
‘Comprendiendo la sordoceguera’ izeneko proiektua garatu du Clara Cabanillas Victoria EHUko Arte Ederren fakultateko ikasleak. Infografia batzuk diseinatu ditu desgaitasun horri buruzko kontzeptu gakoak «modu argi eta ulergarrian» azaltzeko, ziurtatu dute unibertsitateko iturriek.
Zehaztu dutenez, «pieza grafiko horietan, desgaitasunaren nondik norakoak eta gor-itsuek komunikatzeko erabiltzen duten sistemak azaltzeaz gain, aholku praktikoak ematen dira gor-itsuekiko hartu-emanetarako».
Cabanillasek erakusketa ibiltari bat diseinatu zuen, infografiez gain elementu interaktiboak uztartuz, «bisitariak gaian murgiltzeko ibilbide bat osatuz».
Proiektua Gradu Amaierako Lana izan da, arreta publikotik kanpo dagoen desgaitasun horren inguruko «isiltasunezko harresi hori apurtzeko. Ikerketa soziala, ikusizko sormena eta konpromiso pertsonala uztartuz osatutako lanak ohorezko matrikula izan zuen «zehaztasuna» eta «sentsibilitatea» aitortuz. Lanak, gainera, Sana sari ospetsua jaso du Bartzelonan egindako Gaudeamus Projectaren 7. edizioan.
Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinu Graduko ikasleak adierazi du proiektua bizipen pertsonaletik jaio zela, gor-itsua den izeba baitu. «Gaia oso hurbilekoa izan dut ume-umetatik», adierazi du. Bizipen horietan oinarrituta diseinatu du lana, desgaitasuna ikustarazteko eta pertsona horien zailtasunak ulergarriago egiteko.
Sormen prozesuaz, Cabanillasek aipatu du gor-itsutasunari buruzko datu gutxi daudela Estatu espainolean: «Itsutasunari eta gortasunari buruzko informazio asko dago, baina bakoitza bere aldetik; ia ez dago ezer bi desgaitasun horien konbinazioaren gainean», esan du.
Diseinuaren arloan erreferente espezifikorik ere ez dagoela gaineratu du, ez estatu mailan ez nazioartean, «sare sozialetako eta hezkuntza zentroetako kanpaina gutxi batzuk besterik ez».
Gizartea gor itsutasunaren inguruan sentsibilizatzea, enpatia sustatzea eta aurreiritziak ezabatzea dira ekimenaren helburu batzuk. Egileak adierazi duenez, «norbaitek terminoa lehenbizikoz entzutea aurrerapausoa izango litzateke».