
'Kaixo, Frida!' animaziozko filma estreinatuko da Hego Euskal herriko hainbat zinema aretotan bihar, martxoaren 28an, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratutako film kanadarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.
Zinema Euskaraz programa sustatzen duen Zineuskadi elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, egitasmoaren barruan aurten aurkeztuko den laugarren filma da ‘Kaixo, Frida!’ eta Frida Kahlo artista mexikarraren haurtzarora bidaiatzea proposatzen du.
Sinopsiak era honetara deskribatzen du zinemetara heltzen den istorioa: «Fridha Kahlo neskato bakarti eta grinatsuaren istorioa da hau. Coyoacan koloretsu eta zirraragarrian hazi da, Mexikon, eta bere jakingurak ez du mugarik. Inguruan duen guztian aurkitzen du inspirazioa; naturan edo artean, adibidez. Bizitzak zailtasunak dakarzkionean, Fridak irudimen ikaragarriarekin egiten die aurre, eta mina sormen bihurtzen du».
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programak, eta haur zein gazteei zuzendutako filmen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzeko asmoz.
Minecraft, hurrengoa agendan
Datozen hilabeteetan beste bi film eskainiko dira Zinema Euskaraz programaren barruan. Aurreratu dutenez, ‘Minecraft film bat’ izango da hurrengoa pantailetara heltzen, apirilaren 4an; eta maiatzaren 2an estreinatuko da bikoiztutako hurrengoa: 'Kayara, inka gerlaria'.