14 FEB. 2026 - 00:00h Natura lozorrotik esnatzen duen hots erritmikoa (Ilustrazioa: Amaia CARRERE) Aitzpea LEIZAOLA Joan den mendeko hondarrean Euskal Herri osoan egin ziren ezagun joaldunak, bai festa eta aldarrikapen testuinguruetan ageri zirelako, bai hamaika herri eta hiritan joaldun taldeak sortu zirelako. Ituren eta Zubieta dira, baina, joaldunen berezko ingurunea. Urtarrilaren azken asteburuan ospatzen dituzte inauteriak. Aurretiaz, Errege bezperaz, hasten dira motorrak berotzen. Nafarroako herri zenbaitetan ohikoak ziren zintzarrotsak Errege bezpera iluntzean ere, negu minean natura lozorrotik esnatu nahian bezala. Malerrekako bi herrien arteko bisitak markatzen du inautea: astelehenez Iturenek egiten die harrera zubietarrei, eta, biharamunean, iturendarrek Zubietako plazara jotzen dute. Haien atzetik doaz gazteek muntatutako karroza ikusgarri eta irudimentsuak, landa eremuko osagai garaikideez lagunduta, dela motozerra, dela bestelako tramankulu. Joaldunen figura estilizatu eta hots erritmikoaren ondoan, piltzarrez jantzitako mozorrodun andanak hartzen du plaza, eta anabasa zaratatsuak inauteez gozatzera hurbildutako zientoka ikusleak asaldatzen ditu. Joaldun lerroen artean, hartza. Kanpotik antzekoak badirudite ere, ñabardura ageriko zein sotilagoek bereizten dituzte Zubietako eta Iturengo joaldunak, bai eta Aurtitz auzokoak ere: joareak desberdin jotzen dituzte, pausoa emateko modua ez da bera... Guztiek daramate ttuntturroa buru gainean koloredun xingolez eta goialdean oilar lumez apaindua, eta guztiek eramaten dituzte emakumezkoen azpiko gona parpailaduna, abarkak oinetan eta hisopoa eskuin eskuan. Gerri bueltan, berriz, ardi larru ongi estutuen gainean paratutako 10-12 litrotako joare ederrak dituzte. Hori bai, iturendarrek, aurtiztarrak barne, bizkarra ardi larruz estaltzen dute, zubietarrek ez bezala. Plazako jarduna ezagunena bada ere, joaldunek etxez etxeko puska biltzean parte hartzen dute, inauteak egiten dituztenen otorduetan gozagarri izango diren arrautza eta bestelako jakiak bilduz. 1990eko hamarkadan hasi ziren emakumezkoak joareak paratzen Ituren eta Zubietan. Egun, gazte talde handia dago, neska zein mutil, joaldunek sortzen duten magiari segida emateko prest.