GAUR8

Lemoan egingo da urrian Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa

Lemoak hartuko du Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa, urriaren 17an. Uda aldean aurkeztuko dute egitaraua, baina aurreratu dute kantu jirak, hitzaldiak, tailerrak, haur berbenak edota dantza plazak izango direla egunean zehat.

Dantzaldia Bilbon, artxiboko irudian. (Oskar MATXIN EDESA)

Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa ospatuko da aurten, eta oraingoan Lemoan egingo da, urriaren 17an. Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, euskal erromeriaren aurpegi eta formatu guztiak eskainiko ditu hitzorduak. 

Foru erakundearen ekimenez, Danok musikarien kooperatibaren sorkuntza eta antolakuntzarekin eta tokian tokiko udalaren babes nagusiarekin jaio zen 2025ean Bizkaiko Erromeria Eguna. Lehenengo edizioa Durangon antolatu zen, eta egitarau zabaleko jardunaldiak ekarritako «balorazio bikainaren ostean» antolatuko da aurten jai handiaren bigarren edizioa.

«Bizkaiko Erromeria Eguna geratzeko jaio da, eta urtero gure lurraldeko eskualde ezberdin batera eramateko asmoa daukagu», iragarri zuen iaz Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak.

Bada, asmo horri jarraiki, 2026an Durangaldetik Arratiara egingo du jauzi hitzorduak, eta Lemoan egingo da Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa, urriaren 17an. Egun horretan, euskal musika, kanta eta dantzek zipriztinduko dute herria, «erromeriazaleen hiriburu» bilakatuz.

Adin eta gustu guztientzako askotariko ekintzak izango dira, hala nola kalejirak, hitzaldiak, tailerrak, umeentzako puzgarri eta ekintzak, haur berbenak, dantza plazak, fanfarreak, kantu jirak edo gaueko gazte taldeen bertsio taldeak.

Edizio honetarako Lemoako Udala izango du bidelagun Bizkaiko Foru Aldundiak, eta ekitaldiaren nondik norakoak eta kartel nagusia uda aurretik aurkeztuko dira, Lemoan bertan, erakunde parte hartzaileetako ordezkariekin eta egunean parte hartuko duten artista batzuekin batera.