GAUR8

Gaur urte bete hil zen Jose Antonio Ardanza

Jose Antonio Ardanza, frankismo osteko bigarren lehendakaria izan zena, 82 urterekin hil zen duela urte bete. 1985tik 1999ra EAEko lehendakari izan zen eta, beraz, urte zurrunbilotsu haietako politika lehen lerroan bizi izan zuen.

Jose Antonio Ardanza, 2014ko irudi batean.
Jose Antonio Ardanza, 2014ko irudi batean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gaur bete da Jose Antonio Ardanza frankismoaren ondoko bigarren lehendakaria izan zenaren heriotzaren lehen urteurrena. 1941eko ekainaren 10ean Elorrion jaioa, EAJren jarraitzaile izan zen gaztetatik, eta Lan Kide Aurrezkian lan egin zuen lege alholkulari gisa 1979an Arrasateko alkate izendatu zuten arte.

Lau urte geroago, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautatuta, lurralde horretako ahaldun nagusi izan zen, eta 1985ean, EAJren eta EAren arteko zatiketa izan eta Carlos Garaikoetxeak Lehendakaritza utzi zuenean, bera izendatu zuten lehendakari.

1986ko hauteskundeetan, Lehendakaritzarako hautagai aurkeztu zuen bere alderdiak eta honek boto gehien lortu bazituen ere, PSEk eserleku gehiago eskuratu zituen, 19 hain zuzen. Hala ere, jeltzaleen 17 eserlekuek akordio baterako baliatu eta Ardanzak lehendakari karguari eutsi zion. Orain artean Lehendakaritzan gehien iraun duen agintaria izan da, eta EAJko sektore «moderatu eta autonomistakoa» izateak EAJren eta PSEren arteko gobernu koalizioak urte askoan irautea erraztu zuen.

Haren agintaldiak gatazka politikoaren adierazpen armatuak eta Estatuen errepresioak baldintzatuta egon ziren, eta bere Gobernuak zenbait eskuduntza lortu zituen, hala nola Ertzaintzaren hedapena. 1988an EAJk ‘Arriagako espiritua’ delakoari ekin zion, «Espainian eroso» egoteko norabidean, eta urte berean Ardanzak Ajuria Eneko Ituna sustatu zuen, ETAren aurkako alderdi-fronte bat, ezker abertzalea baztertuta eta etsai gisa seinalatuta.