18 DIC. 2025 - 12:18h ‘Memoriaren bideak’, Euskal Trenbide Sarearen 20. urteurreneko erakusketa zazpi geltokitan ‘Memoriaren bideak. ETS, 20 urte Euskadi saretzen’ erakusketa jarri dute ikusgai Euskal Trenbide Sareko zazpi geltokitan, erakundearen 20. urteurrena ospatzeko. Guztira, 143 irudi daude banatuta geltoki ezberdinetan, azken bi hamarkadeetako «lan enblematikoenetako batzuk» erakutsiz. Susana Garcia Chueca, erakusketaren aurkezpenean. (IREKIA) GAUR8 Lakuako Gobernuko Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde ‘Memoriaren Bideak. ETS, 20 urte Euskadi saretzen’ izenburuko argazki erakusketa antolatu du bere 20. urteurrena dela eta. Erakusketa osatzen duten 143 irudiak zazpi geltokitan banatuta daude, eta EAEn azken 20 urteetan egindako trenbide lan enblematikoenetako batzuk erakusten dituzte.Mugikortasun Jasangarriaren Sailetik gogorarazi dutenez, Gazteizko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen 2004an Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca Legea. Urte horretan bertan, lehen fasean, ETS eratu zen, Metro Bilbaorako ingeniaritza (Imebisa) zaharraren ekipoan, egituran eta egitekoetan oinarrituta.Bigarren fasean, 2005ean, ETSri eskualdatu zitzaion Euskotrenen proiektu eta obra unitatea. Hurrengo urtean amaitu zen prozesua, gaur egun erakunde publikoaren Ustiapen arloan ari diren Euskotreneko langileak eta bitartekoak eskualdatuta.Erakusketa Irungo, Amarako, Ermuko, Durangoko, Zornotzako geltokiko eta Bilboko Zazpikaleetako terminaletan ere ikus daiteke. Horietan guztietan, ETSk egindako obra esanguratsuenetako batzuk ikusten dira, baita geltoki bakoitzaren inguruan egindako hurbileko azpiegiturei buruzko atal berezia ere.Irudi horietako batzuk Gasteizko eta Bilboko tranbien geltoki batzuetan dauden opi digitaletan ere ikus daitezke. Testuinguru horretan, ETSk 132 argazki dituen 128 orrialdeko katalogoa argitaratu du, erakusketaren izenburu berarekin: ’Memoriaren Bideak, ETS, 20 urte Euskadi saretzen’.Gaur egun egiten ari diren azpiegituretako batzuk ere badaude, hala nola Bilboko metroaren 5. linea, hegoaldeko trenbide saihesbidea, abiadura handiko Atotxako geltokia, Topoaren lurpeko saihesbidea Donostiako erdialdetik igarotzean eta Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea.Erakusketaren aurkezpenean, Susana Garcia Chueca sailburuak epe laburrean egin beharreko obra garrantzitsuak zerrendatu ditu, hala nola Bilboko metroaren 4. linea, Arkautiko lotunea eta abiadura handiko Bilborako sarbideak eta tranbien luzapenak Zabalganara (Gasteiz) eta Zorrotzaurrera (Bilbo).