GAUR8

Polinizatzaileen aniztasun galerak laborantza landareen ugaltze-arrakasta murrizten du

Aniztasun galerak laborantza landareen ugaltze-arrakastan duen eragina aztertu du Maddi Artamendi EHUko ikertzaileak BC3ko zientzialariekin batera egindako azterlanean. Emaitzek erakutsi dute polinizazio-lanak egiten dituzten animalien dibertsitatea murrizteak eragin negatibo nabarmena duela.

Maddi Artamendi EHUko ikertzaileak polinizatzaileen dibertsitate galera aztertu du.
Maddi Artamendi EHUko ikertzaileak polinizatzaileen dibertsitate galera aztertu du. (Enric SERRA | UPV/EHU)

Maddi Artamendi EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak polinizazioa aztertu du BC3 zentroko kideekin egindako metaanalisi batean.

Unibertsitateko iturriek azpimarratu dutenez, «gai horri buruz aurrez egin diren lanek baino ikuspegi errealistagoa izan dute» azterlanean: «polinizatzaileak erabat desagertzeak zer eragin izan dezakeen aztertu beharrean, haien dibertsitatea txikitzeak zer eragin duen aztertu dute».

Landareen ugalketa-prozesuan polena toki batetik bestera eramaten duten animalien garrantzia azpimarratu du EHUk ohar batean. «Polinizazioa funtsezkoa da gure ongizaterako eta ekosistemak bizirauteko», oroitu dute, eta zenbait datu eman dituzte horren inguruan: «landare basatien %85 inguruk eta laborantza-landareen %70 baino gehiagok polinizazioa bilatzen dute ugaltzeko».

Testuinguru horretan, polinizatzaileen dibertsitatea gakoetako bat da, baina klima-aldaketa, habitaten galera eta nekazaritzaren intentsifikazioa dira dibertsitate horren murrizketaren arduradun nagusiak.

Ikerketak erakutsi du «polinizazio-lanak egiten dituzten animalien dibertsitatea murrizteak eragin negatibo nabarmena» duela landareen ugaltze-arrakastan (fruitu-kopuruan, hazi-kopuruan eta fruituen pisuan), eta, gainera, «eragina handiagoa da landare basatietan laborantzakoetan baino».

Ikusi dute, halaber, autopolinizatzeko gai diren landareek ere jasaten dutela polinizatzaileen dibertsitate-galeraren eragina, eta «horrek agerian uzten du landare horientzat oso onuragarria dela polena elkarrekin gurutzatzea».

Landareek ez dute fruiturik ematen

«Mundu osoan gai honen inguruan egin diren ikerlan gehienetan ikusi da polinizatzailerik batere ez dagoen kasuetan landareek ez dutela fruiturik ematen. Halako ikerketak laborantzako espezieekin egin izan dira batez ere. Baina hori ez da ikuspegi erreal bat; izan ere, polinizatzaileen dibertsitatea jaitsi egingo da, jaisten ari da, baina ez da erabat desagertzera iritsiko», planteatu du Artamendik.

Zientzialariak esplikatu duenez, laborantzako landareez gainera, landare basatiak ere hartu dituzte kontuan, ikuspegi errealistago bati helduz.

Ikerketaren emaitzetan ikusi dute, era berean, landareen ugaltze-arrakastan domestikoek baino (ezti-erleak, esaterako) eragin handiagoa dutela polinizatzaile basatiek baino.

Beraz, «polinizatzaile basatien aniztasuna txikitzeak are gehiago okertzen du landareen ugaltze-arrakasta» erantsi du.

«Mundu osoan egindako ikerketak aztertu ditugu. Kontuan izan behar genuen klimaren arabera landare-barietate desberdinak daudela; agian landare batean edo bestean eragina desberdina izan dela; lagin-tamaina eta abar. Aldagai asko izan ditugu kontuan, ikerketa horiek guztiak konparatu ahal izateko, eta, hala, emaitza erreal eta kuantifikagarri bat lortu dugu», zehaztu du Artamendik.

Erantsi du metaanalisiak ikuspegi oso orokor bat ematen duela «jakiteko non ikertu den gehiago, zer herrialde eta klimatan, zer landare-motatan eta abar. Eta ikusten duzu non egon daitezkeen hutsuneak, non alborapenak…».