Lanak eta lanak «Uko Handia»-ren garaiotan
Hautsak harrotu ditu ezinbestean Larraitz Ugartek orriotan duela hilabete eginiko hausnarketak. Beharrezko, zintzo eta ausarta iruditu zait artikulua, gaur egungo korapilo nagusietako bati heldu diolako. Izan ere, ezaugarritu duen egoerak Euskal Herriaren etorkizunari bete-betean eragiten dio, eta jada azpitik gatazka ugari sortzen ari dela sumatzen dut. Ez ikusiarena egitea ez da, horregatik, ariketa arduratsuena. Bejondeiola eztabaidari abiapuntua jarri dionari.
Hauts horietatik asko titularretik datozela antzematen da jasotako erantzunetan. Motozerraren aipamena nolabait asmo probokatzailez (positiboki ulertuta) egina zela ulertu nion egileari lerroburutik bertatik, eta ondorioz ez nioke larritasun handiagorik emango. Horren gainetik, apaltasun osoz eta eztabaida gorpuzten segitzeko gogoz, ñabardura bat erantsiko nioke hausnarketari: eremu publikotik haratago ematen da artikuluan azaldutakoa, dudarik ez.
Egokiagoa litzakete beharbada publiko-pribatuaren arteko dikotomia baztertu eta beste bat erabiltzea: lan «alienantea» (Marxen terminologia erabiliz) eta lan «militantea»-ren artekoa. Izan ere, ez da gauza bera multinazional urrutiratu bateko lantegi baten produkzio-katean jardutea, etekin partikularraren mesedera labur esanda, edo hemengo erietxe, ikastetxe, zahar-etxe, erakunde, elkarte (edo hedabide)… batean aritzea, herri eraikuntzaren edo gizarte eraldaketaren alorrean, nolabait definitzeagatik. Lan «alienanteek» eta «militanteek» beren barnean dakartzaten erantzukizun mailak ez direla berdinak uste dut. Ez lirateke izan beharko.
Hala ere, ikusten ari gara AEBetan “Dimisio Handia” edo “Uko Handia” deitu zuten fenomeno hura berdintsu zabaltzen ari dela batean eta bestean, tamalez, gero eta gehiago. Bi lekukotasun interesgarri argitaratu ditugu azken egunetan, auzi honen adierazgarri direnak: Iratxe Etxebarriarena eta Ana Geraniosena. Ondorioak antzeko samarrak dira, baina lanak ez. Asmo eraldatzaile bati begira, “Uko Handia” ez da kezkagarria lan alineantearen esparruan gertatzen denean; are gehiago, emankorra izan daiteke, iraultzailea.
Ezin zitekeela aurretik iragarri uste dut, baina talka armatu gordinak ezaugarritutako aro baten bukaerak, onura eta abantaila asko ekarri dituen bezala, zenbait baloreren gainbehera, galera ez bada, ere eragin du. “Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten” leloa izan zen euskal iparrorratza hamarkada askotan. Ziklo aldaketa iritsita, irizpidea fribolizatzeari ekin zitzaion laster, eta orain, ahazteko bidean ez ote den galdetzea ez dago soberan.
Funtsezko baloreak aipatu direlarik, gure hedabideen alde egin dugun kanpainan Jose Mujicaren adierazpen xume hau erabili dugu: «Garaituak, besoak jaisten dituztenak baino ez dira». Eta 7K-n urtarrilean eginiko elkarrizketa luzean honako hau bota zuen Arnaldo Otegik: «Konpromiso militanterik gabeko bizitza ulertzen ez duen pertsona naiz, horrek ematen baitio zentzua bizitzari». Beren sinpletasunean asko adierazten duten esaldiak dira. Erreferentzia moralen faltarik ez dugu garai nahasi hauetan. Baina beharbada Mujica edota Otegi gehiegi goraipatzen ditugu eta gutxiegi egiten diegu kasu. •