
Liburutegien inguruan hausnartu eta egoera ezberdinak ezagutzeko solasaldia prestatu du Debako Liburutegia Denontzat taldeak martxoaren 28rako herriko Kultur Elkartzean.
Aurreratu dutenez, liburutegi eredu ezberdinak ezagutzea eta hausnarketa bultzatzea dira hitzorduaren bi helburu nagusiak. Eztabaida horretan, liburutegiek izan duten aldaketak eta izan ditzaketen aldaketa berriak izango dira gogoetaren protagonistak.
Era berean, liburutegiek betetzen duten funtzioa, zerbitzu publiko horien espazioaren antolaketa, materiala, ekintzak eta tailerrak, eskolarekin duten harremana eta izan ohi diren zailtasunak landu nahi dituzte.
Solasaldian, Markinako, Getariko, Arrasateko eta Elgetako udal liburutegietako liburuzainek parte hartuko dute, Oñatiko zerbitzuko zuzendariaren gidaritzapean.
2023an sortua, Debako Liburutegiko arautegia aldatzeko sortu zen Liburutegia Denontzat taldea, «ume eta zaintzaileak diskriminatzen» dituela azalduz.
Adinarekin lotutako mugak ezabatzea
Izan ere, hainbat eskari finkatu dituzte horren inguruan: «liburutegiko erabiltzaile izateko mugarik ez ezartzea», 0 urtetik aurrerako umeek liburutegian egoteko aukera izan dezaten; «liburutegiaren ordutegia eta erabiltzaileen ordutegia berdina izatea, adin diskriminaziorik gabe», eta umeen kotxeei dagokionez malgutasunez jokatzea, beti ez delako pilaketarik izaten «eta ume txikiek eta haien zaintzaileek premia daukatelako hainbatetan, esate baterako umea bere kabuz ez badabil, kotxean lo badago...».
Bide horretan, Lakuako Gobernuko Liburutegi Zerbitzura jo dute 130 herritarrek sinatutako gutun baten bidez, «non bitartekari lana egiteko eta gomendioak emateko eskaera egiten genion», azaldu dute ohar batean.
Plazaratutako aldarrikapenen aldeko ekimenak 500 sinadura utzi zituen 2024an Debako Udalaren eskuetan. Gogoratu dutenez, Arartekora eta Emakundera ere jo dute. Emandako erantzunaren inguruan zehaztu dute Arartekoak adierazi zuela «ez dagoela lege urraketarik Debako liburutegiko arautegian eta Debako Udalak duela arautegia egiteko eskumena» eta Emakunderen kasuan, «ekimen pribatuko entitateen kasuan bakarrik jarduten» dutela erantzun zien.
Hausnarketa planari ekin dio orain taldeak, eta lehen hitzordua da martxoaren 28koa, 19.00etan. Aurrez, poltsen salmenta eta mokadutxoa egongo dira, eta umeen zaintza zerbitzua ere eskainiko dute.