GAUR8

Lapurdiko gazteen igarotze errito dantzatua

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Urtea hastearekin bat, maskaradak bezain goiztiar edo goiztiarrago hasten dira Lapurdin kaskarotak. Besteak beste, Beskoitze, Uztaritze, Itsasu, Hazparne, Urruña, Biriatu, Ziburu eta Donibane Lohizunen errotutako inauteak ospatzeko moldea da. Etxez etxe ibiltzen dira kaskarotak urteroko bisita egiten. Goizetik hasita arratsera arte, harrera egiten dieten etxeetan jan-edana eskaintzen diete gazteei. Halakoetan, jan-edanari neurria hartzean datza gakoa, aldiro dantza behar bezala egin behar baita, azken etxean lehenengoan bezala. Gazteentzat benetako igarotze erritua izan da historikoki.

Dantza taldeak formalki sortu aurretik, herri bakoitzeko kaskarotek dantzatzen zituzten xinple, marmutx, makila-txiki, makila-handi, dantza-jauziak, fandangoa, besteak beste. Neskak kaskarot dantzetan sartzen hastearekin bat, emakumezkoen jantzi baten beharra agertu zen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Luze jo du zenbaitetan prozesuak; neskak onartzen azkenak Uztaritzeko kaskarotak izan dira, 2023an. Irizpide orokorrak mantenduz, herri bakoitzak ñabardura propioa eman nahi izan dio nesken jantziari.

Dantza jarduna da kaskaroten egiteko nagusia. Trebezia bezain garrantzitsua da eusten jakitea. Zuriz beztituak, xingola koloretsuak eta urre koloreko apaingarriak eramaten dituzte, bai eta usu loreak ageri dituzten elementuak ere, dela buruan, ilean apaingarri, kasketan ala zapietan. Bi ilara osatuz dantzatzen dira. Ponpier eta kotilungorriak ere taldearen parte dira, bai eta banderariak ere, eta zenbait herritan eta urtetan hartza ere agertu izan da. Kaskarotekin kontrastean ibiltzen dira zirtzilak, zernahi gisaz mozorroturik, petralkerietan.

Inauteri garaia heldu ahala, herriari itzulia egiten diote. Auzoka antolatutako ibilbideen arabera markatzen dute egutegia. Inaute garaiko asteburuetan, herriko gazteriak etxerik urrunenak bisitatzen ditu, bizpahiru larunbat edo igandez. Herriaren hedadura eta dantzan aritzeko gazteen indarra eta trebeziaren arabera, ordea, luzatu egin daiteke kaskaroten garaia. Beskoitzen, esaterako, hamar asteburu segidan igaro izan dituzte dantzan, urtarril hasieratik otsail erditsu arte.