GAUR8

Munduko zaporeak

Munduko zaporeak dastatzea mundua ezagutzeko modua da. (GAUR8)

Mahai hutsak borobilean kokatuta daude, bakoitzaren aurrean munduko herrialde baten izena duen kartulina koloretsu bat. Haurren zurrumurruak entzuten dira, barre urduri eta bihurriak. Eskolako ateak ireki eta poltsa eta kutxaz kargatutako senideak sartu dira mahaietara. Orduan, haurren zurrumurruak oihu alai bihurtu eta gurasoengana hurbildu dira korrika; askok, lagunen gurasoak besarkatu dituzte goxo. Baina are goxoago, eskolak hartu duen jakien usaina, goxotasunez prestatutako munduko zaporeak.

AFRIKA

Nigeria, Maroko eta Aljeria Afrikan daudela azaldu digute Bryanek, Fatimak eta Amirak. Mapan kokatu eta haien gurasoak non jaio ziren azaldu digute. Ondoren, bakoitzak bere ama eta honek ekarritako platera aurkeztu du. Bryanen amatxok mosa mosa prestatu du, banana arrez prestatutako gozokitxoak. Nigeria oso herrialde aberatsa da zentzu askotan, 500 hizkuntzatik gora hitz egiten dira bertan eta asko txikiak dira, euskara bezalakoak eta baita oso hiztun gutxi dituztenak. Fatima izan da hurrengoa eta bere amatxok gaztaz betetako briouats batzuk prestatu ditu; triangelu formako hostoreak. Bereberra da jatorriz Fatimaren familia eta “nomada” hitza lehen aldiz entzun dute askok, baita miresmenez entzun ere. Etxean amazigeraz hitz egiten dute eta gurasoek arabieraz ere badakiten arren, amona-aitonekin amazigeraz baino ez dute hitz egiten. Hirugarrenik, Amirak eta bere amak elkarrekin prestatutako sfenj gozoen txanda izan da. Haurrek «donutak!» esan dute harriduraz eta Amiraren amak barre artean kontatu die donuten aurrekariak direla. Fatimaren senideek bezala hauek ere amazigeraz egiten dutela azaldu du emakumeak, bereberrak mundu osoan zehar sakabanatuta daudela eta Euskal Herrian komunitate handia ere badagoela.

AMERIKA

Afrikatik Amerikara egin dugu salto eta, halako batean, Nikaragua, Honduras, Paraguai, Kolonbia eta Venezuela bisitatu ditugu Isaac, Maria, Alberto, Valeria eta Lucioren gurasoen eskutik. Isaacen aitak tamal mordoa ekarri du eta “Xiquiyehua” kanta abestu digu nahuatl hizkuntzan. Tamalez, berak ez du hizkuntza hori hitz egiten, baina ze gozoak haragiz betetako tamalak! Honduraseko Mariaren amak catrachita-k ekarri ditu eta Hego Amerikan artoa oso osagai garrantzitsua dela azaldu du. Tamalak bezala, catrachita-k eta hegoamerikar herrialdeetako plater askok artoa daramate, han ugaria delako. Hondurasek ere baditu bere hizkuntza txiki preziatuak, lenca eta chorti, esaterako. Albertoren ama guaraniz hitz egiten hasi eta haur guztiak zur eta lur gelditu dira, begiak zabal-zabalik soinu horiei zentzuren bat aurkitu nahian. Jarraian, izen bihurriko platera ekarri duela esan du, zopa paraguaitarra, hain zuzen. «Zopa?» harritu dira denak. Orduan, Albertok argitu digu enpanadilla handi baten antzekoa dela zopa paraguaitarra eta “zopa” izena duen arren, ez dela edateko salda beroa. Valeria eta Lucioren amek elkarrekin egin dute aurkezpena eta azken bi herrialdeak kokatu dituzte mapan. Kolonbia eta Venezuela elkarren ondoan daude eta biek enpanadak prestatu dituzte, bakoitzak bere herrialdeko erara prestatuak. Gainera, gutxi batzuei “ají” izeneko osagai pikantea jarri diete, nahi duenak enpanada mina dastatu dezan. Txalo artean, azken lau gonbidatuei heldu zaie txanda.

ASIA ETA EUROPA

Amaitzeko, bi salto handi Amerikatik Asiara eta handik, Europara. Zein erraz mugi gaitezkeen saltoka, inolako harresi eta trabarik gabe. Siria, Kazakhstan, Errumania eta Ukrainan jaio ziren Kareem, Aylin, Alina eta Ivanen familiak. Kareemen aitak Siriako meze kulturaz hitz egin digu, plater txikiak jatean datzana. Humusa ekarri du eta Hego Ameriketako gurasoei keinu egin die, humusa bustitzeko natxoak ekarri dituela-eta zirikatuz. Sirian bada euskaldunona bezalako herri bat, hizkuntzak egiten duena herri: Kurdistan. Inoiz, Euskal Herriak bezala libre izatearekin amets egiten duena. Aylinen amak gaztazko qurt bolatxo gaziak ekarri ditu eta Kazakhstanen hamaika hizkuntza hitz egiten direla argitu du. Errumanian jaio zen Alinaren amak zacusca prestatu du, alberjinia eta piper errea, tipula eta tomateaz egindako saltsa. Kareemen aitaren txantxari jarraituz, berak ere natxoak ekarri dituela esan du. Gainera, Errumanian ijito herriak izandako eraginaz ere hitz egin digu. Azkenik, Ivanen aitaren txanda izan da eta azkena izanik, postrea ekarri duela argitu du. Medovik pastela ez da gaur entzun eta partekatu ditugun kultura, hizkuntza, jatorri eta maitasun guztia bezain gozo. Mundu oso bat euskaraz mintzagai. Garenak egiten gaitu herri eta sabelak eta bihotzak beteta ditugula, ozen esan dezakegu: probatu ez duenak, ez baitaki zer den hau! Gora (h)irria eta gora kultura aniztasuna! •