
‘Gazte Sortzaileak’ Gasteizko beka programak izena emateko epea ireki du asteburuan. 16 eta 35 urte bitarteko gazteek garatutako euskarazko kultur sorkuntzarako proposamenak aukeratuko dira, 4.000 eurorainoko aholkularitza eta laguntza ekonomikoarekin. Gasteizko Udalak 18.000 euroko aurrekontua bideratuko du programara.
Uztailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektu artistikoak euskaraz. Irabazleek sei hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko, esleipena onartzen dutenetik zenbatzen hasita. Horretarako, aholkularitza profesionala eta 4.000 euro arteko laguntza izango dute. Proiektuen jarraipena Udaleko Euskara eta Gazteria Zerbitzuek egingo dute.
Ekimenak euskarazko kultur sorkuntza sustatzea du helburu, eta batera, «talentua garatzeko» aholkularitza profesionala eta laguntza ekonomikoa eskaintzea.
«Udaleko Euskara eta Gazteria Zerbitzuetatik, proposamenen originaltasuna baloratzen dugu eta parte hartzaileei laguntzen diegu haien ideia errealitate bihurtzen. Gainera, beren lanak jendaurrean erakusteko aukera ematen diegu», azaldu dute udal ordezkariek.
Eskatzailearen adinaren arabera, bi deialdi-kategoria daude. Lehenengoa 16 eta 24 urte bitarteko gazteentzat eta bestea 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Interesatuak banaka edo taldeka aurkez daitezke programara.
Ahozko adierazpenarekin lotuta
Proiektuek lotura estua izan behar dute ahozko adierazpenarekin, eta euskarazko kulturari laguntzea izan behar dute helburu. Hainbat modalitatetakoak izan daitezke, hala nola antzerkia, musika, bakarrizketa, poesia errezitaldia, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak edo genero bat baino gehiago uztartzen dituztenak. Udalak adierazi du formatu txikiko jarduerei emango zaiela lehentasuna.
Parte hartzaileek Gasteizen edo Araban erroldatuta egon beharko dute, eta proposamenak San Martingo Bulego Teknikoetan (Erregistro Orokorra), gizarte-etxeetako Herritarren Arretarako Bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dituzte. 18 urtetik beherakoek gurasoen edo legezko tutorearen baimena behar dute.
‘Gazte Sortzaileak’ ekimenaren azken edizioan 15 gaztek hartu zuten parte, eta 11 proiektu aurkeztu zituzten. Irabazleek apirilaren amaieratik irailera bitartean aurkeztuko dituzte beren proposamenak Arabako hainbat tokitan.
Iazko proiektu irabazleen artean, Maitane Jauregik ‘Bazen Behin Nerd Bat’ kulturari buruzko podcasta argitaratuko du apirilaren 25ean; Shuyana Itxaso Izagak, Marta Villalvak eta Amalur Noemi Izagak ‘Gure ondarea’ ikuskizuna estreinatuko dute maiatzaren 23an Murgiako Villa Jesusa parkean; Izaskun Arrue Kulturguneak ‘Pottoki Pot’ fikziozko film laburra aurkeztuko du ekainean, Iker Aguirre Vea-Murgiaren eskutik, eta Mikel Sanchez eta Ariana Racen ‘Araba, lehen alaba’ dokumental etnografikoa, irailean.