasi ginen, baina balde haien pisua handiagoa zen barruan hartzen zuten urarena baino, alferrik zen. Halakoren batean, makinistak eta patroiak esan ziguten ez zegoela zer eginik. Gizonak hasi ziren esaten, «bueno, ba bagoaz»; batzuk negarrez zeuden. Mezuak ematen hasi zitzaizkion elkarri, andrearentzat-eta, baten bat salbatuko balitz. Ikararen ikaraz, oilo-ipurdia jarri zitzaidan eskuko ahurretan. Hori ezinezkoa dela diote, ezta? Ba niri irten zitzaidan!
Orduak egin zenituzten noiz hondoratuko zain. Nola agertu zen zuen salbazioa?
Uste dut alba zela [egunsentia], aita gora igo zen eta urrunean argiak ikusi zituen. Bista ona zeukan gure aitak. Besteoi esan zigunean, batzuek pentsatu zuten zoratu egin zela. Juan Zozua, makinista, igo zen eta ez zuen ezer ikusi, baina otu zitzaien manta bat eta metxeroetako gasolina hartu eta sua egitea. Orduan ikusi zituzten argiak hurbiltzen. Mater Dolorosa zen, Getariako ontzia, gurea baino sendoagoa. Aitta Guria baino handiagoa zen, 23 metro eta 150 zaldikoa, eta berri-berria, urte bi izango zituen. Beltza zen. Tristezia gogorrenetik poztasun handi-handi batera pasatu ginen.
Hala ere, zer egin erabakitzea ez zen erraza izango, ekaitza bete-betean jotzen ari zela.
Han hasi ziren iluminatu batzuk, zein baino zein ideia xelebreagoak esaten. Batzuek proposatu zuten ontzi biak arrimatzea elkarren albo-albora eta guk batetik bestera salto egitea. Jakina, hori eginez gero, itsaso haregaz, ontzi biek elkar jo eta biak joango ziren hondora. Orduak pasatu zituzten irtenbide egokia adosten. Haizearen zaratagaz ia ez zen entzuten ontzi batetik bestera. Saredun ontzietan aurreko tira esaten zaion soka sendo eta luze bat dago, 200 metro ere baditu. Pentsatu zuten Mater Dolorosaren soka Aitta Guriara botatzea eta gu banaka lotu eta pasatzen joatea. Gizon abilak egoten ziren ontzietan, txikota zehaztasun handiz botatzen zutenak. Mater Dolorosakoa Jose Mari Ulacia zen, lehenengo ahaleginean jo zuen gure ontziaren erdi-erdian, denborale betean eta ehun bat metrora egon arren.
Lehenengo zeu joan zinen. Lotu zintuzten eta zer gertatu zen?
“Ballestrinke” izeneko korapiloagaz lotu ninduten eta ez zen ideia ona izan, tiratu ahala estutu egiten delako. Kortxozko flotadore biribil bat jarri zidaten inguruan eta esan zidaten: «Egin dzanga Lekitton egiten duzun moduan». Eta nik buruz behera salto, baina ez nuen hori egin behar, ze flotadoreagaz eta txikota zelan zegoen lotuta, burua ur azpian geratu zitzaidan, ezin aterata. Niretzat hor gaua egin zen. Beste ontzitik tiraka hasi ziren, baina nik ezin nuen arnasa hartu; bost bat minutu egin nituen buruz behera. Itsasoko ura tragatzen hasi nintzen, gatzak erre egiten zidan eztarria. Hil egin nintzen, badakit zer den hiltzea. Neure buruari esan nion trankildu egin behar nintzela eta, momentu batean, “bai ederto nagoena!” pentsatu nuen: huraxe zen heriotza. Konortea galdu nuen.

