
Laudioko Udalak haurrentzako euskarazko zinema zikloa antolatu du apirilaren 22tik 26ra. Bost egun horietan zehar eskainiko dituen filmak 18.00etatik aurrera proiektatuko dira, Kasinoan.
Laudioko Udalak (Araba) haurrentzako euskarazko zinema zikloa antolatu du apirilaren 22tik 26ra, 18:00etatik aurrera, Kasinoan. Hurrengo egunetako oporraldiari begira, aisialdiaz «beste era batera disfrutatzeko aukera da Zinemaldia», azaldu du Sonia Respaldiza Kultura zinegotziak.
Ohar batean azaldu duenez, ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ izango da proiektatuko den lehen filma.
Bigarren saioa apirilaren 23an izango da, ‘Klara eta hazi magikoen misterioa’ filmaren proiekzioarekin; eta hirugarrena, apirilaren 24an, ‘Tony, Shelly eta argi magikoa’, biak 6 urtetik gorakoentzat.
Txotxongilo tailerra
Hurrengo egunean, filma proiektatu aurretik, 4 urtetik gorako haurrek txotxongilo tailerra izango dute Lamuzako liburutegian, 17.00etan, eta, ordubete geroago, 8 urtetik beherakoek ‘Basatiak’ filmaz gozatzeko aukera izango dute. Jaialdia apirilaren 26an amaituko da ‘Zentral parkeko heroiak’ filmarekin.
Txikienentzat zinema da oporretako plater nagusia, baina Udalak iragarritakoaren arabera, gazte eta nerabe laudioarrek ere ekitaldiak izango dituzte ‘Udaberrilekuak’ programan, eta arratsaldean, «Gaztelekua euren eskura izango dute».
Ildo horretan, jakinarazi du zerbitzua apirilaren 22tik 25era bitartean emango dela, ohiko ordutegian: 17.00etatik 20.00etara, ostegun, igande eta jaiegunetan; eta 17.00etatik 21.00etara, ostiral eta larunbatetan.