GAUR8

BE! artzain kulturari eskainitako asteburua martxoaren 28tik 30era Berastegin

Ardiekin eta artzaintzarekin lotura estua duen herria da Berastegi eta tradizio horri omenaldia egingo dio hiru egunez luzatuko diren hitzaldi, mahai-inguru, irteera, ikastaro, dastaketa eta beste hainbat ekitaldiren bitartez.

Ardi baten lehen planoa.
Ardi baten lehen planoa. (Jon URBE | FOKU)

Martxoaren 28tik 30era BE! asteburua ospatuko da Berastegin, artzain kulturari eskainitako asteburua. Ardiekin eta artzaintzarekin lotura estua duen herria da Berastegi, belardi oparoak dituena. Eta antolatzaileek datu argigarri bat ematen dute: 1.000 biztanleko herrian 6.000 ardi bizi dira.

Lotura horretatik abiatuta, udalak eta bertako herritarrek egitarau oparoa osatu dute hiru egunez ardien mundua ezagutu eta bertan barneratzeko. Gainera, ohiko dastaketez gain, ekitaldi berritzaile eta desberdinak proposatzen dituzte.

Ostiral arratsaldean, esaterako, hitzaldi eta mahai-inguruen txanda izango da, "Etorkizuna hausnarrean" gai nagusitzat hartuta. Helburua etorkizunera begira jartzea izango da, 14.30etan hasita. "Izan zirelako gara, garelako izango al dira?" gaitzat hartuta solasaldia izango du Josu Ozaita antropologoak Iraitz Garaiburu eta Oier Ugartemendia artzain gazteekin; "Ardi ilea, hondakina ala baliabidea?" hitzaldia eskainiko du ondoren Joseba Sanchez ikerlariak; Ane Gartziandiak, Gomiztegi artzain eskolako kideak, hartuko dio txanda "Gazteak, artzaintzaren oraina eta etorkizuna" gaiaren bueltan; eta Eneko Maiozek Aritz Ganboa artzaina elkarrizketatuko du "Zein dira etorkizuneko gakoak?" galderatik abiatuta.

Larunbatean egitaraua esperientziei lotuko zaie. 09.30etan mondeju ikastaroa izango da Urepele elkartean; 10.00etan Gorosmendiko larreetara ibilaldia abiatuko da Astotrek proiektuko astoekin, eta bidean artaldeak igoko dira mendira; arratsaldean artilearekin ontziak egiteko ikastaroa eskainiko du Kristina Meraki artistak; 17.00etan ipuin kontaketa egingo da haurrentzat; eta 18.00etan gazta dastaketa Ordiziako kofradiaren eskutik. Garrantzitsua: ekintza horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da beartzainkultura@gmail.com helbidean.

Azkenik, igande goizean, artzain kulturarekin zer ikusia duten elementu desberdin piloa bilduko dira Berastegiko kaleetan: ardiak, txakurrak, tresnak, ardi-ile mozketa, gaztagintza, bestelako dastaketak... Gazpio gaztandegira bisitak egingo dira (beartzainkultura@gmail.com helbidera idatzi behar daapuntatzeko) eta Azoka Gastronomikoa ere egingo da.

Egun pasa bikaina egitera gonbidapena luzatzen dute Berastegiko Udaletik.