AFP

Gerard Depardieu aktorea epaitzen ari dira aste honetan

Sexu eraso, jazarpen eta jarrera sexistak leporatzen dizkiote bi emakumek Gerard Depardieu 76 urteko aktoreari. ‘Les Volets Verts’ filmaren grabaketan zehar gertatu omen ziren sexu abusuak, 2021 urtean. Auzia urrian hastekoa bazen ere, astelehenean hasi zen azkenean.

2021ean bi emakumeri ustez egindako sexu-erasoengatik Gerard Depardieu zinearen izarraren aurkako epaiketa astelehen honetan hasi zen Parisen, tentsio handiko giro batean. Defentsako Jeremie Assous abokatuak aktorearen aurkako konplot bat salatu zuen.

Depardieu oinez sartu zen Parisko Auzitegi Korrekzionalera, bere abokatuaren laguntzarekin, epaiketa bost hilabetez atzeratu ostean, osasun arazoak zirela eta.

Epaileen aurrean, Assousek alegatu luze batekin prozesua bertan behera uztea defendatu zuen fiskalaren «metodo estalinistak» kritikatuz. Behin baino gehiagotan ahotsa altxatuz, abokatuak hatzaz apuntatu zituen bai demandatzaileak bai kazetariak, konspirazio bat salatzeko asmoz.

Depardieuk 200 film eta telesail baino gehiago filmatu ditu, eta Estatu frantsesean #MeToo mugimenduaren baitan justiziari aurre egin behar izan dion figurarik handiena da. 5 urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna eskatzen dute berarentzat. 

Dozenaka feministek, batzuek txaleko moreak zeramatzatela, «Sinesten dizuegu» eta  «Bortxaketaren kulturari ez» zioten pankartak jarri zituzten auzitegiaren atarian.

Epaitutako gertakariak Jean Becker zuzendariaren ‘Les Volets Verts’ filma grabatzen ari zirela gertatu ziren, 2021ean. 54 urteko dekoratzaile batek eta 34 urteko zuzendaritza-laguntzaile batek sexu eraso, jazarpen eta jarrera sexistak leporatu dizkiote.

«Egin duenaz ez dago inolako zalantzarik», esan zuen Anouk Grinbergek, filmeko aktoreetako batek, justiziari aktorea «zigortzeko» eskatuz, «zigorgabetasuna jasanezina delako». Lehen egunean, aretotik bota zuten, defentsaren alegatuei ozen erantzuteagatik.

Hamarnaka emakumek salatu dute Depardieu antzerako jarrerengatik, baina gehienak baztertuak izan dira aspaldian gertatu zirelako. Salaketa jarri zuen lehena Charlottte Arnould aktorea izan zen.