27 DIC. 2025 - 00:00h AZKEN-AURREKO TRAGOA: PEPE, JOXE, ARANTZA... ETA MANUELA Pepe Mujica, Joxe Azurmendi eta Arantza Arruti. Hurrenkera horretan, hiru itsasargi handi joan dira 2025ean. Istorio honetan hirurak elkartu ditugu. Kontakizuna fikziozkoa bada ere, bertan emandako datuak eta aipuetako asko egiazkoak dira. Kasu horietan, haien esanak letra etzanez jarri ditugu. Pepe Mujica eta Manuela txakurra. (Unai GAZTELUMENDI) Mikel Urdangarin «Bat, bi, hiru... hamahiru, hamalau... Ez al dago apostolu bat soberan?». Peperi kontuak ez zaizkio ongi ateratzen. Itzultzerik ez dagoen lekura iritsi berritan, arbaso euskaldunen lurrera itzuli da bisitan eta hortxe dago, hausnarrean, Arantzazuko paraje eta artelanei begira: apostolu hutsak, Kristo Gorria... «Hau bai eliza kuriosoa!», pentsatzen ari da bere kolkorako. Bizirik zela eskatu bezala, Manuela txakurra du bidelagun, hiru zangoen gainean zutunik. Eztulak eta agure erreumatikoaren bestelako ajeek ere haren konpainian jarraitzen dute, nahiz eta horiek ez dituen horren gustuko: «Hemen ere ez ote naute bakean utziko!», kexatzen da, mateari zurrutadatxoa ematen dion bitartean. Halako batean, Manuela zaunka hasi da. «Ixooo...!», esan du ahots mehar batek. «Barkatu, baina nondik agertu haiz?», Pepek, harrituta. «Isilik, mesedez», berriz erantzuna: «Ez diat inork entzuterik nahi». Hanka-puntetan dabil, badaezpada ere. Pepe barrez eta eztulez lehertu da: «Entzun? Behin hilda alferrik duk garrasi egitea, boludo!». Parekoak sinesbera jarraitzen du, ordea: «Ni isil-isilik etorri nauk eta halaxe jarraitu nahiko nikek, ahal dela inor ohartu gabe... Eskerrik asko». Peperi jakin-mina piztu zaio: «Eta hi zein haiz ba?». «Ni? Joxe». «Hara, ni ere Jose nauk izatez!». «Jose ez, Joxe, Txillardegi lagunak hala birbataiatu ostean». «Ados, ados. Eta nolatan hemen? Fraidea?». «Izandakoa». «Pelegrina?». «Ez al gaituk denok, bizitzaren pelegrinajean?». «Artzaina?». «Hori ez». «Bueno, orduan zer haiz?». «Filosofia irakasle eta zale bat». «A! Filosofoa!». «Ez, filosofia irakasle eta zalea esan diat». Hasperen egin du Pepek: «Jeseus, filosofoekin ez duk xamurra asmatzen!». Isiltasun sakon eta esanahitsuen artean, Joxe pixkanaka lasaitu da eta segituan korapilatu dute elkarrizketa. Pepek ia denari buruz galdetu eta Joxek pasioz erantzun, Arantzazu harentzat dena izan da eta: pobreen unibertsitatea izan zela, foru hartan ikasi zuela pentsatzen, euskara batuaren inguruan eztabaida sutsuak izan zirela, Jakin eraberrituko lehen bilerak han egiten zituztela... Eten txiki bat aprobetxatuz, hatzarekin pietatea seinalatu dio Pepek: «Eta hori? Zer duk?». «Hori ere Oteizak egin zian. ‘Seme hila bere amaren oinetan, ama zeruari deiadarka ari dela’ esan nahi dik. Txabi Etxebarrietaren omenez jarri zian». Txabiren figurak kuriositatea piztu dio gerrillari tupamaro izandakoari. Joxek bilbotar gaztearen nondik norakoak kontatu ahala, segituan topatu ditu antzekotasunak: «Ni ere 60ko hamarkada gorian batu ninduan