
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gipuzkoako Campusean, Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, klima aldaketaren eraginei buruzko hausnarketa proposatzen duen erakusketa zabaldu dute astelehen honetan. ‘Plastikozko ametsak’ izeneko argazki-erakusketa da, eta planetako hainbat lekutan emakumeen roletan dituen eraginen inguruko ikuspegi kritikoa plazaratzen du.
Parekide Elkarteak antolatu du proiektu baten barruan kokatzen den erakusketa, Jakartako Bantar Gebang-en kasua ardatz hartuta. Zehaztu dutenez, munduko handienetakoa den zabortegi horretan «milaka emakumek bizi eta lan egiten dute zabor mendien artean». Errealitate horri begira dago erakusketa, ikuspegi kritiko batetik begiratuta.
Hogei irudik osatzen dute ikusgai dagoen bilduma. Antolatzaileen hitzean, «zenbait hiritako hondakinen zikloa eta bizitza» erakusgai jartzea da helburua, eta Indonesiako hiriburuaren kasuan agerikoak dira sortutako arazo ekologikoak, hiria behin baino gehiagotan egon baita munduko kutsadura-sailkapeneko lehen postuan.
«Plastikozko hondakinengatiko kutsadurak ekosistemak mehatxatzen dituen bitartean, Jakarta bera itsasoan hondoratzen ari da klima aldaketaren ondorioz», gogoratu dute.
Erakusketak plastikozko hondakinen «jatorria, kontsumoa, kutsadura, negozioa…» nolakoak diren plazatu nahi du, eta «hondakinak biltzeko eta saltzeko zikloan emakumeen egoera zein den» erakutsi, «sistema kapitalista eta patriarkaleko biktimak direlako berriro».
Gaur jarri dute ikusgai irudi bilduma, eta apirilaren 15era arte bisitatu ahal izango da Donostiako EHUko aretoan. Aste barruan ikus daiteke, 8.30etik 20.30era arte.