Baina irten zinen estualditik.
Ni joanda nengoen, guztiz hilda ere ez nintzen egongo, baina tira. Neure senera bueltatu nintzen lepoan kolpe gogor bat sentitu nuelako. Mater Dolorosaren atzealdea jo nuen, beltz-beltza zen. Orkatilatik zintzilik nengoen, hala altxatu ninduten. Kolpe hark salbatu ninduen heriotzatik, barruko ur guztiak atera zizkidalako eta airea hartu nuen berriro. Buruz behera zintzilik nengoen eta horrek ere lagundu zuen ura ateratzen. Gerora, itsas kartetan begiratuta, kalkulatu dut 4.500 metroko sakonera nuela azpian. Behin ontzian, nigaz egon zen Florentino, Mater Dolorosako mutil txikia, baina hark 15 urte zituen, ni baino handiagoa zen. Arropa berria eman zidaten; handiegia zen niretzat.
Zenbat lagun pasatu zineten ontzi batetik bestera?
Lau, tartean gure aita. Besteek, nire estualdia ikusita, korapilo diferentea erabili zuten eta flotadorerik ez. Orduan, burua atera zezaketen arnasa hartzeko. Jesus Koxua gugana heldu zenean, getariarren patroiak, Jose Mari Iribarrek, galdetu zion ea Aitta Gurian egoera zelan zegoen eta hark, ez dakit zergatik, esan zion hain txarto ere ez zegoela. Mater ere arriskuan zegoen, edozein olatu gaiztok joz gero… Orduan, pentsatu zuten gainerakoak Aitta Gurian geratzea eta ontzi biak elkarrengandik hurbil geratzea, kapan, badaezpada. Orduak egin genituen, baina iluntzean euri gogorra hasi zen, lanbroa, eta bistatik desagertu zitzaigun Aitta Guria.
Bermeon sartzea lortu zenuten. Zer egin zenuten?
Arrastero handi bat topatu genuen eta Ribadesellatik 120 miliara geundela esan ziguten. Ibili eta ibili, gure kostaldeko mendiak ikusten hasi ginen. Momentu batean, Lekeitio eta Bermeo artera heldu ginen, baina Mater Dolorosako patroiak kalkulatu zuen hobe zela Bermeon sartzea. Gainera, Perrate izeneko Santoñako ontzi txiki bat atoian eraman genuen, matxuratuta topatu genuelako. Lehorrean, patroia eta gure aita pasatutako guztiaren testigantza ematera joan ziren. Bide batez, Lekeitiora abisua pasatzeko eskatu zuten, baina, dena delakoagatik, inork ez zuen deitu eta gure etxeetan ez zekiten Bermeora ailegatu ginela.
Bien bitartean, Aitta Guriak Lekeitiora heltzea lortu zuen, guztiz apurtuta. Aita eta zu ontzian ez zeundetela ikustean, larritu egin ziren etxekoak?
Gure amak ez zuen ikusten ez gizonik ez semerik, eta Bermeotik inork ez zuen abisua pasatu. Kalean zabaldu zen zurrumurrua, beste barku batera salto egin genuela, baina amak ez zuen sinetsi, jendeak kalean edozer esaten duelako ezer jakin barik. Bermeon egin beharreko guztia egin eta gero, Mater Dolorosak etxerako bidea hartu zuen, Getariara, eta bidean Lekeitioko portuan sartu zen, gu han uzteko. Herrian orduan jakin zuten bizirik geundela. Ailegatu ginenean sekulako poza hartu zuten denek eta amak galdetu zidan ea zein ontzitan etorri ginen. Gure ama ez zen oso elizkoia, baina Mater Dolorosaren berri entzun eta segidan esan zuen miraria zela. Amaren ahizpa batek ortua zuen kanposantuko bidean eta han alboan dago irudi bat Doloretako Ama Birjinarena, hau da, Mater Dolorosa. Denboralea hasi zenean ama hara joan zen errezatzen, belauniko erregutu zion semea eta gizona onik ekartzeko, eta, kasualitatez, Mater Dolorosa izeneko ontzi batek salbatu gintuen. Horregatik pentsatu zuen miraria zela.
Getariako ontziko jendearekin berriro elkartzeko modurik izan duzu?
Urteetan eta urteetan ibili nintzen Florentinoren bila. Getariara joaten nintzen, baina hura Zarautzen bizi zen. Jose Mari Ulaciak, bere partetik, ikaragarrizko ahalegina egin zuen ni topatzeko. 50 bat urte nituela egin genuen kontaktua eta lantzean behin elkartu izan gara. Haietako hiru-edo bizirik daude oraindik, ez da aspaldi Florentinogaz egon nintzela. Denboralean hildako guztiak ere gogoan ditut. Uste dut 23 barku hondoratu zirela, gizon asko hil ziren. Gehien-gehien, Galizian, baina hemen ere bai. Lekeition lau lagun galdu ziren.

Manuel de Ynchaustik 34 ume babesteko sortu zuen Lapurdiko koloniaren historia

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

«Nahiz eta deserosoa izan, bake pixka bat ematen du azkura eragiten duten gaiei buruz aritzeak»
