
Duela urtebete itsasontzi batek Baltimoreko (Maryland, AEB) zubirik luzeenaren kontra, Francis Scott Key zubia, talka egin zuen eta hau erori egin zen. 1977an inauguratua, 2.632,3 metroko luzera zuen eta urtero bertatik 12 milioi bidaiari pasatzen ziren.
Singapurreko bandera zuen Dali izeneko kargaontzia Baltimoreko portutik atera zen goizaldeko 1.00ak aldera. Ordu erdi beranduago, ontziak arazoak zituela jakinarazi zion portuko agintaritzari, zubiaren azpitik pasatzear zegoela, eta jarraian zubiaren zutabe batekin talka egin zuen.
Motorra indarrik gabe gelditu zela adierazi zuten eta ontzia noraezean zihoala, korronteari jarraituz. Abisua eman ostean, zubiko trafikoa mozteko agindua eman zuten eta hala egin zen, baina zubia hain zen luzea eta istripua hain azkar gertatu zen, bertan zortzi ibilgailu harrapatu zituela, eta Patapsco ibaira erori ziren. Zubiaren mantentze lanetan ari ziren sei langile ere uretara erori ziren eta hauek desagertu egin ziren. Ontziko eskifaiako 22 kideak onik atera ziren.
Zubia hiriarentzako oso garrantzitsua zenez, berriro eraikitzea erabaki zuten. 1.900 milioi dolarreko aurrekontuarekin, obrak 2028. urtean amaitzea espero dute. Zubiak diseinu berria izango du, eta altuagoa eta indartsuagoa izango da, gertatu zena berriro gertatu ez dadin.