16 DIC. 2025 - 05:00h Jane Austen, emakume eta idazle aitzindaria Duela 250 urte, gaurko egunez, Jane Austen jaio zen. Bere lanetan erakutsi zuen trebezia eta pentsaera dela-eta emakume aitzindari eta zenbait alderditan eredugarria, zinemak ezagutarazi zuen neurri handian idazle bikaina. 'Austen gaztea' filmeko fotograma. (Miramax/Courtesy Everett Collection) GAUR 8 Bi mende eta erdi dira besteak beste 'Pride and Prejudice' eta 'Sense and sensibility' eleberrien egilea jaio zela. Lan horiek sinatu zituen andreak (A lady), Jane Austen zituen izen deiturak eta gaur egun eredugarria iruditzen zaie askori bere liburuak argitaratzeko baliatu zuen pertseberantzia, emakumeak eta haien talentua ikusezin bihurtzen zituzten gizonek menderatutako mundu batean kontrako norabidean aurrera egin baitzuen.Steventon herrian jaio zen Jane Austen, 1775eko abenduaren 16an, nekazari familia noble batean, haren lanek deskribitzen duten giro eta testuinguruan, hain zuzen. Umea zenetik, idazteko trebetasun eta talentu nabarmenak erakutsi zituen.1809an Chawtonen (Hampshire) bizitzera joan zen. Han idatzi zituen Jane Austenek bere nobela gehienak. Nabarmentzeko modukoak dira, besteak beste, “Pride and Prejudice” (1813) eta “Northanger Abbey”, 1797an hasi eta 1818an –hil ondoren– argitaratua; baita beste batzuk ere, hala nola 'Sense and Sensibility' (1811), 'Mansfield Park' (1814), 'Emma' (1816), 'Persuasion' (1818) eta “Letters” (1932).Gaixotu ondoren, eta hil baino lau hilabete lehenago, bukatu gabe utzi zuen 'Sanditon' eleberria. Haren egokitzapena da 2020ko 'Sanditon' minisail britainiarra. Izan ere, haren lanak zinemara eraman izanak ezagun egin zuen Austen mundu osoan, bera bizirik zegoela ez baitzuen horrenbesteko osperik. 1817ko uztailaren 18an hil zen, 41 urte zituela.Jane Austenek zehaztasun handiz deskribatu zuen bere inguruko mundua, bereziki Ingalaterrako goi klaseko nekazaritza mundua, bere eleberrietan. Nabarmentzeko modukoak dira pertsonaien azalpen psikologiko zorrotzak eta umorez eginak. Haren obra eguneroko bizitzari, errealitateari lotua da, eta eleberrietako protagonista nagusiak emakumezkoak dira, beren ahots propioa dutenak eta, gizarteak ezarritako arauak gainditu gabe ere, beren iritzi eta jokabide propioak dituztenak. Jarrera horrek talka egiten zuen garai hartan emakumearen heziketaren inguruan hedatuta zeuden ideiekin; gainera, garaiko konbentzio eta jarrera askoren kritika egin zuen, elkarrizketa burutsu eta trama ongi harilkatuen bidez, ironiaz, umore dotorez eta edertasun finez. Haren lanek eragin handia izan dute ondoko nobela modernoaren garapenean.