
Bilboko Azkue Fundazioaren bitartez Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Euskararen Etxea interpretazio zentroak 2025eko Europako Museo Onenaren Saria jaso du astelehen honetan Estrasburgon, Europako Kontseiluko Kongresu Parlamentarioko Kultura Batzordeak antolatutako ekitaldian.
Konstantinos Efstathiou batzordeko presidenteak Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiari, Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendariari eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuari eman die saria.
Bizkaiko Foru Aldunditik azaldu dutenez, 1977az geroztik, Europako Kontseiluaren Museoa Saria urtero ematen zaio museo bati, honako irizpide hauek kontuan hartuta: Europako kultura-ondarearen ulertzea, giza eskubideen eta demokraziaren errespetuaren sustatzea, kultura-zubiak sortzea, muga sozial eta politikoak gainditzea, bisitariek egungo gizarte-arazoei buruz duten ezagutza eta ulermena handitzea eta herritartasun demokratikoaren ideiak aztertzen nabarmen laguntzea.
Saria eman ondoren, Europako Kontseiluko Kultura, Zientzia eta Hezkuntza Batzordean parte hartzera gonbidatu dute Elixabete Etxanobe. Bertan, «Europako Museorik onenaren saria jasotzea poz handia» dela esan ondoren, euskara ez dela «museoaren pieza bat» ohartarazi du.
«Euskara hizkuntza bizia da hiztunen eta euskal gizartearen inplikazioari eta konpromisoari esker. Horregatik, sari hau euskal gizarte osoarentzako errekonozimendua da, guztiontzat, lanean jarraitzera bultzatzen gaituena», adierazi du.
Belaunaldien artekoa
Batzorde horretan bertan, Acasusok azaldu du Euskararen Etxea «zentro txiki baina dinamikoa» dela, belaunaldien arteko jarduerak bultzatzen dituena, eta «lotura sozialak» eta «komunitate sendoagoa» sortzen dituena.
Nabarmendu duenez, «gure hizkuntza milaka urtekoa eta aldi berean gaztea dela islatu nahi izan» du Euskararen Etxeak, «bizi izan duen garai bakoitzari egokitzen jakin izan» duena. «Gizarte gisa euskararen ispiluan islatuta ikusten dugu geure burua», ziurtatu du.