Etorkizuna bihar da
Modan omen dago etorkizuna, sinesmenak edo sineskeriak erortzen ari direnean modan jartzeko moduko kontzeptua da, hiru dimentsioko betaurrekoekin merke xamar erostekoa. Gure belaunaldiak «No Future» entzun bitartean aditu behar izan du etorkizuna geu ginela baieztatzen duen berunezko ardura; hipotetikoan emandako ardura dela zehaztu beharra dago, bide batez, beti omen baita goizegi unearen ardura hartzeko. Amorrarazi izan nau etorkizunaren eta ia hogeita hamarrak beteta ere «neska gazte promesa» izatearen tranpak, horretan ere beti goizegi, beti ez oso, eta batzuen begietara gorputza iraungitzen zaizunean, jada ez dago scincare errutina eraginkorrik.
Etorkizuna irudikatzea modan dago gaurkoan, telesail distopikoak eta (ia) edozer egiten duten neonezko makinak; etorkizunak eta ilunak ez dute alferrik errimatzen. Garai likido eta heldulekurik gabeko honetan, Garazi Arrularen “Lurraz Beste” liburuak egin dit oihartzun azken astean, garai bateko ziurtasunak erauzi ondoren nola ari garen heldulekuen bila, zein helduleku geratzen zaigun fedeak galdu direnean. Eta azaleko kaktus berdera itzuli naiz asteon zer suma, lehen orrialdeko Natalia Ginzburgen aipuak honela dio: «Gure belaunaldia gizakien belaunaldi bat da. Ez da azerien edo otsoen belaunaldi bat. Gutako bakoitzak gogo onez bermatuko luke burua nonbait, gustura edukiko luke gordeleku txiki lehor eta epel bat. Baina ez dago bakerik gizakien umeentzat. Garai bateko ziurtasun oro erauzi egin ziguten, eta fedea ez da sekula izan gainean lokartzeko moduko zerbait».
Etorkizun ukigarri bat usaintzea izan daiteke helduleku bat, proiekzio bat egitearen ahaleginak eraman gaitzake leku desiragarri bezain ilusionagarri batera. Etorkizuna ez da unibertsala, ordea, eta hori ere gogoratu beharra dago, erabat baldintzatuta dago, besteak beste, kulturaren, generoaren edota herrialdearen araberakoa da. Eta baldintzapen horiekin guztiekin etorkizun bat proiektatzeko gaitasunik ba ote du gure herriak?
Esango nuke beirazko bulego zurietan nekez jartzen dela irudimena martxan, eta herria martxan jartzeko, aldiz, irudimenaren beharrean gaudela. Etorkizuneko Euskal Herria proiektatu beharrean gaude aurrera joan nahi badugu; guk irudikatu ezean, beste batzuek erabakiko dutelako zer izango garen. Esango nuke ariketa bat dugula egiteke, plan estrategikoak beharrezkoak dira, baina jauzi bat eman behar dugu iruditegi eta etorkizun hurbila izango den eszenatoki hori marraztera bidean, bihotza trostan sumatzeraino.
Zazpi lurraldeetan sustraitua izango den, hezur-haragizko herritarrak eta harremanak izango dituen, gure iraganari uko egingo ez dion eta euskara erdigunean jarriagatik beste hizkuntzekin dantzan dabilen Euskal Herria ikusi nahi nuke. Feminismoan urratsak egiten ari dena, elkarri entzun eta denei lekua egiten diena. Etxe orratzek eta baserriek elkar ulertuko dutena, kultura presente egongo dena. Gatazkak eta kontraesanak dituen herri bat irudikatu nahiko nuke, horiek gabe ez dagoelako markatutako bidetik kanpo aurrera egiterik. Badugu imajinario partekaturik?
Aberria iraganaren eta etorkizunaren arteko horretan eraikitzen omen da, asteon aurkeztu du Euskal Herria Batera ekimenak apirilaren 11n ospatuko den Aberri Egun bateratuko irudia. Komunitate bakoitzaren berrespenak beharrezkoak dira ilusioa hedatzeko, baina etorkizuneko Euskal Herri bat oholtzan ikusteko aukera polita izan daiteke Kursaalekoa. •