Tupamaroen Nazio Askapenerako Mugimendua (MLN-T) gerrillara. Eta nik ere Herioren sega gertu izan nian, nahiz eta ozta-ozta iskin egin...». Joxeri kopeta zimurtu zaio, Pepek patxada harrigarriz kontatzen jarraitzen duen bitartean: «Lapurreta entzutetsu bat prestatzen ari gintuan. Kafetegi batean kide ‘legalekin’ geundean; alegia, klandestinoak ez zirenekin. Patruila bat iritsi zuan, eta tiroka hasi hituan. Aurre egiten saiatu ninduan, baina ezin. Lurrean nengoela hainbat aldiz tirokatu nindutean: barea galdu nian, pankrea zauritu zidatean...». Baina bizirik iraun! «Zortea izan nian...». Beste hainbat istorio ere kontatu dizkio: gatibualdian ezagutu zuela Lucia Topolansky burkide eta maitea, 1971n kartzelatik egindako ihesaldi kolektiboa... «Txabi bezalaxe, ‘terrorista’ izendatuko hinduten orduan», zirikatu du Joxek, egoeraren gordintasuna samurtu nahian. «Arriskutsuenetako bat, gainera!», Pepek. Halako batean, begirada zerurantz pausatu eta parentesi moduko bat egin du: «Eta, egia esan, damutzen nauk zerbaitez...». «A, bai?». «Bai. Poliziaren aurrean azkarrago korrika egin behar nian». Irriño bihurria egin dute biek. «Gogotik ordainarazi zidatean: guztira hamalau urteko kartzelaldia, torturak etengabe... Hamalautik hamabi urte erabateko bakardadean pasa nizkian. Pentsa, Minaseko kuartelean sei hilabetez alanbre batekin lotuta egon ninduan, atzean eskuburdinak jarrita. Eta zentsuratuta... Zazpi urtez ezer irakurri gabe egon ninduan!». Joxeri ez zaio kondena okerragorik okurritzen: «Eta zer egiten huen?». «Nire buruarekin hitz egin... Bestela erotu egingo ninduan». Bakarrizketa intimo horietako batean murgilduta, minututxo batez Manuelari begira egon da. «Adibidez -heldu dio berriz hari-muturrari-, neure buruari zera galdetu nioan: gizartea aldatu nahi diagu eta gizakiekin ari gaituk lanean, baina zer gaituk? Zein duk gure animaliaren disko gogorra?». Joxeri ezaguna egin zaio kezka: «Kontxo, kontxo, nik ere makina bat aldiz pentsatu izan diat horri buruz». «Eta zer ondorio atera duk?», Pepek, interes biziz. «Nik egin nezakeen gehiena problema pentsatzea duk...». «Bueno, baino aterako huen gutxieneko hipotesiren bat, ezta?». Joxek, ondo kostata bada ere, bota dio azkenean, leun bezain argi: «Gizakiok abere hutsa garela. Gorputz bat, organismo bat, izaki bizi bat. Gizaberetxoak». Peperi grazia egin dio: «Gizaberetxoak! Gutxi gorabehera horixe esaten diat nik ere: zorromorro bat, tximino arraro bat... Unibertsoaren handitasunean ez gaituk hondar gramo bat ere». «Pikortxo bat baino ez», Joxek, buruz eta hitzez baiezka: «Baina gizakiak ez dik halakorik onartu nahi!». «Aiii....», jarraitu dio Pepek, «oso garrantzitsuak garela uste diagu, dena gizakiaren mende dagoela...». «Ez baita nornahi gure gizonttoa...», Joxek ironiaz: «Oi gizona, gizon galanta, ai, oi, ai!, zerusemea» hasi da, mitin bat ematen ariko balitz bezala. Tupamaroa sutu egiten da mito hori aitatzean: «Marka duk gero! Gizakia jatorrian komunitatean bizi zen zomorro bat