14 FEB. 2026 - 00:00h Mundua hankaz gora jartzearen plazera (Ilustrazioa: Amaia CARRERE) Aitzpea LEIZAOLA Zuberoako maskaradako beltzen artean, Pitxu dugu maskaradaren pertsonaia xelebreena. Beltzez jantzia, kauteren laneko jardunak eskatu bezala aurpegia zikin, paltoaren atzealdean jositako oihal zurian idatzitako izenak baino gehiago, zapeleko uso hegalek salatzen dute nortaz ari garen. Kauteren artean ezinbesteko pertsonaia, bera da txikiena, komikoena eta trebeena, plazan bildutakoak barrez leherrarazten dituena. Kauterekin batera ez ezik, beste zenbaiten jokoetan ere hartzen du parte, kerestuekin eta xorrotxekin hain zuzen. Euskal Herriko ihauteririk goiztiarrenak izan ohi dira maskaradak. Inoiz, Urtats egunez edo biharamunean hasi izan dira. Urtero, Zuberoako herri bateko gazteek hartzen dute beren gain maskaradak prestatu eta herriz herri eramateko ardura. Zenbaitzuetan, herri bat baino gehiagoko gazteek hartzen dute beren gain maskarada. Maskaradak ihaute festa ibiltariak dira, eta Zuberoa osoa trabeskatzen dute, urtez urte ibilbidea desberdina bada ere maskaradak prestatzen dituen herriaren arabera. Halako erronka bati aurre egiteko, herriko gazte ia guztiek hartu behar dute arduraren bat. Dantzari trebeak, kantuan eder ari direnak, musikariak, baina baita trufa egiteko prest diren gazteak ere, lotsagabeak bezain probokatzaileak. Pitxurekin batera, Kabana Handia eta gainerako kautera eta buhameekin barrikadaz barrikada eta plazaz plaza aritzeko prest direnak. Kabana Handiak predikuan plazaratzen ditu herri bakoitzeko gorabeherak. Pitxuren ibilera maskarada errezibitzen duen herrira egokitzen da aldiro. Gutxien espero duzun lekuan agertzen da Pitxu; bihurrikeria handienak egiten iaioa, Pitxuk aro aldaketa irudikatzen du. Plazako emanaldian, hil eta berpiztu egiten da, medikuaren tratamendu bereziei esker. Urtero errepikatzen den unea beti da hunkigarria eta gogoangarria. Ihauteri garaiko anabasa eta egun gutxi batzuez bada ere mundua hankaz gora jartzeko aukera beste inork baino hobeto gorpuzten ditu Pitxu trauskilak. «Hau Pitxu, hau!» oihuak Zuberoako mugak gainditu ditu aspaldi.