19 DIC. 2025 - 00:00h Entrevista Xabat Galletebeitia Abaroa Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista «Pozik nago seigarren finalera iristearekin, baina ez du esan nahi konformatzen naizenik» 1986, Lekeitio. Esperientzia pilatua eta seigarren finala du aurtengoa. 2016an buruz burukoan kantatu zuen eta ordutik goiko postuetan ibili da. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Iraitz Mateo Seigarren finala duzu. Oraindik sentitzen duzu zirrara? Nire lehen finaletan pentsatzen nuen, “zer izango ote da behin eta berriz finalean kantatzea?”. Eta orain neuri hori pasa ahala, orduko hartan entzuten nuena egia dela sentitzen dut, seigarren finala izan arren, ez dela beste bat gehiago. Pozik nago seigarren finalera iristearen lorpenarengatik bakarrik; horrek ez du esan konformatzen naizenik, baina balioa ematen diot egindakoari. Baretasun edo poz berri batekin ere bizi dut. Bi itzulitan jokatu dituzue finalaurrekoak lehen aldiz. Apustu berria izan da. Azken txapelketetan ohituta egon naiz saio bakar batera jokatzera, eta hor kale edo bale da; ni eroso sentitzen nintzen lehiaren dinamika horretan, neure buruari neurria hartua nion. Aurten, kuriositatea nuen ea nik nola erantzungo nuen; praktikara joanda, lehen itzulian ilusioa nuen saio hori irabaztekoa, banekielako Markina-Xemeingo saiora eramango ninduela; bereziki eroso eta pozik geratu nintzen. Hortik bi aste eskasera, ustez errazagoa zenean eroso sentitzea, aspaldiko arratsalderik lotuenarekin topatu nintzen. Puntuazioz lehenengotakoa egon daitekeenetako bat naiz, eta, aldi berean, finaletik kanpo geratu ahal zenetako bat. Noizean behin gustatzen zait nire buruari gogoraraztea, edo bertsoak gogoraraztea, hanka sartzen dugula; umiltasun ariketa bat da, batzuetan aukeratua eta besteetan behartua. Aurkezpenean konfiantza aipatu zenuen. Batzuetan ematen du oholtzara igotze hutsagatik autoestimu altua duten sortzaileak garela, eta ez da horrela. Ez dut uste denoi gertatzen zaigun zerbait denik konfiantza faltarena, baina nire bizitzan ez da puntu indartsuena autokonfiantza. Hala ere, saiatu naiz hori lantzen, garatzen eta posizio horretatik ere egiten. Markinako saioaren ostean askok esan didate asko sufritu zutela nirekin, transmititu egiten nuelako sufrimendu hori, eta horrek poztu egin ninduen. Horixe zelako oholtza gainean kantatzen ari nintzenean pasatzen ari zitzaidana, pertsonak gara, hauskorrak, eta pila bat kostatzen zaigu oholtza gainera igotzea, eta hori presente egotea uste dut ondo datorkigula bai geuri eta baita entzuleari ere. Zu entzunda erraza dirudi gaiei tolestura bat topatzea edo hitz zehatzak aukeratzea. Gustatzen zait txapelketak lanketarako erabiltzea, ariketa modura bizi izan dut beti, bai bertsotarako eta baita pertsona modura ere. Ikusten dut lanketa horiek eramaten nautela gai batzuen inguruan pentsatzera edota nire iritziak aldatzera. Hortik bizi dut txapelketa eta aurtengoa ere lanketarako erabili dut; egia da orain denbora ezberdin kudeatu behar dudala, baina jarraitu dut interesgarriak iruditzen zaizkidan gauzen inguruan hausnartzen, hiztegian sakontzen, esateko modu berriak topatzen… Horrek engantxatzen nau txapelketara, neure garapenerako erabiltzeak eta hori bidelagunekin partekatzeak. Askotan irakaspen handienak arlo pertsonalean hartzen ditugu, eta, txapelketak hori eskaintzeari uzten dion momentuan, oso argi daukat inongo traumarik barik txapelketara joateari utziko diodala. Horrek lasaitasuna ematen dit. Casillarako helbururik? Helburu nagusia konfiantzarekin berriro konektatzea da. Aukera modura ikusten dut, plaza ona izan daiteke egindako lanketa hori praktikara eramateko. Orain dela bi urte oso presente nuen txapelketan plazerarekin konektatzea, eta lortu nuen; gainera, hortik aurrera, plazan ibili naizenean sumatu dut diferentzia bat nigan, askoz gehiago gozatzen dut. Orain nire buruari balio gehiago eman, konfiantza izan eta gertatuko dena lasaitasun horretatik bilatu nahiko nuke. Arantza Plazak jantziko du txapela. Jakin genuenean poz konpartitu bat hartu genuen Bizkaiko bertsogintza osatzen dugunok, Arantzari merezitako lekua emango zaio. Ikaragarrizko ilusioa egingo lidake Arantzak txapela janzteak, sekulako deskubrimendua izan delako bertso munduan. Sustapen lanari lotuta, ikusten dugu nola gazteak are bertsozaleagoak diren, militatzeko eremu bat ere badela beraientzat bertsogintza, antolakuntzan hartzen dutela parte… Arantzarekin horretaz hizketan sustapenak duen garrantziaz ohartzen gara.