zian: 300.000-400.000 urtean zehar 30 edo 40 pertsonako ahaidetasun taldeetan bizi izan zian; taldean ehizatzen eta biltzen zian, jasotakoa taldean banatzen zian... Harekiko mendekoa zian, komunitatearentzat eta komunitatearen alde funtzionatzen zian». (Unai GAZTELUMENDI) «Gizabere kooperatiboak baikaituk», Joxek, begi-kliska konplizea eginez. Sintonia erabatekoa da: «Gure joera naturala ez duk bakartzea, ezta norbere burua nagusitzeko inguru guztiarekin ‘neoliberalki’ bizi-borrokan eta lehian ibiltzea ere. Berez lagunartea bilatzen diagu, jolas eta solaskideak, penak bezala pozak komunikatu eta partekatu egin nahi izaten dizkiagu». «Eta lagunartean zenbat lorpen eta bidaia txundigarri!». Txirrindulari senari bide emanez, Pepek gogoz hartu dio erreleboa: «Adibidez, neure buruari galdetu nioan nola iritsi ziren Zeelanda Berrira, ozeanoaren erdian. Ez zeukatean telefonorik, ez Googlerik, ez horrelako ezer, eta iritsi egin hituan. Miresgarria duk. Badakik nola mugitzen ziren? Taldean, barrak erabiliz!». Konturatzerako «ai, oi, ai!»-ka ari zirelakoan, Joxe balazta eszeptikoa sakatu du, badaezpada: «Baina barrarekin taldekidea egurtzeko ere kapaz izan duk...». Pepek begi nanoak zabaldu eta bekain lodiak tenk jarri ditu, gogoeta horretan sakontzea nahiko lukeela iradokiz. Joxek, beti bezala, galderari galderarekin erantzun dio: «Aingeru bat ez duk. Eta piztia bat ere ez. Ez ote duk izango aingeruaren eta piztiaren arteko animaliatxoa?». «Dangggggg............ Dangggggg............ Danggggggg............». Arratsaldeko seiak. Kanpaiek asaltoaren amaiera iragarri balute bezala, Pepe eta Joxe isildu egin dira puska batean. Eguneko azken eguzki-printzak aprobetxatuz, Arantzazuko zeru-lur zabaletan barna hegaldatu dituzte zentzumenak: saien koreografia, lainoen mosaikoa, haizearen eta arbolen arteko sinfonia... Joxek begiak itxi ditu, harritzar horien arteko infrasoinuak entzun nahian. Pepek aurreko auzia burutik kendu ezinik jarraitzen du, ordea. Matearen azken hondarrak hurrupatu eta hantxe ekin dio berriz: «Eta tximino arraro honi kontzientzia jarri ziotean... Giza bizitzaren eta beste bizitza formen arteko ezberdintasuna, hain zuzen, horixe duk: guk, neurri batean, gure bizitza orienta zezakeagu. Ez gaituk begetalak, jaio garelako bizi garenak...». Eta gazteei hamaika aldiz errepikatutako mezua bota dio Joxeri ere: «Bizitzari zentzu eta kausa bat asmatu behar zaiok. Horixe duk kontzientziak emandako luxua». «Eta buruhaustea!», Joxek kontrapuntua. Jada luxu hori izango ez duela jakitun, haren begiek dir-dir egiten dute: «Zer egin nahi duk munduan, zer utzi, zer bukatu nahi huke joan baino lehen. Zer duk inportantea. Egun batzuk baino ez dauzkak. Hautatu egin behar. Baina ez dakik zerbaitek zergatik izan behar duen garrantzizkoa. Norberak asmatu behar dik bere nongotasuna eta norakotasuna». «Arazoa duk orain merkatuak inposatzen duela erantzuna!», Pepek: «Ezerk ez dik balio bizitzak bezala, hori duk oinarrizkoena. Baina bizitzak ‘plus’ bat kontsumitzeko lan eta lan ihes egiten badigu... gero ezingo diagu supermerkatuan erosi». Bertsolariek nola, azken puntuarekin biribildu du hausnarketa: «Zahartutakoan alferrik duk kexatzea, bizitza laburra duk eta joan egiten duk... Minutuz minutu!». Joxeri segituan gaztetako olerkiek egin diote oihartzun: «Bizitza laburra duk, / heriotza luze. / Nik bizitza maite diat, / eta hiltzea beldur...». Hitzak gogora ekarri ahala, ahots goran errezitatzen hasi da: «Zer poz dute mila urtek / eta mila urteren atseginak / derrigorrezko betiko egona / datorrena dakigula?»... Arnasa sakon hartu, besoak goratu eta... «Heriotza, zer ote den heriotza / ulertzen ez dugu. / ... Gero? Erokeria duk / galdetzea. / Zergatik bizi, ordea? / Alferrik duk galdetzea: / bizi egin behar / zergatik hil konprenitzen / ez dugun artean»... «Zergatik bizi, zergatik hil... Zergatik hil, zergatik bizi...». Oinetakoen zolara itsasten diren txikleak nola, Pepek arrastan daramatza galderak. Filosofoa baino politikoagoa izanik, halako batean erantzutera ausartu da: «Nik beti pentsatu izan diat: bizitzera etorri gaituk, ez soilik bizitza irabaztera. Eta bizitzaren zentzua besteekiko eta bizitzarekiko elkartasuna praktikatzea duk, hori zoriontasun modu bat baita». Bi solaskideen sakontasunarekin aspertuta edo, zaunka pare bat egin eta Manuelak aldamenetik ihes egin die. «Nora hoa?», arduratu da jabea. Lurrikara bat baletor bezala, urduri antzean dirudi, isatsa atzeko hanka bakarrera itsatsita eta inguruko bazter guztietan usnaka. «Bai horixe!!!», entzun da bat-batean, «Borrokakkk!!!, borrokak ematen dik bizitzeko poza, brilloa begietan». «Zein duk hori?», Pepek, liluratuta. Emakume bat dator aldapan gora, bixi-bixi, irribarre zabalarekin eta ukabila altxatuta. Joxek, lorea ikustean, segituan ezagutu da: «Hara! Arantza. Hau ez nian hemen espero». «Nor?». «Arantza Arruti. Borrokalari peto-petoa: ETAn gaztetan, Burgosko Prozesuan epaitua, Aizan!-eko kidea gero... La niña de la Guardia Civil omen zian, saltsa guztietako perrexila! Genio y figura», argitu dio ahapeka. (Unai GAZTELUMENDI) «Jenioa? Beharko jenioa izan!» eten du Arantzak, brastakoan: «Orain dela 60 eta 70 urte emakumea ikusezina zian. Ez zeukaan ez izenik, ez abizenik, ezta estatus sozialik ere. Borrokan ikusten ziren borrokalari guztiak ere gizonak hituan. Gu, emakumeok, borrokan sartu ginenean hasi gintuan gutxienez izenak eta abizenak edukitzen», hasi da Arruti, egur batean. Sakondu duenez, euskaldunen eta langileen estatusa ez zen askoz hobea: «Mojek aberatsen alabak maite zitiztean, euskaraz egiten genuenak eta pobreen alabak ez gintuan batere preziatuak». Joxek ere ondotxo daki horren berri: «Pentsa, ni euskara galtzera iritsi nindunan! Aitarekin azken elkarrizketa gazteleraz egin ninan... Anormaltasun normalizatua!», sumindu da. Arantzari, baina, irribarre pikaro bat atera zaio, hortzeria zabala bistan jarriz: «Hala ere, beraiek jakin gabe, asko erakutsi zigutean, Joxe. Denok ez ginela