03 FEB. 2026 - 05:00h Ramon J. Sender idazle eta kazetaria aldarrikatuz, 125 urteren buruan 125 urte bete dira gaur Ramon J. Sender, XX. mendeko idazle espainiar garrantzitsuenetako bat, jaio zenetik. Ezkertiarra –anarkista izan zen eta tarte batean komunista ere; larrutik ordaindu zuen 36. Gerran–, idazlea izatetik aparte, lehen mailako kazetaria izan zen. Ramon J. Sender kazetari eta idazle aparta. (WIKIPEDIA COMMONS) Gaur 8 Ramon J. Sender (Chalamera, Huesca, 1901eko otsailaren 3a - San Diego, Kalifornia, 1982ko urtarrilaren 16a) gerra aurretik izen handiko kazetaria zen eta bere eleberriak –batez ere ‘Iman’, Marokoko gerran oinarritua eta hainbat hizkuntzatara itzulia– argitaletxe handietan argitaratzen ziren. ‘El Sol’ egunkarian, ‘Solidaridad Obrera’ (CNTkoa) eta ‘La Libertad˝ hedabideetan idatzi zuen. 1933an kazetaritza lan handi bat egin zuen: Casas Viejas herrixkan matxinatu ziren nekazarien aurkako errepresioaren berri eman zuen, bizia arriskatuz. Azañaren Gobernuak dimisioa eman behar izan zuen, beren artikuluak argitaratu zirenean. 1936an emaztearekin eta bi seme-alabekin (bi urte eta erdiko mutiko bat eta sei hilabeteko neskato bat) oporretan zegoen San Rafaelen (Guadarrama mendilerroko herria). Emaztea eta seme-alabak Zamorara joan ziren eta idazlea Madrildik zetorren zutabe errepublikano batean sartu zen soldadu gisa. Urrian falangistek emaztea fusilatu zioten Zamoran, errepresalia gisa. Nazioarteko Gurutze Gorriaren bidez atera ahal izan zituen seme-alabak Estatu frantsesera eta Pauen Aragoiko bi neskaren ardurapean utzi zituen, bera borrokara itzuli zen bitartean. Erbesterako bidea hartu behar izan zuen 1939ko martxoan (gerra apirilaren 1ean amaitu zen) eta Mexikon 1942ra arte bizi zen, Estatu Batuetara joan zen arte. Estatu Batuetan bigarren aldiz ezkondu eta han betiko intentsitate berarekin jarraitu zuen idazten, aldi berean hainbat unibertsitatetan espainiar literaturako irakasle bezala lan eginez. XX. mendeko gaztelaniazko idazlerik handienetakoa da Ramon J Sender. Hala ere, arrazoi politikoengatik, ez da behar bezala aintzat hartu Estatu espainiarrean. Agian bere heriotzaren 125. urteurrenak balioko izango du gaur egungo belaunaldiek ezagutu dezaten.