berdinak: aberatsak eta pobreak zeudela… Niri behintzat asko lagundu zidatean euskara gehiago maitatzen eta diferentziak ikusten». «Izorrai!», Joxek, bera ere harritu duen suhartasunez. Irakaspen horiek gogoan, Arantza Euskal Udaberrian bete-betean murgildu omen zen, «kontratu fijoarekin». Eta zenbat bizipen! Nobela bat balitz bezala, hantxe kontatu dizkie Nafarroako abenturak, Iruñeko espetxetik ihes egiteko saiakera, torturak... Geroago estrategia aldaketa, fronte zabalen bilaketa, «txitxi-biritxi oro seduzitu beharra»… Pepe txundituta dago kointzidentziekin: «Belaunaldi berdinekoak gaitun!», dio. «Beti-gazte eroak», Joxek. «Baina ni beti zuek baino gazteagoa!», Arantzak errematea, denen barrea eraginez. Ernain sartzeko eskaera egin berri, aurrera begira jarraitzen du: «Orain ere feminismoa estrategikoa duk -baieztatu du, irmo-. Ez da taktikoa, ez transbertsala, ni letxes. Biolentzia handia zagok, mundua ez zihoak bide onetik, eta benetako iraultza bat egin nahi badugu, feminismoa aldarrikatu behar diagu izkina guztietan». Zurkaiztuta geratu dira Pepe eta Joxe. «Ez al zaizue hala iruditzen?» arrapostu egin die zarauztarrak. Elkarri begiratu ostean, Joxek hartu du hitza: «Bai, bai. Emakumeok oraindik asko daukazuela denoi irakasteko uste dinat». Arantza, baina, ez du erantzunak erabat ase: «Ikasi, horixe egin duzue gizonek orain arte: diskurtsoa ikasi. Orain praktikan planteatu behar dik. Baina ez Aizan!-ekin eta planteatzen genian bezala, sistemaren barruan eta ea zuek hezten zareten. Ez, ez. Aldatu egin behar dituk alderdien egiturak, gizartearenak, parte hartzea kalean... Gizonak erretiratu pixka bat eta guk sartu behar diagu. Bestela, ez zagok ezer egiterik». Pausa luze xamar bat egin dute. Pepek, ihesaldietan iaioa izanik, azkenean topatu du zirrikitutxoa: «Tira... Gu erretiratu gaitun, behin betiko gainera». «Kalamidadea!», etsi du -behin-behinean- Arantzak, atximurkada amultsu bat egiten dion bitartean. «Eta orain zer?», zarauztarrak. «Orain? Ez zagon ezer!», Joxek segituan. «Isiltasun minerala gaitun», uruguaitarrak, malenkoniaz. Manuela, auxilio eske ariko balitz bezala, uluka hasi da: «Auuuuuuuu....». Arantza ez dute erabat konbentzitu: «Isilak, isilak... Dantza pixka bat egingo al diagu? Muermo purista horietakoak ematen diagu!». Pepe, irrikaz, txalo eta txalo hasi da, esku bat gora eta gero bestea. Joxe, baina, uzkurtu egin da: «Dantza... Zera... Ni dantzan... Bueno, nik gitarra joko dinat». Gitarra zaharrari hautsa kendu, akordeak afinatu eta hantxe hasi da: «Izarren hautsa egun batean...». «Hi, Joxe, dantza egin nahi dugula esan diagu, dantza!», Arantzak protesta, algara batean. Pepek txalo eta txalo segitzen du. «Ados, ados, zer joko dinat?». «Chavelita Vargasena!» bi dantzariek, aho batez. Eta hantxe geratu dira, Joxe gitarrarekin eta Pepe eta Arantza agarratuan, denak elkarren konpasean: «Tómate esta botella conmigo / Y en el último trago nos vamos / Quiero ver a qué sabe tu olvido...» «Auuuuuuuu....».